Martxan da "EUSKARAZ EDERRAGO!" ekimena, Oarsoaldeko estetikako establezimenduei zuzendutako kanpaina

Ar, 2022-04-26 14:33

Dagoeneko 46 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, ostalaritza eta merkataritza sektoreetan euskararen normalizazioa sustatzeko.

Urteak dira, hogeita bost zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla.

Aurten ere lanketa berezia egingo da merkataritza sektore jakin batekin eta gaur aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, Trintxerpeko Naiu estetika zentroan, 2022an Oarsoaldeko estetikako establezimenduei zuzenduko dizkieten ekimenak – Loreto Osa, Pasaiako euskara zinegotzia, Eneko del Amo, Errenteriako garapen ekonomikoko zinegotzia, Josu Delgado, Oiartzungo euskara zinegotzia, Maika Martin, Errenkoalderen ordezkaria, Sebastian Galardi, Itturriren ordezkaria, Maite Martin, Laurak Bateko ordezkaria eta Edurne Mitxeo, Lezokoak elkarteko ordezkaria–.

 "EUSKARAZ EDERRAGO!" ekimena

Apirilaren 13ra bitartean establezimenduekin hitz egin dugu banan bana, asmoak azaltzeko eta “Euskaraz ederrago” izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko. 

Doako eskaintza bereziak merkatarientzat eta ostalarientzat

Ekimenean parte hartzen duten estetika zentroentzako eskaintza bereziak:

1. 100 egun, 100 hitz egutegia banatu zaie estetika zentroei. Egutegi horretan apirilaren 19tik uztailaren 27ra bitartean euskarazko hitz bat ikasteko aukera ematen zaie euskaraz ez dakiten merkatariei eta ogiarekin loturiko esaera bat ikasteko aukera merkatari euskaldunei.

2. “Euskaraz ederrago!” leloa daraman lanpasa bana emango diete parte hartzen ari diren establezimenduei, sarreran jartzeko.

3. Azkenik urriaren 15etik aurrera estetikako establezimenduetan euskaraz egiten duten bezeroei banatzeko ispilu-orrazi sorta bana helaraziko diote parte hartzen duen establezimendu bakoitzari.

4. Otsailetik hona, doako zerbitzu eskaintzaren bitartez, jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagundu diegu (itzulpenak, maketazioa, paisaia linguistikoa euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).

5. Horrezaz gain, estetika alorreko hiztegitxoa ere banatu zaie.  

Dagoeneko 46 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Ez galdu aukera!

Horren guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. Honenbestez, Miguel Ángel Sánchez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, herritarrak gonbidatu nahi ditu eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten. Hizkuntza bera erabiltzea da euskara indartzeko modurik onena.

Arloa edo saila