Musika ekitaldi ugari datozen egunotan Lezon

Az, 2019-12-18 11:34

Kalejirak, audizioak, kontzertuak…Tomas Garbizu Lezoko udal Musika Eskolak hainbat ekitaldi eskainiko ditu datozen egunotan.

Eguberri kutsua jada somatzen da Lezoko kaleetan. Kaleko argi apaingarriek, komertzioetako erakusleihoek eta etxeetako leiho zein balkoietan dauden zuhaitz eta argiek girotzen hasia dute herria Eguberriak ospatzeko.

Ildo beretik, Tomas Garbizu Lezoko udal Musika Eskolak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunotarako, Eguberriei musika puntua gehitzeko asmoz.

Gauzak horrela, abenduaren 19an, ostegunean, alegia, hari taldearen eta musika tresnako ikasleen Gabonetako erakustaldia egingo da arratsaldeko 18:00etan Gezalan. Ostiralean, halaber, saxofoi ikasleen txanda izango da, ordu berean baina kasu honetan, Musika Eskolan.

Hilaren 21ean, larunbatean, urteko azken Kantujira ospatuko da. Ohikoa den bezala, Kantujira 12:30ean abiatuko da Aiton Bordatik eta Kaialde eta Kale Nagusian geldialdia egin ondoren Gurutze Santuaren plazan amaituko da. Abestien kopiak Aiton Bordan, Aizpean edota Musika Eskolan eskuratu daitezke. Igande arratsaldean ere musika lagun izango dugu eta arratsaldeko 18:00etan Ganbara musika kontzertua eskainiko da Musika Eskolan bertan.

Abenduaren 23an, biolin ikasleek Gabonetako kontzertua eskainiko dute 17:00etan Musika Eskolan eta Sutargi eta Aiton Borda abesbatzek, halaber, gauza bera egingo dute 19:30ean Gurutze Santuaren Basilikan.

Eguberri bezperan, hilaren 24an, goiz musikala biziko du Lezok: 12:00etan Hator-Hator kalejira irtengo da Euskal Herria plazatik eta 12:30ean, Gurutze Santuaren plazan Kanta dezagun! ekitaldia eskainiko da (euria eginez gero, Saldise plazan egingo da).

Eta azkenik, urtea amaitzeko, hilaren 31n, urte amaierako kopla zaharrak abesteko kalejira egingo da 12:30etatik aurrera. Musika Eskolatik abiatuko dira, hain zuzen, Aiton Borda eta Sutargi abesbatzak, talde koralak eta trikitixa taldeak eta noski, herritar oro dago gonbidatuta parte hartzera.

Amaitzeko, Udalak jai egun eta Eguberri zoriontsuak opa dizkie lezoarrei.

Arloa edo saila