2003.eko Otsailaren 28ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko otsailaren 28an, 19:35 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna), Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Iñaki Labaka Loperena (Batasuna), Inmaculada Muñoz Martinez (Batasuna) Iñaki Zabaleta Zabala (Batasuna), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Gurutze Sein Cordero (EA) eta eta Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA ).

Ez da bilkurara etorri eta etorri ezin izanaren berri aurrez eman du: Jesús Mª Martiarena Jaka.

Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

1.- Deialdiaren premiazkotasuna berrestea.

Mikel Antxon Arrizabalaga deialdiaren premiazkotasunaren aurka mintzatu da. Bere ustez denbora izan da deialdia egun gehiagorekin egiteko. Baita ere esan du izan direla gertaera larriagoak, euskal hiritarren hilketa adibidez, eta ez urgentziaz ez modu arruntean ez dela plenorik deitu.

Alkateak dio berak deitu duela gaurko bilkura. Beste gertaera horietan ez duela inork bilkurarik eskatu. Aldiz aste honetako gertaerengatik egunkari bat ixtearena, atxilotuek izan duten tratuarengatik, akusazioaren larritasunagatik eta plenoak egiteko eskaera egin dutelako berak urgentziaz plenoa deitu duela.

Deialdiaren premiazkotasunak aldeko bederatzi boto jaso ditu (alkatea, Batasuneko zinegotziak eta Eakoak), bi boto aurka (PSEko zinegotziena) eta abstentzio bat (EAJko zinegotziarena). Beraz deialdia berretsi da eta bigarren gaiari ekiten diote.

2.- Egunkaria eta euskalgintzako beste hainbat erakunderen kontrako erasoa salatzeko MOZIO proposamena.

Alkateak mozioaren zergatia azaldu du. Joan den astean, otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkariaren aurka hasitako operazio judizial eta polizialak, haserre eta kezka biziak sortu ditu euskal gizartean, izan ere, Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta Argia eta Jakin aldizkarietan, Ikastolen Federazioan, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioan eta Plazagunea-n eragindako kalteak, ez dira soilik adierazpen edota informazio askatasunaren aurkako ekintzak, euskararen aurkako eta, horrenbestez, Euskal Herriaren aurkako ekintzak baizik.

Euskalgintzako erakundeek, alderdi politikoek, sindikatuek eta hainbat ordezkari instituzionalek operazio hau salatu, Euskaldunon Egunkaria berriro ireki dadila exijitu eta atxilotuen askatasuna exijitzeko adierazpenak egin dituzte eta mobilizazio ugari eta jendetsuak egon dira Euskal Herri osoan.

Udalbiltzak, Kontseiluak eta beste hainbat erakundek ere gogor salatu dute operazio hau, euskal gizarteak sustatu eta eraiki dituen proiektuen eta Euskal Herriaren eskubideen aurkako erasoa argia eta zuzena baita. Aldi berean, Euskal Herriaren eskubideak defenditu, babestu eta bermatzeko ekimenak artikulatzearen premia nabarmendu da.

Atxilotuak izan direnek, tartean Xabier Alegria eta Luis Goia lezoarrak, komisaldegian Goardia Zibilaren eskutik tortura eta tratu latzak jaso dituztela salatu dute. Agerian geratu da beste behin ere, Lege Antiterroristaren aplikazioak, Goardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik egoteak alegia, ahalbidetzen duen tratu eta indefentsio egoera. Gertakari hauek berriro ere erakusten digute herri hau benetako demokrazia bidean jarriko duen marko berria eraikitzeko konpromisoa berretsi beharra, bide errepresiboa gainditu eta behingoz Euskal Herriari dagozkion eskubideak errespetatuaz.

Horrenbestez, eta egunez egun larriagotzen ari den egoera honen aurrean, garrantzi berezia dauka Lezoko Udalak ere, eraso hau salatzea, Euskaldunon Egunkariaren jarraipena exijitzea eta euskararen garapenerako funtsezko baliabidea den komunikabide honen jarraipena ziurtatzeko konpromisoak hartzea. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Udalen adierazpen eta engaiamendu publikoa eskatu du eta mozio bat proposatu Udalbatzarretan eztabaidatu eta onartzeko.

Mozioak honela dio, hitzez hitz:

"Otsailaren 20an Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkariaren egoitzak itxi eta 10 lagun atxilotu zituen, euskaraz idatzitako egunkari bakarraren aurkako operazioan. Argia eta Jakin aldizkariak, Ikastolen Federazioa eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa ere miatu zituen operazio hartan.

Eraso horiek, eta euskalgintzako beste erakunde batzuen aurka lehenago izandako beste hainbat, euskararen normalizazioaren aurkako estrategia kalkulatu eta iraunkor baten barruan kokatzen ditu KONTSEILUAk. Egoera horren aurrean ondoko mozioa aurkezten da Osoko Udal Batzarrean eztabaidatu eta onartua izan dadin:

  1. Lezoko Udalak Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta bere arduradunen atxiloketa salatu nahi du, euskararen normalizazioaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak direlako.
  2. Eraso hau euskararen aldeko jarduera oro susmopean jarri eta kriminalizatzeko saio bat gehiago delako eta euskararen normalizazio prozesua geldiaraztea helburu duelako tinko deitoratzen du Udal honek.
  3. Udal honek bere elkartasuna adierazi nahi die operazio honetan atxilotutakoei eta kartzelaratuen berehalako askatasuna eskatzen du, bereziki Xabier Alegria lezoarra eta zinegotzi ohiarena. Euskaldunon Egunkariko langile, arduradun, eta irakurleei ere elkartasuna adierazi nahi die, bai eta Argia eta Jakin aldizkari, Herri Irratia, Ikastolen Federazioa eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko kide guztiei ere.
  4. Bide batez, atxilotuak izan direnek jasandako tortura eta tratu txarren salaketak direla eta, Luis Goia eta Xabier Alegria lezoarren egoeraren jarraipen zehatza egiteko konpromezua hartuko du, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz, familiari laguntza eta egoera hau salatzeko antolatzen diren ekinbideetan parte hartuz, baita herritar guztiei horretarako gonbidapena eginez ere.
  5. Udal honek Euskaldunon Egunkariaren aurkako erasoa amaitu eta kioskoetan berriro egon dadila exijitzen du.
  6. Udal honek Euskaldunon Egunkaria berrabiarazteko beharrezkoak diren diru laguntzak ematea erabakitzen du."

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ez omen du alde bozkatuko printzipioengatik: Batasunarekin batera ez bozkatzeko Batasunak beste gertaera batzuk kondenatzen ez dituen bitartean. Bere taldeak beste mozio bat aurkezten du gertaera hauen aurrean. Honela dio irakurri duen mozioak:

Lezoko Udaleko "Socialistas Vascos ? Euskal Sozialistak" Zinegotzi taldeak ondorengo Mozio hau aurkezten dio Udalbatzari:

"1.- Bere kezka azaldu "Euskaldunon Egunkaria" itxi eta zigilatu izanaren aurrean, eta hartako zenbait zuzendari eta kazetari atxilotu izanaren aurrean.

2.- Kontuan izan ezen, kazetariak atxilotzea eta komunikabideak ixtea salbuespenezko neurriak direla, eta horrek zuzeneko eragina duela gizarte demokratikoaren oinarriko bi zutoinen baitan: adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna.

3.- Horren ildotik, Entzutegi Nazionalak gardentasunik txukunenaz joka dezala nahi genuke, eta ahalik eta azkarreneko menduz argi daitezela atxilotuei leporatzen zaizkien karguak eta akusazio horiek sostengatzen dituzten frogak, eta eskatzen du, berriro lehenbailehen zabal dadila "Euskaldunon Egunkaria".

4.- Euskara Herri honen ondarea izaki, haren erabilpen patrimonialista edo alderdikeriazko oro salatzen dugu."

Pello Garbizuk dio ez dela premiazkotasuna nahiko justifikatu. Alkateak aurkeztutako mozioari emendakin partzial bat aurkeztu dio EAJ eta EA alderdien izenean. Alkateak Kontseilukoek proposatutako mozioa aldatu egin omen du testuaren sarreran eta laugarren eta seigarren erabaki proposamenetan, horregatik aurkeztu omen du emendakina. Salatzen du Kontseiluko mozioa udaletik jaso ez izana eta horren ardura alkateari leporatzen dio.

Pello Garbizuk aurkeztu duen emendakin partzialak honela dio:

" Proposamenari zatikako emendakinak

  1. Sarrera
  2. Alkatetzatik egiten duen proposamena Kontseiluak egindako proposamenean oinarrituta dago; emendakin zenbait egin zaizkio sarrerako bigarren paragrafoan eta hirugarren eta azkeneko puntutan. Laugarren puntua ez da Kontseiluaren proposamenean agertzen, erantsi bat da.

    Esan behar dugu Kontseiluaren proposamena ez dugula Udal erakundetik lortu ahal izan, geure kabuz baizik. Alkatetzak emendakinak egiteko betarik izan duen bezala, ez dugula geuk horrelakorik izan azken ordu arte.

  3. Alkatetzaren proposamenaren 4. puntuari emendakina
  4. Puntua hau ez da Kontseiluaren proposamenean agertzen. Hau da bere ordez egiten dugun proposamena:

    "Giza Eskubideen Adierazpenak aitortzen duenez, guztiok gara errugabe besterik frogatzen ez den artean. Eta errugabetasun hori aldarrikatzen dugu atxilotuentzat eta deitoratzen euskararen aldeko lanean urtetako lana egin duten lagunak horrela espetxeratuak ikusteak, gizartean sortu duen haserrea eta mindura.

    Halaber, gogor salatzen dugu Pello Zubiriarekin izan duten gizalege gabeko jokabidea, gaixorik egonda inkomunikatu eta familiari berari ere ukatu egin bait diote haren osasun egoerari buruzko informazioa. Gizalegearen izenean, Pello Zubiriari, Euskararen Aholku Batzordeko kide ohiari, bere osasun egoera kontuan izanda, presoaldi prebentiboa altxa diezaiotela eskatu nahi dugu.

    Gizakiaren duintasuna eta pertsonari dagozkien urratu ezineko eskubideak gisa-bakearen eta ordenamendu politikoaren oinarri dira. Askatasun eta oinarrizko eskubideei buruzko arauak Giza Eskubideen Agiriaren arabera interpretatu behar dira beti, eta gizaki orok du bizitza eskubidea eta osasun físiko eta moralerako eskubidea. Ezin dira inongo kasutan ere, tortura, zigor edo ta tratu txarrak onartu.

    Egindako tortura eta tratu txarren salaketen aurrean, Lezoko Udalak eta beste zenbait erakundek egin duen legez, bere kezka azaldu nahi du eta Luis Goia eta Xabier Alegria lezoarren egoeraren jarraipen zehatza egiteko konpromisoa hartzen du, horretarako beharrezko diren baliabideak jarriz, familiari laguntza eskainiaz. Halaber, atxilotuek salatu dituzten tratu txarrak zorrozki eta azken muturreraino iker eta argitu daitezela eskatzen du"

  5. Alkatearen proposamenaren 6. puntuari emendakina

Kontseiluaren proposamenak beste hau dio: "Udal honek Euskaldunon Egunkari berrabiarazteko XX euroko diru laguntza ematea erabakitzen du"

Gure ustetan horrela behar du izan:

"Udal honek Euskaldunon Egunkaria berrabiarazteko beharrezkoak diren diru laguntzak ematea erabakitzen du, bere baliabideen arabera."

Alkateak Pello Garbizuri erantzunez dio bilkura deialdia egin zenean Kontseiluko moziorik ez jaso gabe zegoela udalean. Bestalde iruditzen zaio Lezoko udala ezin dela isilik geratu gertaera hauen aurrean, horregatik ere lezoarrak izan duten tratuari buruzko aipamen zehatza egitearen beharra dagoela dio alkateak. Eztabaida ez omen da zein mozio hartzen den oinarritzat edo deialdiaren urgentzian.

Imanol Esnaolak dio herrian badirela Kontseiluko partaideak eta ez diola zergatik alkateari eskatu behar haien mozioa, Kontseilukideetara jotzea besterik ez duela. Historian zehar antzerako egoerak gogora ekarriz egoera tragikoa dela dio. Izaera nazionala eta hizkuntza euskara duen egunkari bakarra, bere zutabeetan joera guztiak jasotzen zituen egunkaria ixteak betiko xenofobia bistan usten omen du.

Dio Martxelo Otamendik ez duela kondolentziarik eskatu konpromisoa baizik. Galdera hauek egiten ditu, ea nork ziurtatuko dion euskalgintzan ari direnei beste egunkari baten edizioa; ea nork ziurtatuko duen torturarik ez dela izango. Beste alderdiei leporatu die bere mozioetan bi lezoarrek jasan omen dituzten torturen aipamenik.

Jende artetik azken atxilotuen senitartekoek eta beste herritar batzuek hitz egin dute arazo larri hauen konponketa eskatuz alderdi politikoei.

Mikel Antxon Arrizabalagaren iritsiz ETAren desagerpena behar da, ETAk ukitzen duen guztia kutsatzen omen du eta hildakoak tartean direlarik saila omen da ezer konpontzea.

Imanol Esnaolak dio kutsadura kanpokoa den zerbait dela eta hemen kanpokoa Espainia omen da bere lege eta bere poliziekin. Madrilgo agindua betetzea mahai honetan leporatu die PSEko zinegotziei. Dio zalantzarik ez izateko berriro ere egunkaria egingo dela. PNVri buruz dio duela erabaki beharko duela zer egin, edo duela 13 urte izan zuen kontrako jarrera edo orain berriro eraikiko denari lagundu.

Mikel Antxon Arrizabalagak gogoratu nahi du Egunkariak Eusko Jaurlaritzatik jasotako lehen dirulaguntzak PSEri esker jaso zituela. Galdetu dio ea nola konpondu behar duen kutsadura espainolista, edo hiltzen edo esterminatzen. Dio tregua garaian ez omen zen inongo egunkaririk itxi. Ez omen du inongo eragozpenik bere izena emateko egunkaria berri baten alde.

Alkateak dio konponbidearen beharra dagoela, urte askotako sufrimendua duten senideak omen ditugu behar horren adierazle nabarmenena. Dena den gaur hemen hitz egindakoa aurrera pauso bezala hartu du. Halere esan du alderdi bakoitzak bere ardurak dituela. Zentsu horretan PNV esan dio bera izan dela guardia zibilei eta Audientzia Nazioanalari bidea erakutsi diona. Bakoitzari berea aitortuz esan du egia dela PSEk PNV baino jarrera hobeagoa izan duela Egunkariarekiko orain arte. PSEri buruz dio atxiloketa, inkomunikazio eta Audientzia Nazionala bezalako erakundeak existitzea beraien erantzukizun zuzena ere badela. Aurrera pausoa egin asmoz eta gutxienezko adostasuna lortu aldera hiru mozioak banan bana bozkatzea proposatu du, PNVri eskatuz emendakin bezala aurkeztu ordez beste mozio baten izaera eman diezaion, horrela egin ezean bozketan mozioren bat ez onartzea suposatuko baitu.

Pello Garbizuk alkateari leporatu dio emendakina izatearen arrazoia, aurrez mozioak kontseatu ez izatean. Dena den emendakina erretiratu eta testu bereko mozioa bozkatzea onartu du.

Alkateak dio bilera aurretik bazuela planteatzerik kontsetsoa.

Eztabaida luze baten ondoren alkateak proposatuta hiru mozioak banan bana bozkatu ziren, mozioen arteko kontraesanik ez dagoelako eta aurkezleak ere onartu dutelako horrela bozkatzea.

PSEk aurkeztutakoak aldeko hiru boto izan zituen (PSEko eta EAJko zinegotzienak), aurkako bi (EAko zinegotzienak) eta zazpi abstentzio (alkate eta Batasunako zinegotzienak). Ondorioz onartu egin zen.

EAJ-EAk aurkeztutako mozioak aldeko bost boto izan zituen (EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak) eta zazpi abstentzio (alkatea eta Batasunako zinegotzienak). Beraz, mozia hau ere onartu egin zen.

Alkateak proposatutako mozioak aldeko hamaika boto izan zituen (alkatea eta Batasunako zinegotziak, EAko zinegotziak eta PSEko zinegotziak) eta abstentzio bat (EAJko zinegotziarena). Beraz, mozio hau ere onartu zen.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:30 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.492.etik 310.497.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna