2018KO IRAILAK 27

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2018ko irailaren 27an, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira bilerara etorri Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea) eta Ainhoa Zabalo Loiarte (EHBILDU udal taldea)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik. Bilkuran da ere udal kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. 2018ko uztailaren 26ean ohiko izaerarekin egindako bileraren akta onartzea (2018ID200004).

Akta inolako aldaketarik gabe onartu da.

2. Kale garbiketa zerbitzuaren kontratuko 1.go aldaketa onartzeko diktamena (2016ID170010).


UTE LEZO GARBIKETA 2018 enpresari 2018-2022 urte bitarteko kale garbiketa zerbitzua esleitu zitzaion 2018ko martxoaren 26an eta kontratua indarrean 2018ko apirilaren 1ean sartu zen.

Aipatu enpresak esleipenean aurkeztu zuen memoria teknikoan ondorengoak adierazten zituen:

  • Zerbitzua 7 langilerekin gauzatzea proposatzen zuen enpresak. Astelehenetik ostiralera 5 langilerekin gauzatzea proposatzen zuen. Larunbat, igande eta jaiegunetan zerbitzua 4 langilerekin (jornada erdira kontrataturiko lau langilerekin) gauzatzea proposatzen zuen. Bestetik, memoria teknikoan “correturnos” moduak duen arrakastagatik honen inplantazioa ere azter zitekeela proposatzen zuten.
  • Bitartekari materialei dagokionez Hako City Master 1200 kale garbitzaile mekanikoa eta Tenax Max wind esku kale garbitzaile mekanikoaren hornidura proposatzen ziren.

    2018ko uztailaren 30ean Ute Lezo Garbiketa 2018 enpresak Lezoko udal erregistroan esleitutako kale garbiketa zerbitzuaren aldaketen proposamena erregistratu du 1.900 zenbakiarekin.

    Kontratu berria apirilaren 1ean hasi zenetik, langileak beren lanpostuak mantentzearren eta kaleratzeak ekiditearren enpresarekin negoziazioetan aritu dira. Langileak Lezoko udal erregistroan ere beraien eskaeren berri eta bere proposamenen berri eman zuten.

    Aipatutakoen harira Ute Lezo Garbiketa 2018 enpresak ondorengoak proposatzen ditu:
  • Esleipenean aurkezturiko memoria teknikoan adierazi bezala kale garbiketa zerbitzua %100 ra kontratatuak diren 7 langilerekin gauzatzea proposatzen dute “ correturnos “ modura antolatuta. Hau da, astelehenetik ostiralera zerbitzua 5 edo 6 langilerekin eta larunbatetan 3 langilerekin gauzatzea proposatzen dute. Astelehenetik larunbatera ordutegia goizeko 7:00 etatik 13:48 ra izango litzateke eta langileak goizeko 10:15 etan 20 minutuko geldialdia egingo dutelarik.
  • Igande eta jaiegunetan zerbitzua 2 edo hiru langilerekin gauzatzea proposatzen dute goizeko 7:00 etatik eguardiko 12:00 etako ordutegiarekin eta geldialdirik gabe.
  • Baliabide materialei dagokionez esleipenean aurkezturiko memoria teknikoan adierazitako Hako City Master 1200 kale garbitzaile mekanikoa eta Tenax Max Wind esku kale garbitzaile mekanikoa erosi beharrean, kale garbitzaile Schmidt 2000 erostea proposatzen dute.

    Ute Lezo Garbiketa 2018 enpresak aurkezturiko aldaketen proposamenen aurrean udal teknikariak ondorengoak aipatu ditu:
  • Proposaturiko langileen egutegi eta ordutegien aldaketak kale garbiketa zerbitzuaren eraginkortasunean eraginik ez du izango. Izan ere, igande eta jaiegunetan garbitzaileen ordutegia murritzagoa izan arren, sei astetik behin astelehenetik ostiral bitartean bost kale garbitzaile izan beharrean sei izango dira. Seigarren kale garbitzaile horrekin asteburuetan aurreikusita zen industri eremuen garbiketa indartuko da.
  • Proposaturiko aldaketarekin gaur egun diren zortzi langileetatik zazpi langileren lanpostua %100 ean mantentzea bermatzen da. Aldaketa hauek onartu ezean, zortzi langileetatik hiruri jornada erdiko kontratua egin beharko litzaioke eta kanpotik beste langile bat kontratatu beharko litzateke zerbitzua osatzeko falta den jornada erdia gauzatzeko. Beraz, langileen egoera egonkortzeko aldaketen proposamena onartzeak abantailak besterik ez ditu.
  • Baliabide materialei dagokionez, Ute Lezo Garbiketa 2018 enpresak eginiko eskaintza ekonomikoan Hako City Master kale garbitzailearen erosketa 68.400 € tan baloratu zen eta Tenax Max Wind esku kale garbitzaile mekanikoa 18.000 € tan. Hako City Master kale garbitzaileak abantaila bezala bere txikitasunagatik gune gehiagotara iritsi daitekeela izanda ere, Lezoko herri gunea garbitzeko edukiera txikiegia duela( 1,2 m3 ) eta edukiera handiagoa duen Schmidt 2000 ( 2 m3 ) erostea proposatzen da. Edukiera handiagoa duen kale garbigailuarekin denbora gutxiago galduko da garbigailua uzten eta garbiketan eraginkortasuna irabaziko da. Proposatzen duten garbigailuaren kostua memoria teknikoan aurkeztu zuten bi garbigailuen baturaren salneurria baina handiagoa izan arren, aldaketak ez du kontratuaren salneurrian eraginik izango.

    Eskaera eta dagokion txosten teknikoa aztertu ondoren, Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktamenarekin, aldeko sei botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko zinegotzienak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta bost abstentzioekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) osoko bilkurak ondorengoa ERABAKI DU:

    BAT: UTE LEZO GARBIKETA 2018 enpresak aurkezturiko aldaketa proposamenak onartzea.

    Mikel Arrutik abstentzioaren arrazoiak azaldu ditu: nahiz eta EHBilduri ona iruditzen zaion langileak eta enpresaren arteko adostasuna, ez daude ados indarrean den kontratuarekin, aurrekoa baino dezente garestiagoa delako eta lanpostu bat gutxiagorentzako lana suposatu zuelako.

3. Oarsoaldea, S.A. udalen berezko baliabidea izendatzeko diktamena (2018AL040001)

Oarsoaldea SAk txostena aurkeztu du zera esanez, Sektore Publikoa arautzen duen 9/2017 Lege berriak areagotu egin duela aurreko legetik ere zetorren “berezko baliabide”ei eskatzen zaien betebeharrak. Zentzu horretan adierazten du Oarsoaldea SAren estatutuetan ez zela agertzen izaera hori eta, berezko baliabide izateko baldintza aztertu ondoren hauek betetzen direla. Beraz, udalek Oarsoaldearen esku zenbait lan eta egitasmo uzten jarraitzeko, kontratazio esparrutik aldenduaz, berezko baliabidea izendatu eta estatutuetan horrela jaso beharko dela azpimarratzen da.

Aurkezturiko txostenean, berezko baliabideari legez eskatzen zaizkion baldintzak aztertzen dira:

  • Giza baliabideak eta bitarteko materialak izatea.
  • Bere jardunaren % 80a sortzaile diren lau udalentzako egindako lanak izatea.
  • Erakundearen gaineko kontrola partaide diren botere adjudikatzaile horiek izatea, kasu honetan, lau udalek, eta udalen ordezkari bat erakundearen erabaki organoetan egotea.
  • Kanpoko kontratazioak bere jardunaren % 50a baino gehiago ez izatea.
  • Udalek bultzaturiko lizitazioetan ez duela parte hartuko baldintzatzen da.
  • Udalen mandatuen araubide juridikoa zehaztea.
  • Esan den bezala, erakundearen Estatutuetan jasotzea.

    Baldintza bete izanaren agiriak aurkeztu ditu Oarsoaldeak, horien artean 2017ko ekitaldiari buruzko Memoria ekonomikoan argi agertzen da, 9/2017 Sektore Publikoaren Kontratazioa arautzen duen Legearen 32.4 b) artikuluan eskaturikoa, hau da, Oarsoaldea SAren jardunaren % 80 baino gehiago lau udalek bere esku utzitako egitasmoen egikaritzan ematen dela.

Ondorioz, Oarsoaldea SAk aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Sektore Publikoaren Kontratazioa arautzen duen 9/2017 Legearen 32,2 artikuluan ezarritako baldintzak betetze aldera, OARSOALDEA S.A. Lezoko udalaren berezko baliabidea izendatzea, eskualdeko Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin batera.

BI: Udalak egingo dizkion mandatuen araubidea erakundearen xede diren jardueretara mugatuko da.

HIRU: Izendapen hau, gainerako hiru udalek egingo dutenarekin batera, Oarsoaldea S.A.ren estatutuetan jaso dadin onartzea. Estatutuek honako edukia jaso beharko dute:

  1. Berezko baliabide izaera lau udalengan ematen dela.
  2. Mandatuen araubide juridikoa.
  3. Erakundeak ezin izango duela udalaren lizitazio publikoetan parte hartu, baldin eta ez bada hutsak deklaratzen direnean.
  4. Gainerako baldintzak: lau udalen ordezkaritza aginte-organoetan egongo dela, bere jardunaren % 80 udalengandik jasotako mandatuak izango direla, ezin izango duela hirugarrenekin jardunaren % 50a baino gehiago kontratatu eta giza-baliabide propioak eta bitarteko materialak izan beharko dituela.

    LAU: Izendapen hau kontratazio-profilean argitaratuko da. Horretaz gain, 50.000€ko aurrekontua duten mandatuak, BEZ kanpo, idatziz formalizatuko dira eta kontratazio-plataforman argitaratuko dira.

4. Jaizkibel Hiribidea 49ko lokalaren lagapena eta hitzarmenerako diktamena (2018H0380001).

Kultura Sailak egindako txostena azterturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2018-07-09an egindako bileran erabaki zuen Jaizkibel Hiribidea 49ko lokala doako lagapenean emateko prozedura hastea.

Alegazioetarako hamabost egunetako jendaurreko epea izan da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abuztuaren 7an iragarkia jarri ondorengoa eta epe horretan ez da inolako alegaziorik erregistratu.

Guzti horregatik, Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktamenarekin, aldeko sei botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko zinegotzienak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta bost abstentzioekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) osoko bilkurak ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Lezoko Jaizkibel Hiribidea 49ko lokala doako emakidan onestea eta udal honen ondasunen inbentario orokorrean horrela jasotzea.

BI: Lagapen hitzarmena onestea ondoko hiru talde hauentzat:

  • Orratx! Kultur Elkartea,
  • Murixka Euskal Dantza Taldea
  • Desfilearen aldeko Munttar Kultur Taldea.

    HIRU: Alkatea ahaltzea lagapen hitzarmenak sinatzeko.

Mikel Arrutik abstentzioaren arrazoiak azaldu ditu: nahi eta EHBilduri onartu elkarteak lokalak behar dituztela ez daude ados udalak lokal hauek eskuratu aurretik beharren inongo azterketa egin ez izanarekin. Gaur egun ez dakigu oraindik ze lokal behar dituzten herriko elkarteek. Oraingo hau partxeo bat dela iruditzen zaie.

5. 2019ko ekitaldirako Ordenantza Fiskalen onarpen diktamena (2018KO290005).

Alkateak, 2019 ekitaldirako ordenantza fiskalen aldaketari buruzko proposamena azaldu du, kontu-hartzailearen txostenean oinarriturik.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktamenarekin, aldeko sei botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko zinegotzienak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta bost abstentzioekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) osoko bilkurak ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo ordenantza fiskal hauen aldaketari:

0.-Zergen kudeaketa eta bilketaren Ordenantza Orokorra.( Egutegi fiskala)

1.- Ondasun Higiezinen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskal.(Famili ugarientzako hobaria)

BI: Informazio publikorako hogeita hamar eguneko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

HIRU: Jendaurreko epean alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

Jose Angel Sanchezek esan du kontuan hartzekoa dela legealdi honetan ez dela presio fiskalik igo Lezon, hobariak gehitu eta prezio batzuk jaitsi direla (hiri kontribuzioa, ibilgailuak,…).

6. Kontuhartzailearen txostena (2018KO320010).

Udal kontu-hartzailearen txostenaren berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin irailaren 20ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hau da banatutako txostena:

  1. 2017ko aurrekontu likidaziotik datozen zerbitzuen kostuen azterketa.

7. 2019ko Aurrekontuaren ildo nagusiei buruzko alkatearen dekretuaren kontu ematea (2018KO290004).

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza iraunkortasunari buruzko 2/2012 Legearen 27.2 artikulua bete asmoz alkateak emandako D18/0897 ebazpenaren berri eman du, non onartu diren 2019 urterako Aurrekontuaren Oinarrizko Lerroak.

8. Mozioa: “Modu aktiboan eta osasungarrian zahartzea komunitatean” (2018AL050008).

Honela dio mozioak:

2014ko otsailean “Modu aktiboan eta osasungarrian zahartzea komunitatean: koordinazio sociosanitarioko esperientzia Lezon osasunaren sustapenaren eta menpekotasunaren prebentzioaren inguruan” proiektua abiatu zen Lezon.

Lezoko Udalarekin (Hirigintza, Kirola eta Kultura Sailak eta Gizarte Zerbitzuak) batera, esperientzian parte hartzen dute Osakidetzako Donostialdea ESIk (Lezoko Osasun Zentroa eta Zerbitzu Nagusiak) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak (Bidasoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Eskualdea).
Plan honek bat egiten du OMEren Hiri Lagunen proiektuarekin.

Aipatutako sailetako eta zerbitzuetako profesionalek osatutako lan-talde bat osatu zen, talde eragile bat, eta lan hauek egiteaz arduratu da:

  • Herrian dauden osasun-faktore erabakigarriei buruzko informazioa jaso du, eta Osasunean dauden aktibo guztiak eta komunitatean dauden baliabideak identifikatu ditu, talde fokalen bidez informazioa bilduz.
  • Txosten bat egin du, non Osasunean dauden aktiboak eta beharrak, egungo oztopoak eta herritarren parte hartzea erraztuko duten osagaiak diren.
  • Zahartze aktiboa eta osasungarria sustatuko duen 2015/2016 jarduera plana diseinatu eta idatzi du.
  • Bi saio egin ditu Udal Gobernu Taldeari txostena aurkezteko.
  • Emaitzak itzuli dizkie talde fokaletan parte hartu dutenei .

    2016an erabaki zen interesgarria izango litzatekeela nerabeekin ere lan egitea genero ikuspegitik, generoa izanik populazioan zeharka eragiten duen osasun-faktore erabakigarria.

    Lau urteotan ekintza komunitario, zerbitzu eta programa (tailerrak, kanpainak...) hauek antolatu dira:
  • Erorikoak prebenitzeko tailerrak
  • Lapurretak, iruzurrak eta maulak prebenitzeko saio bat
  • Kirol jarduera hobetzeko parte-hartze prozesua
  • Jarduera fisikoa egiteko orientazio-zerbitzu bat sortu da
  • TIPI TOPA
  • Gizarte baliabideei eta laguntzei buruzko informazio-kanpaina
  • Tratu onetan koheziketa institutuko nerabe-talde batekin
  • Bideo bat egin da, non herritar batzuek genero ikuspegiaren inguruan duten iritzia ematen duten
  • Koheziketa-mahaia osatu da udalerriko ikastetxeetako ordezkariekin eta eskualdeko Berritzegunerekin
  • Belaunaldiartea eta heziketa landa-ingurunean nerabeekin eta baserritar boluntario batekin
  • “Zapatak zapatatxo gorriak” instalazio artistikoa Elina Chauveten arrastoaren atzetik Osasun Zentroan eta herriko dendatan.

    Bestalde, martxan jarri dira edo oso aurreratuta daude komunitatearen ongizateari lotutako ekintza desberdinak, ebaluazio-txostenean adierazitako moduan (Planaren Ebaluazioa eransten da).

    Osasuna komunitatearen ikuspegitik sustatzeko esperientzia honen balantzea oso positiboa da. Hala ere, faltan bota dugu ekintza plana egiteko garaian udalerrian dauden erakunde eta elkarte desberdinekin lanean aritu ez izana eta horiekin une oro harremanetan egoteko bitartekoak jarri ez izana.

    Beraz, Lezon osasuna guztion artean bultzatzeko esperientziarekin aurrera egiteko, interesgarria iruditzen zaigu jada hasitako plana garatzen jarraitzea eta parte hartzea handitzea. Horretarako guztirako, zuen laguntza espero dugu korporazio gisa.

    Lezoko udal agintaritzatik, honoko hauek eskatzen dira:
  1. Hurrengo 2018-2025 plangintzaldian Lezoko udaleko Hirigintza, Ongizate, Kirola eta Kultura teknikariak Modu aktiboan eta osasungarrian zahartzea deritzan Batzordeko lanetan esku hartzea ahalmentzea eta sor daitezkeen lan eta ekimenetan egoteko baimentzea.
  2. Batzorde honetako lanetatik eratorriz gero, aipatu programan erabakitzen direnak, Lezok udalak baliabide teknikoak eta ekonomikoak inplementatzea. Eta aldi beran aurkeztuko diren, kronograma jakinetan bideratzea.
  3. “Euskadi Lagunkoi” proiektuan atxikipena bideratzea eta orain arteko lan-batzorde hau, Euskadi Lagunkoi ekimenarekin osagarritasuna bideratzea.”

Mozioa ahobatez onartu du udalbatzak.

9. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

1.-Miguel Angel Sanchezek, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak hiru obren egoeren berri eman du:

- Altamira auzorako igogailuaren obrak martxan daudela dio.
- Elias Salaberria Hiribideako espaloiko lanen esleipenerako lehiaketara aurkeztu diren hiru eskaintzen balorazioarekin ari direla.
- Lezo eta Pasai Donibane arteko bidegorriaren II.faseko obrak esleitzeko bigarren lehiaketa deitu dela lehenengoa hutsik geratu zelako.

2.-Jose Angel Sanchezek, Ingurugiro zinegotzi delegatuak, dio, alde batetik, Agenda XXIrako aholkularitza esleitu dela eta bestetik, Lezo mendi publikoetan pinuek duten egoera aztertuko dela, pinuetan zabaltzen ari den gaitza nola dagoen jakiteko.

3.- Alfredo de la Puentek, Musika Eskolarako ordezkaritza berezia duen zinegotziak, dio Musika Eskolako aurtengo ikasturterako izen emateak ondo joan direla, 300 ikasle inguru daudela. Eta baita ere dio, iraileko hilabete honetan bost emanaldi egin dituztela eskolakoak.

10. Galde-eskeak.

10.1.- Mikel Arrutik galdetu du ea udalak informaziorik jaso duen portuan abuztu hasieran izandako sutearen inguruan.

Alkateak dio abuztuaren 13an bilera bat egin zutela udaleko ingurumen teknikariak eta berak portuko agintaritzarekin eta udal teknikariak informazio eskatu zuela.

Jose Angel Sanchezek dio portuko agintzaritza gertatutakoaren azalpen txostena prestatzen ari dela.

Mikel Arrutik galdetu du ea bileran beste gairik tratatu zuten. Alkateak dio portuko zarataren inguruan aritu zirela. Urriaren 5ean beste bilera bat izango dela Eusko Jaurlaritza eta portuko teknikoekin.

10.2.- Mikel Arrutik galdetu du ea egin den merkatariekin egitekoa zuten bilera, lehen bertan behera geratu zena.

Jose Angel Sanchezek dio ezetz, Eusko Jaurlaritzako teknikariarekin harremanetan dagoela gaia ahalik eta Lezoko merkatari gehienei azaltzeko eta beraien arteko elkartea berriro sustatzeko.

10.3.- Ainhoa Intxaurrandietak galdetu du ea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik jaso den hondakin bilketaren inguruko daturik, badakielako mankomunitatetara bidaltzen ari direla, bildutako hondakin organikoaren kalitateari buruz (inpropioak) eta inpropio proportzio altuko hondakinarekin zer egingo duten azalduz. Idatzi hori jaso den jakiteaz gain jakin nahi du ea Lezoko inpropio kopuruak zein diren eta ea udalak biltzen duen hondakinen karakterizazio egiten den.

Miguel Angel Sanchezek dio ez dela GHKren idatzirik jaso eta karakterizaziorik ez dela egin Lezon. Eskatuko dituela datuak Sanmarko Mankomunitatean.

10.4.- Ainhoa Intxaurrandietak Kale Nagusiko hondakin bilketarako edukinontziak kentzearen aukeraz alkateak ateratako bandoaz galdetu du. Eta hortik kentzea erabakitzen bada ea jende nagusiarentzat beste aukerarik aurreikusi duten.

Alkateak dio irailaren 30 dela proposamenak jasotzeko azken eguna. Eta kentzekotan nora kendu pentsatuko dutela.

10.5.- Mikel Arrutik galdetu du Dirulaguntzen Udal Araudiaren azken aldaketa ea indarrean dagoen.

Idazkariak ezetz dio, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bitarte.

10.6.- Jose Angel Sanchezek dio hondakin bilketa eta kale garbiketa zerbitzuak hobetu behar direla gune batzuetan sortzen den zikinkeria inguruko kexak daudela.

Mikel Arrutik ere esan du Santakrutz festetan Kale Nagusiko edukinontziak zaborrez lepo egon zirela.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:30tan eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1432606tik 1432614ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna