2002.eko Irailaren 20ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko irailaren 20an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH),

Ez dira bertan izan Pello Garbizu Azkue (EAJ), Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA), bigarrenak eta hirugarrenak ezin etorri izana azaldu dute aurrez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Egoki irudituz gero, 2002ko maiatzaren 10ean, ekainaren 21 eta uztailaren 24 egindako bilkuretako akten onartzea.

Inongo aldaketarik gabe onartu eta sinatu egin dira hiru aktak.

2.- Alkatearen erabakien kontu ematea: alkatearen 173. dekretuarena, 2002ko udaleko aurrekontuen kreditu gaikuntza bidezko kreditu aldaketarako espedienteari hasierako onarpena ematen emandakoa.

Alkateak 173. dekretuaren kontu eman du. Dekretua, udal aurrekontuak kreditu gaikuntza bidezko kreditu aldaketarako espedienteari hasierako onarpena ematekoa da.

3.- Mozioa, Tiñelu elkarteak bizirik jarraitzeko eskubideari buruz.

Alkateak mozioaren berri eman du. Mozioak honela dio:

Aurtengo irailean Tiñelu elkarteak hogei urte bete ditu. Bi hamarkada hauetan Tiñelu elkartea herriko bizitza kultural, sozial eta politikoaren guneetako bat izan da. Lezoko herrian oso gutxi dira Tiñelu elkartearekin harremanik izan ez duten kolektiboak, izan ere, Tiñelu beti egon da zabalik lagunartean afaltzeko, hitzaldi bat entzuteko, festa egiteko edo bileretarako. Era berean, Tiñelu lan eta lan jardun da herriko gainerako elkarteekin batera jaiak eta bestelako ospakizunak antolatzen, beti elkarlan giroan.

Espainiako epaile eta politikoek, ordea, Tiñeluren lana, eta beste ehun elkarterena, gaiztakeria larria dela erabaki dute. Azken hogei urte hauetan hamaika aldiz kolore guztietako polizia eta politikoak aritu dira ezker abertzalearen elkarteak iraintzen, arakatzen, txikitzen eta ixten. J.M. Atutxa jaunak esandakoak edo Mayor Orejarenak bide beretik eta helburu berarekin etorri dira: ezker abertzalearen gizarteko lana zapuztu eta ezker abertzalea ilegalizazio bidean jarri. Ez da berria, beraz, erasoa. Oraingoan, ordea, Baltasar Garzon epaile jaunak Tiñeluren kontu guztiak blokeatu, bere jabego guztiak bahitu eta ateak ixteko agindua prest du. Dagoeneko Ibai-Ondon egina dute horixe bera.

Herri honetan Espainia eta Frantziari bizkar ematen dion aktibitate guztiak delitu dira. Herri honetan azken bost mendeotan delitu izan da Nafarroako erregeak defendatzea, delitu foruen alde egitea, delitu Francoren autoritateari kontra egitea, eta jarraitzen du delitu izaten herri honetan independentziaz jokatzea. Hortxe dago koska, ikusi nahi duenarentzat.

1936an frankistak Lezon sartu zirenean Batzokia itxi egin zuten, eta berarekin batera legez kanpo jarri EAJ, bere antzerki taldea, bere dantza taldea, txistulariak... 75 urte beranduago, tristea bada ere, egoera berean gaude, aktibitate politiko eta kulturala legez kanpo jarri nahi dute Madrildik. Eta oraingoan EAJ-EA-IU dira agindu hori beteko dutenak. Zertan hobetu da gure herriaren egoera 75 urtetan?

Baina ezker abertzalean badakigu, eraso guztien gainetik, aurrera egin behar dugula. Aurrera egingo dugu oraingoan ere, eta indar berriz jarraituko dugu gure ekarpena egiten Lezoko herriari eta bere herritarrei. Horixe baita, gure herria defendatzeko ezagutzen dugun biderik eraginkorrena.

Lezoko udal-batzari honakoa eskatzen diogu:

  1. Herriaren aurrean adieraz dezala itxieraren aurka dagoela.
  2. Tiñelu elkartearen itxierak bere bazkideren baten askatasuna edo ondasunen kalterik ekarriko balu, elkartasunez joka dezala.
  3. Tiñeluren itxiera aginduko balitz egun berean edo hurrengoan udal batzar berezia dei dezala, herriko kolektibo antolatu guztiak deituz, gaia aztertzeko eta herri bezala honelako erasoen aurrean izan behar dugun ikuspegia eta jarrera argitzeko.

Imanol Esnaolak azpimarratu du aspaldian iragarritakoa gauzatzera datorrela, azken hogei urteetan egin dituzten kriminalizazio saioen ondorena omen da hau. Datorren astean Garzonek hartu dezaken erabakia oso larria dela dio, euskal gizarteak antolatzeko duen eskubidea zapuztuko baita. Guztia espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriaren eta euskal herritarren aurka diseinatutako estrategiaren barruan omen dago.

Gogoratu du 1936an erreketeak Lezon sartu zirenean batzokia itxi, bahitu eta bere kideak ihes egin behar izan zutela. 75 urte luze geroago EAJ bera da Madrilgo agindua betez Lezoko kultur elkarte abertzale bat itxiko duena. Historiak kokatzen omen du bakoitza bere tokian, 1936ko Mola eta erreketeen ordez EAJ, EA eta EB eta Ertzaintza egingo omen dute lan hori gaur. Kezkatua azaldu da batik bat EAJk eta EA eta EB esker abertzalearen proiektu politikoaren esklusioa bultzatzeko prest ikustearekin.

Galdetu du ea non dagoen Ibarretxe lehendakaria eskubide bortxaketa hau delata, ea azaldu behar duen Lezoko Tiñeluko bazkideen eskubideen alde. Bere ustez autonomismoaren proiektua usteldua dago, ez du ezer berririk eskaintzen eta edozein proiektu berri subiranotasunaren inguruan izan behar omen du.

Mikel Mitxelena zinegotziak salatu du bilera honetara ez agertu izana EAJ eta EAko zinegotziak. Bere ustez bizkarra ematen diote egoera larri honi. Lotsa ematen omen dio batzarkide hauek izateak.

Beste parte hartzerik gabe bozketa egin da eta bilkuran diren zinegotzi guztien aldeko botoarekin mozioa onartu da.

4.- Proposamena, 2002ko udal aurrekontuko gastu partida batzuen arteko kreditu transferentzien bidezko kreditu aldaketarako espedientea onartzeko.

Alkateak aurkeztu du proposamena. Honela dio hitzez hitz:

2002eko aurrekontuko gastu-partida batzuen arteko kreditu-transferentzien bidezko Kreditu Aldaketarako espedientea, alkatearen 174. dekretu bidez hasitakoa, osatzeko, honako erabaki hau hartzea proposatzen dio alkateak Osoko Bilkurari:

2002eko aurrekontuko gastu-partida batzuen arteko kreditu-transferentzien bidezko Kreditu Aldaketarako espedientea, guztira 109.411,03 euro, onartzea. I eranskinean zehaztuta dator.

I ERANSKINA

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez, ez baita quorumik izan, haren urgentzia bozkatu da. Bilkuran diren zazpi zinegotziak alde bozkatu dute.

Proposamena aho batez onartu da.

5.- Proposamena, Antonio Pildain Eskola deituriko eraikina desafektatzeko aurretiazko baimenaren eskaera akordioa.

Alkatearen proposamenak honela dio:

Euskal Herria Plazako Jaizkibel Azpi eskola-eraikinaren handitze lanak bukatzen direnean, gaur egun Antonio Pildain eraikinean eskola jasotzen duten haurrak eraikin berrira pasatuko dira. Beraz, Hezkuntza Sailak ez du Pildain eraikin zaharra irakaskuntza beharretarako behar eta Udalak beste erabilera bat emateko aukera izango du.

Nahiz eta udalaren jabetzako eraikina izan, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aurretiazko baimena eraikin hori bere gaur egungo erabileratik desafektatzeko. Guzti hori apirilaren 10eko 605/1987 Errege Dekretuaren baitan.

Guzti horregatik, aipatu baimen eskaera egitea onartzea proposatzen diot Osoko Bilkurari.

Gaiak batzorde berri emailearen diktamena falta du eta horregatik gaiaren urgentzia bozkatu da. Bilkuran diren zazpi zinegotziak alde bozkatu dute.

Proposamena aho batez onartu da.

6.- Galde eskeak.

Alkateak zinegotzien artean ohar bat banatzera doala dio: Gobernu Batzordearen gelan zinegotziek dituzten buzoiak hustutzeko hamar eguneko epea emango dela. Hustu ezean udal langileek hustuko dituzte. Gobernu Batzordeko kide izan ez eta haren deialdiak jaso nahi dituen zinegotziak eskatu egin beharko ditu.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.418.etik 310.421.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna