Lau kontzertuz osaturiko asteburua izango dugu Lesoinu Aste Pedagogikoaren XXXIV. edizioaren hasiera gisa

Tomas Garbizuren Kontzertu Magikoa, Rock Classical Trio taldearen emanaldia, konbo kontzertua eta Belharra taldearen “Gure lau urtaroak” emanaldia izango dira Lesoinu ziklo berriari hasiera emango dioten emanaldiak.

Kontzertu guztiak 19:00etan egingo dira Gezala Auditoriumean.

Ostegunean, martxoak 5, hasiera emango zaio Lesoinu Aste Pedagogikoaren XXXIV. edizioari, hain zuzen, Tomas Garbizu musikari eta konpositore lezoarraren berreskuratu berri den “Kontzertu Magikoa”emanaldiarekin.

Horretarako ibilbide profesional luzeko bi artista izango ditugu gurekin, Alexandre Da Costa biolin jotzailea batetik eta Josu Okiñena piano jotzailea bestetik. Biak eskarmentu handiko musikariak dira, mundu mailan ibiliak eta haien eskutik Garbizuren obra hau ezagutzeko aukera izango dugu. Kontzertuan, halaber, Garbizuren obra berreskuratu zuen Jon Makuso lezoarra ere izango da eta lehen eskutik kontatuko digu prozesua nolakoa izan zen. Sarrera 8€koa izango da eta aurrez erosi nahi duenak eskuragarri du ondorengo estekan: https://bibe.me/ekitaldiak-LEZOKOUDALA

Ostiralean, halaber, Rock Classical Trio deituriko taldearen kontzertua izango dugu. Talde honek, musika klasikoa betiko rock doinuekin uztartzen du, benetan kontzertu bitxi eta berezia eskainiz. Kasu honetan ere, sarrera 8€koa izango da eta dagoeneko salgai dago https://bibe.me/ekitaldiak-LEZOKOUDALA webgunean.

Larunbatean, Koskortu taldeak konboen kontzertua eskainiko du. Koskortu Iruñeko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zenbait ikaslek osatzen dute. Kontzertua doakoa izango da eta artistek jazz doinuak interpretatuko dituzte.

Eta asteburua ixteko, igandean, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, hain zuzen, Belharra hirukoteak, emakume baten bizitzako lau etapa garrantzitsuenak oinarri izango dituen kontzertua eskainiko dute. Emanaldi honi Javier Sistiaga eta Maialen Agirresaroberen kolaborazioa gehituko zaizkio, gainera. Lehenengoak ahotsa jarriko die Elvira Sastre, Rosa Berbel, Marta Navarro eta Gabriel Celayaren olerkiei eta bigarrenak bere emakumeen akuarelak jarriko ditu ikusgai.

Emanaldi eta kontzertu guztiak 19:00etan izango dira, Gezala Auditoriumean. Has dadila, beraz, Lesoinu XXXIV. edizioa! Zatoz musikaz gozatzera!

Arloa edo saila