Oarsoaldea eskualdeko Kontsumo Bulegoa, Energia Bulegoa eta Birgaitze bulegoak lekuz aldatu eta udalerrietan barrena eskainiko dituzte beraien zerbitzuak herritarrentzat eskuragarriago egon daitezen.
Birgaitze bulegoa eta Energia bulegoa, ibiltariak bihurtuko dira, eta udalerri bakoitzean (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian) astero emango dute zerbitzua. Kontsumo bulegoa aldiz, lekuz aldatuko da, herritarrentzat eskuragarriago jarriaz.
Hortaz, aurrerantzean Lezoko Udalean ere Birgaitze Bulegoak eta Energia Bulegoak zerbitzua eskainiko die lezoarrei, astean egun banatan.
Birgaitze Bulego ibiltaria
ASTELEHENETAN, HAZ BULEGOAN, 9:00etatik 16:00etara.
Herritarrek euren zalantzak aurrez aurre argitzeko hitzordua eskatu beharko dute:
- Telefono bidez: 943 344 160
- Korreo elektroniko bidez: birgaitzezerbitzua@oarsoaldea.eus
- Bidali zure kontsulta galdetegi bidez
2011.urtean lehen dirulaguntzen kudeaketa egiten hasi zenetik, asko izan dira artatuak izan diren herritarrak. Azken bi urteetan esaterako, 2023 eta 2024, bulegoan 657 kontsulta artatu dira.
ZERTAN LAGUN ZAITZAKE?
Birgaitze-zerbitzuak etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzei buruzko doako informazio eta aholkularitza integrala eskaintzen du, laguntzak eskatzen eta kudeatzen lagunduz, Eusko Jaurlaritzaren eta bizilagunen arteko bitartekotza eginez, eta obrak egin bitartean egon daitezkeen beharrak bideratuz.
Horrez gain, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko Next Generation EU programetako laguntzak zabaltzen ditu, eskaerak aurkeztea errazten du eta ekimen horien etengabeko jarraipena egiten du, prozesu osoan herritarren laguntza bermatuz.
Energia Bulego ibiltaria
ASTEAZKENETAN, HAZ BULEGOAN, 9:00etatik 16:00etara.
Herritarrek euren zalantzak aurrez aurre argitzeko hitzordua eskatu beharko dute:
- Telefono bidez: 943 344 160
- Korreo elektroniko bidez: energia@oarsoaldea.eus
- Bidali zure kontsulta galdetegi bidez
2021.urtean jarri zen abian eta 2024an energia bulegoa ibiltaria bihurtzean, zerbitzu honek egin duen gorakadak, bikoiztu egin baita erabilera, argi erakutsi du zerbitzu hauek eskualdeko herrietara hurbiltzea onuragarria dela. Denera, 246 kontsulta jaso ziren aurreko urtean.
Aipatu beharra dago ere energia eta birgaitze bulegoen arteko sinergia eta gertutasuna nabarmena dela, azken finean biak energia efizientziaren alde egiten baitute, eta gehigarriak baitira.
ZERTAN LAGUN ZAITZAKE?
Energia-bulegoak fakturazio elektrikoari, tarifen optimizazioari eta etxebizitzetako energia-gastuaren murrizketari buruzko doako informazio eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du, kontsumo-ohitura eraginkorrak eta iraunkorrak sustatuz.
Gainera, gizarte-bonua eta pobrezia energetikoari aurre egiteko beste laguntza batzuk kudeatzen laguntzen du, gizarte-hezitzaileei eta gobernuz kanpoko erakundeei prestakuntza ematen die, eta energia-konpainiekin eta administrazioekin kudeaketak egitea errazten du.
Era berean, energia berriztagarriak instalatzea bultzatzen du, aholkularitza tekniko eta finantzarioaren bidez, ingurumen-sentsibilizazioko jarduerak sustatzen ditu eta eskualde- eta lurralde-mailan energia-ekintzak zabaltzen ditu (besteak beste, 50/50 proiektua, ikastetxeetan gaur egun duten kultura energetikoan aurrera pausuak emanez).
Horiez gain, Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoa kokapenez aldatu da, herritarrengandik hurbilago egoteko.
1995.urtean Errenterian sortu zen Kontsumo Bulegoa Olibet 6 kalean kokatua egon dena orain arte. Kokapen aldaketarekin, Errenteriako hirigune historikoan bertan izango dute herritarrek eskuragarri, Madalen 3 kalean, Eskualdeko Turismo bulegoa dagoen gunean.
2024.urtean denera 1.509 eskaera jaso ziren Kontsumo Bulegoan, aurreko urtearekin alderatuta %12ko igoera egon delarik. Denera 132 erreklamazio konpondu genituen aurreko urtean.
Bertan kontsumitzaileek beraien eskubideei buruz aholkularitza jaso dezakete eta erreklamazioren bat jarri nahiko balute, bulegoak izapidetzetan laguntza eskainiko die.
Kontsumo bulegoarekin harremanetan jartzeko:
- Telefono bidez: 943 510 111
- Korreo elektroniko bidez: kontsumo@oarsoaldea.eus
- Bidali zure kontsulta galdetegi bidez!
- Aurrez aurreko arreta ordutegia 9.00etatik 14:00ak izango da.