Negu kulturala ekintzez josita dator

Ar, 2016-12-20 10:47

Urtarriletik martxora bitartean 20 jarduera baino gehiago izango dira Lezon, horietako asko, etxeko txikienentzat. Lagunekin eta familian gozatzeko egitarau zabala antolatu da: antzerkiak, kontzertuak, txotxongiloak, literatur solasaldiak, inauteriak…

Irailean aurreratu modura, aurrerantzean hiru hilean behin aurkeztuko dira kultur egitarau bateratuak (Kultur Saila, Liburutegia eta Musika Eskola) eta gaurkoan beraz,  Negu kulturala izenpean aurkeztu da urtarriletik martxora bitarteko kultur egitaraua, helburu hartuta kultur ekintzei eta orohar egitarauari indarra ematea.

Lagunekin eta familian gozatzeko egitarau oparo eta zabala antolatu du Udalak negu sasoirako. Egitarau berriak 20 jarduera inguru biltzen ditu.

Etxeko txikienentzat ere neguko agenda kulturala ekintzez betea dator, besteak beste, urtarrilaren 5ean eguerdiko 12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek Tipi-tapa, korrika ikuskizuna eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian. Sarrerek  8 euro balio dute eta hiru urtetik gorakoek sarrera beharko dute; horiek Bekoerrota kiroldegian, Altzate igerilekuan, Kultura saileko bulegoan, 8:30-14:00 bitarteko ordutegian eta Xenpelar kultur zentroan, Oreretan, eskuratu daitezke. Aldez aurretiko salmentan sarrera guztiak salduko ez balira, egunean bertan takilan jarriko dira salgai 11:00etatik aurrera. Kiroldegiaren ateak 11:30ean irekiko dira.

Urtarrilaren 20an, ipuinak, antzerkia eta txotxongiloak nahasten dituen Ganbaran ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek. Otsailaren 10ean berriz, Pantzart antzerki taldeak Kolorez kolore emanaldia eskainiko du. Martxoaren 3an, Eidabe Ekimen kulturalak Baserrian amets antzezlana eskainiko du. Honekin hiru eta sei urte bitarteko haurrei gure elikagaien jatorria erakutsi nahi zaie. Samurtasunez, gainera, ume baten eta bere amonaren istorio honetan musika eta antzerki jolasa nahastuko dira. Amaitzeko, Pantzart taldearen eskutik, Boli Bili Boli txotxongilo ikuskizuna izango da martxoaren 17an.
Jarraian datozen hiru hilabetetarako antolatu diren jarduerarik esanguratsuenak:

Urtarrila

Hilaren 15ean, Hika Antzerki taldeak Koadernoa zuri ikuskizuna eskainiko du. 21ean aldiz, ohiko Kantujira saioa burutuko da Lezoko kaleetan zehar. 29an, Paula Quintanak zuzenduriko Amarga Dulce antzerki eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango dute lezoarrek. Urtarrilari amaiera emateko, urteko lehen gaztelerazko literatur solasaldia egingo da 31ean Udal liburutegian David Foenkinos La delicadeza obrari buruz. Saioa, Javier Minak dinamizatuko du.

Otsaila

Inauteriak barne, otsaila ekintzez beteta datorkigu. Otsailaren 4ean Santa Ageda eguna ospatuko da kalejira eginez. 11ean bertso afaria egingo da, 16an piano audizioak eskainiko dira eta 18an urteko bigarren Kantujira saioa ospatuko da. Otsailaren 22an euskarazko urteko lehen literatur solasaldia egingo da Janne Tellerren Ezer ez liburuaren inguruan. Saio hau Ane Mayozek gidatuko du. Otsailaren 23tik 28ra Lezo inauterietan murgilduko da, mozorro, kalejira eta trapujaleren jaitsiera eta festarekin, besteak beste. Tartean, baina, umorea eta musika uztartzen dituen Putinen guardasola antzerki obra eskainiko da, otsailaren 26an.

Martxoa

Hilaren 5ean Javier Muguruzak  Tonetti Anaiak diskoa aurkezteko kontzertua emango du Lezon. Martxoaren 17an gaztelerazko literatur solasaldia egingo da udal liburutegian, Sándor Márai-en El último encuentro liburuaz mintzatuko dira solaskideak. Hurrengo egunean, martxoaren 18an, Kantujirak hartuko ditu Lezoko kaleak. Martxoaren 19an Barro Rojo antzerki obra ikusgai izango dute herritarrek eta urtero legez, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolak antolatutako Lesoinu aste musikala ospatuko da martxoaren 24-31 bitartean.

Guztiak sakontasunean ezagutu eta ekintza bakoitzaren informazioa jasotzeko jo lezo.eus webgunera, APP berrira edota KulturKlik webgunera.

 

 

 

Arloa edo saila