2001.eko Urriaren 26ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2001eko urriaren 26an, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna), Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Inmaculada Muñoz Martinez (Batasuna), Iñaki Zabaleta Zabala (Batasuna) eta Iñaki Labaka Loperena (Batasuna).

    Ez dira bertan, etorri ezin izanaren berri aurrez eman gabe, Pello Garbizu Azkue (EAJ), Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

    Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

    1.- UDALBILTZA PATZUERGOAREKIN BAT EGITEKO ERABAKI PROPOSAMENA.

    Alkateak udalbatzari egiten zaion proposamena aurkeztu eta defendatu du. Honela dio deialdiarekin bidalitako proposamenak

    “ Udalbatza osoari:

    Lezoko Udalbatza Osoak Udalbiltzarekin bat egitea erabaki zuen 1999ko azaroaren 27an.

    Gaur beste urrats berri bat emateko parada dugu, Udalbiltza Partzuergoa entitate publiko eta nazionalarekin bat egitea hain zuzen ere.

    Hori dela eta, 2001eko urriaren 16an Oiartzunen eratu zen Udalbiltza Partzuergoarekin bat egiteko erabakia hartzea proposatzera nator, ezaugarri hauekin.

    ERABAKIA

    LEHENA.- Lezoko Udala Udalbiltza Partzuergoa eta bere estatutuekin bat dator eta bertan sartzeko eskaera luzatzen dio Partzuergo horren Kontseilu Nagusiari.

    Partzuergoaren eraketa akta zein estatutuak erabaki honi eransten zaizkio.

    BIGARRENA.- Udal honen aurrekontu orokorraren %1, 2001eko urteko ekarpen gisa onartzea, zeinak hasierakoa izanik Partzuergoaren eraketa gastuak zein harturiko konpromisoak biltzen dituen. Kopuru horren %50 2002-ko aurrekontuaren gain joango da, eta beste %50, 2003-koaren gain”.

    Alkateak dio lehen eratutako Udalbitzak aurreikusitako lanak egiteko daudela oraindik, eskaerak aurrera eramateko erantzukizunik gabe; Lezoko udalak 2000 urtean emandako diruen erabilerari buruz inongo berririk ez dutela eman salatu du. Zentzu horretan gardentasunaren eta kontrolaren aldeko ezinbesteko proposamena omen da gaur egiten dena, lanak eta helburuak aurrera eramateko beharrezkoa. 1999ko azaroan hartutako erabaki haren oinarri eta helburu haiek betetzeko proposatu du partzuergo honetako kide izatea.

    Alkateak erabaki proposamenari bi aldaketa gehitu dizkio. Lehenengoan, zehaztu du Lezoko Udalaren ekarpena 7.816.800.- pezetakoa izango dela, 2001eko otsailaren 9an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako udal aurrekontu orokorraren %1delako. Ekarpena ondorengo eran egiteko konpromisoa hartzea proposatu du: 1.250.000.- pta 2001.urteko aurrekontuko 1.01.227.15 gastu partidaren gain egitea; gainontzekoaren %50, hau da 3.283.400.- pta, 2002. urteko aurrekontuaren gain, eta beste %50, hau da, beste 3.283.400.- pta, 2003. urteko aurrekontuaren gain egitea.

    Bigarren aldaketa zera da, partzuergoan udal ordezkariak izendatzearena: Aitor Sarasola Salaberria, alkatea bera ordezkari bezala eta Imanol Esnaola Arbiza, zinegotzia, ordezko gisa.

    Gaia batzordetik diktaminatu gabe datorrenez, gaiaren urgentzia bileran diren zazpi zinegotzien aldeko botoarekin onartu da. Proposamena bera ere aldeko zazpi botorekin onartu da, hau da, korporazioa osatzen duten zinegotzien gehiengoaren aldeko botoarekin. Ondorioz hartutako erabakiak hauek dira:

    LEHENA.- Lezoko Udala Udalbiltza Partzuergoa eta bere estatutuekin bat dator eta bertan sartzeko eskaera luzatzen dio Partzuergo horren Kontseilu Nagusiari.

    Partzuergoaren eraketa akta zein estatutuak erabaki honi eransten zaizkio.

    BIGARRENA.- Udal honen aurrekontu orokorraren %1, 7.816.800.-pta. 2001eko urteko ekarpen gisa onartzea, 1.250.000.-pta. 2001.urteko aurrekontuko 1.01.227.15 gastu partidaren gain egitea; gainontzekoaren %50, hau da, 3.283.400.- pta., 2002. urteko aurrekontuaren gain, eta beste %50, hau da, beste 3.283.400.-pta., 2003. urteko aurrekontuaren gain egitea.

    HIRUGARRENA.- Partzuergorako Aitor Sarasola Salaberria, alkatea, izendatzea udal ordezkari gisa eta Imanol Esnaola Arbiza, zinegotzia, ordezko gisa.

    Imanol Esnaolak Batasunako zinegotzien izenean dio gaur ere konpromisoetan urrats bat eman nahian baina oposizioak kale egin duela, batik bat EAJ eta EA talde politikoak, bat egin baitute Euskal Herriaren askatasuna oztopatzen dutenekin, talde hauen Udalbiltzaren ahalegina hutsaren hurrengoa baita.

    2.- EUSKAL PRESO POLITIKOEN DISPERTSIOARI AURKAKO MOZIOA.

    Aurkeztutako mozioak honela dio:

    “Euskal Preso Politikoen aurkako dispertsio politikak hamarnako heriotza eta zauritu eragin ditu. Azkenak Soraluzeko Iñaki Saez eta Asier Heriz, herritarren heriotza eragin eta Irantzu Benito larriki zaurituak utzi zituena. Hirurak, Brievako kartzela bidean geratu ziren, Lurdes Txurruka herritarrarekin egotera zihoazela.

    Urteak dira jada estatu espainiar eta frantziar euskal preso politikoen aurkako dispertsioa diseinatu eta praktikan jarri zutenetik. Euskal preso politikoen eskubideak urratzeaz aparte, beraien senitarteko eta lagunentzat zigor gehigarria suposatzen duen neurri honek, Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren, nazioarteko legeriaren eta baita espainiar eta frantziar legeriek esaten dutenaren aurka ere indarrean jarraitzen duen erabaki kriminala suposatzen du. Ehunka Euskal Herritarren eskubideak bortizki urratzen dituen neurri politiko honek, astero milaka kilometro egitera behartzen ditu presoekin une labur batean egoteko aukera besterik izaten ez duten senitarteko eta lagunak. Azken urte hauetan erabaki politiko honek eragin dituen hainbat heriotza eta larriki zaurituriko hamarka pertsonen zerrendara gehitu behar dira Iñaki eta Asierren heriotza eta Irantzu-ren larriak.

    Euskal Herriko gizarteak bitarteko desberdin asko erabili ditu azken urteotan, Euskal Presoen dispertsioarekin bukatzea eskatuz. Gizartearen borondate hori Udalek ere azaldu dute. Euskal Herriko Udaletako ordezkariek, hainbat aldiz eskatu eta exijitu die espainiar eta frantziar gobernuei, dispertsioarekin behin betikoz bukatzeko; dispertsioak, presoa bera eta bere ingurukoak suntsitzea beste helbururik ez duelako. Legeria guztiek ere arbuiatuta. Azken bi heriotza eta zauritu larriek horren isla mingarri bat besterik ez dira.

    Espainiar eta frantziar gobernuek, Euskal Herriak , baita gure herriak ere, hainbat aldiz adierazi duen borondatea zanpatzen jarraitzen dute. PP, PSOE, RPR, eta PSF-k, besteak beste, ardura zuzena dute, Euskal presoen eskubideen aurkako jardueran eta beraiena da, honek sortzen dituen ondorioen ardura ere; herriaren hitzari uko egiten diotelako eta eskubideak zanpatzen dituztelako.

    Euskal Herriak bi estatuekin duen gatazkaren konponbideari ateak itxi, eta herri honen hitzari uko eginaz, errepresioa eta bide polizial-judiziala garatzen dutenena da ardura. Euskal Presoekiko politika hori, hitzaren ukazioaren beste pausu baten gisan aztertu behar dugu. Beraz, jarrera hau duten frantziar eta espainiar Estatuen aurrean, hitzetatik ekintzetara pasatzearen beharra inoiz baino nabarmenagoa da. Egoera honen aurrean, Batasunako Udal Taldeak, Osoko Udal Batzarrari honako puntu hauek aurkeztu nahi dizkio bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:

    1.- Espainiar eta frantziar estatuek diseinaturiko dispertsioaren ondorioz hil diren Iñaki Saez eta Asier Heriz, eta larriki zaurituta suertatu den Irantzu Benito, mota honetako gertaeren azken protagonistak izan daitezen, Euskal presoen dispertsioarekin oraintxe bukatzeko exijitzen diegu frantziar eta espainiar gobernuei.

    2.- Udal honek, inoiz baino ozenago berretsi nahi du, euskal presoen eskubideen aldeko eta dispertsioaren aurkako mezua. Herriaren hitza delako eta hitz hau, espainiar eta frantziar estatuek errespetatu egin behar dutelako.

    3.- Udal honek ‘Euskal Herriaren Hitza eta Erabakia Errespetatu. Euskal Presoak Euskal Herrira’ lemapean ordu laurdeneko kontzentrazio batetarako dei egiten die herritarrei.

    4.- Bestalde, azaroaren 10ean udal hautetsiei Soraluzen dispertsioaren aurka egingo den ekimenera dei egiten diegu.

    5.- Europako parlamentuaren eta Instantzia judizialen aurrean dispertsioaren salaketa egiteko konpromisoa hartzen du udal honek.

    6.- Erabaki honen berri frantziar eta espainiar gobernuetako lehendakariari, herria eta komunikabideei ematea”.

    Imanol Esnaolak dio berriro ikusten dela giza eskubideekin loturik dagoen gaian EAJ eta EA alderdien jarrera, bilkurara agertu ere ez direnean. PSErekin ez omen da harritzen, bai ordea aipatutakoekin. Harrigarriagoa eta salagarriagoa iruditu zaio herrian bertan zazpi preso ditugunean eta guztiok dakigunean haien giza eskubideak nola dauden. Sistematikoa omen da EAJ eta EAren jarrera presoen inguruko mozioak daudenean plenora ez etortzea, tortura, dispertsioa eta senideen eskubideen urraketen aurrean. Lotsagarria omen da horrelako arazoen aurrean beraien jarrera azaltzera ez agertzea. Jarrera aldaketa ez dagoen bitartean, kondena hitzarekin dena konpondu nahi duten bitartean, ez dela konponbiderik izango esanez bukatu du.

    Alkateak gonbidatu ditu bai zinegotzi eta herria mozioan aipatu diren bilkuretara agertzeko.

    Mozioa osoko bilkuran diren zazpi zinegotzien aldeko botoarekin onartu da.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.247.etik 310.251.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna