Oinetxeak / baserriak

Bordatxo

Familia bakarreko baserri txikia, laukizuzen itxurako oina eta eranskinak dauzkana.

Bi solairu eta ganbara zabala dauzka. Estalkia bi isurialdekoa da eta euskarria fatxada nagusiarekiko elkarzuta da, ekialderantz, alderik motzenean.

Kareharri harlanduz eginiko eraiketa da. Zati haundi bat ezkutuan izanik, kantoietan eta hutsarteren bat inguratuz, harearri harlanduak dauzka.

Paskual-enea (Gurutze Santuaren Plaza, 4)

Oin erregularra duen eraikina, bi isurialdeko teilatu duna. Lau solairu dauzka. Fatxada nagusian harlanduzko hormak dauzka agerian, gainerakoetan talutxatuak eta margotuak.

Irteten diren balkoiak dauzka eta burdinezko baranda dute. Lehen eta bigarren solairuko balkoiak artesoiak dauzkaten harlanduzko eustoinek eusten dituzte. Beheko hormaldeek ere artesoiak dauzkate, lehen eta bigarren solairuetan. Hirugarren solairuak egitura modernoa du, 1930 aldera egina, eta harmarri bat dago bertan.

Olatzar

Bi familiako baserri haundia, L itxurako oinaldea duena. Bi solairu eta ganbara zabala dauzka. Estalkia bi isurialdekoa da eta euskarria fatxada nagusiarekiko elkarzuta da, ekialderantz.

Harlanduzko eraikina da eta harlanduzko kantoiak ditu, guztia harearrizkoa da eta agerian dago.

Fatxada nagusiak, alderik motzenean, eraketa erregularra du; estalkiaren hegaletariko bat luzatu egiten da eranskin zahar bat babestuz.

Hegoaldeko fatxadak, bigarren etxebizitzarako sarrera duenak, hutsarteen banaketa ia simetrikoa dauka.

Txerrimuño

Laukizuzen itxurako oina du eraikinak, eta teilatua bi isurialdekoa. Bi solairu eta ganbara dauzka. Harlanduzko hormak, talutxatuak, eta kantoietan eta beheko solairuko hutsarte inguruan, harlanduak dauzka. Lehenengo solairuan eta fatxada nagusiaren ganbaran, zurezko bilbapen bertikala du eta hutsarteetan, zurezko markoak. Ganbaran, irteten den zurezko balkoia ere badu.