Lezoarrei zuzenduriko gomendio eta eskakizunak

Koronabirusak eragindako larrialdi zein konfinamendu egoeraren aurrean, Lezoko Udalak hainbat gomendio eta eskakizun helarazi dizkie herritarrei pandemiari ahalik eta azkarren aurre egiteko eta bereziki, guztion osasuna eta ongizatea bermatzeko.

  1. Etxean geratu: osasun larrialdi egoera honen aurrean, ezinbestekoa da etxean geratzea eta irtenaldiak ahal bezain beste mugatzea. Soilik beharrezkoa den kasuetan irten kalera. erosketak egiteko edota farmaziara joateko, hain zuzen. Zure burua zainduz, gainerakoena ere zaintzen duzu.
  2. Nahikoa da erosketak astean behin egitearekin. Hartu soilik beharrezkoa dena.
  3. Kalera ateratzean arduratsua izan: ez gelditu kalean hitz egiten, segurtasun neurriak eta distantziak mantendu eta babes neurriak hartu.
  4. Txakurra izanez gero, etxe inguruan atera. Ez erabili txakurraren irtenaldia paseotxo bat emateko.
  5. Arauak errespetatu: udaltzain zein ertzainek emandako aginduak jarraitu eta ezarritako arauak bete, egoera honetan ere bizikidetza bermatzeko. Aipatu biak herritarrei laguntza eskaintzeko eta arauak bete arazteko lanean daude, herriko kaleak zaintzeaz haratago, saltokietan edota garraio publikoetan egon daitezkeen jende pilaketak bideratuz.
  6. Laguntza eskatu: arazoren bat izanez gero edo laguntza behar izango bazenu, deitu 943 524 650 telefonora.
  7. Boluntario gisa lanak egin nahi baduzu eta zure ingurukoei laguntza eskaini nahi badiezu, deitu 943 524 650 telefonora.

Era berean, Lezoko Udalak, Eusko Jaurlaritzako aholkuei jarraiki, ondorengo gomendioak helarazten dizkie herritarrei norberaren ongizatea bermatzeko:

  1. Eskuak sarritan garbitu: ur eta xaboiarekin maiztasunez garbitu. Horrelakorik eskura ez baduzu, erabili del antiseptikoak.
  2. Eztul edo doministiku egitean estali ahoa ukondoarekin edo zapi batekin: bota zapia eta garbitu beste behin eskuak ur eta xaboiarekin edota alkohol oinarria duen eskuetako desinfektatzaile batekin.
  3. Mantendu gutxienez metro bateko tartea doministiku edo eztula egiten duten edo sukarra duten pertsonengandik.
  4. Ez ukitu begiak, ahoa edota sudurra.
  5. Etxean edo leku publikoetan eskuekin ukitzen diren gainazalen garbiketa areagotu. 

Lezoko Udalak egoera honi aurre egiteko elkartasunari dei egiten dio eta herritarrei orain arte bezala neurriak eta arauak errespetatzen jarraitzeko eskatzen die, Koronabirusari eta larrialdi egoerari guztien artean, elkarrekin aurre egiteko.

Koronabirusaren inguruan Udalak helarazitako ohar edota abisu guztiak hemen: http://lezo.eus/eu/koronabirusa