EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO FARMAZIEI ZUZENDURIKO EKIMENA

Ar, 2024-06-11 15:39

28 botikek eta 2 parafarmaziek parte hartzeko interesa agertu dute dagoeneko

Oiartzungo Ana Agirrezabalaga farmazian Oarsoaldea eskualdeko farmaziei zuzendutako ekimenak aurkeztu dira euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin Aiako Harria Gaztelumendi, Oiartzungo zinegotziak; Leire Mazizior, Errenteriako zinegotziak; Iker Salaberria, Lezoko zinegotziak; Laura Ré, Pasaiako zinegotziak; Ane Miren Agirre, Agirrezabalaga Farmaziakoak; eta Ibon Mokoroa, Farmazialari euskaldunen elkarteko lehendakariak.


Aiako Harria Gaztelumendik agerraldiari hasiera eman dio aipatuz, Oarsoaldeko udalek 27 urte daramatzatela elkarrekin lanean merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko. Ahalegin berezia eginez, urtero sektore bat aukeratzen da euskararen erabilera sustatzeko, eta farmazia-sektorea aukeratu da 2024rako.

Leire Mazizior, aurtengo hiru ekimenei buruz aritu da:

  • 100 egun, 100 hitz: Egutegi-hiztegiak banatuko dira eskualdeko botiketan, uztailaren 1etik urriaren 8ra baliagarriak. Hiztegi horiei esker, euskaldunak ez direnek sendagaien salerosketarekin zerikusia duen hitz edo esaldi bat ikasiko dute egunero, eta euskaldunek osasunarekin zerikusia duten atsotitzak aurkituko dituzte.
  • Euskara sendagaien euskarrietan sartzea: Sendagaiak ekoizten dituzten enpresa batzuekin lankidetzan jardungo da euskara beren produktuen aurkezpen-euskarrietan eta farmazietako titularrekiko harremanetan sartzeko.
  • Bezero Euskaldunentzako osasun zorro txiki bat: Azaroaren 4tik 19ra, farmazietan euskaraz hitz egiten duten bezeroek poltsikoko osasun zorro txiki bat jasoko dute opari gisa.

Iker Salaberria Lezoko euskara zinegotziak berriz, aipatu du osasun-establezimenduen jabeek dagoeneko badutela ekimen horien berri, baina ez badute, euren herriko euskara-zerbitzuarekin harremanetan jartzera animatu ditu. Orain arte, eskualdeko 28 botikek eta 2 parafarmaziek parte hartzeko interesa agertu dute.

Ibon Mokoroak farmazialari euskaldunek zerbitzuaren kalitatearekin duten konpromisoa azpimarratu du, euskarazko zerbitzua kalitatearen ezaugarria dela eta bezeroei tratu pertsonalizatua emateko modu bat dela adieraziz.

Laura Rék farmazien titular guztiak animatu ditu euskara erabiltzera eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek emandako laguntzak eta erraztasunak aprobetxatzera. Farmaziak eta haien bezeroak gonbidatu ditu aurkeztutako ekimenetan aktiboki parte hartzera, zerbitzua bi hizkuntzetan ematea kalitatearen sinonimoa dela azpimarratuz. 

Arloa edo saila