2004.eko Otsailaren 2ekoa

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2004ko otsailaren 5ean, 8:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Ocerin Ibañez (EA taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea) Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea) eta Maria Luz Anglada Gonzalez (PP taldea) .

Ez dira bilkurara etorri: Ainhoa Villanua Ayuela (PSE taldea) eta Isabel Lopez Aulestia (IU-EB taldea). Azken honek ezin etorri izanaren berri aurrez eman du.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

Alkateak bilera hastearekin batera eskertu die zinegotziei bilera egun bat atzeratzeko inongo eragozpenik jarri ez izana: ohiko bilkurak atzo behar zuen baina Eudel erakundeak antolatutako jardunaldi bat dela medio eta bertara joateko aukera izateko, bilkura egun batez atzeratzeko alkateak egindako proposamena onartu zuten zinegotzi guztiek, gaur etorri ez den Isabel Lopez Aulestia barne.

1.- Egoki irudituz gero, ondorengo osoko bilkura hauetako aktak onartzea: urriaren 1ean eta abenduaren 3an ohiko izaerarekin egindakoarenak eta uztailaren 30ean aparteko izaerarekin egindakoarena.

Uztailaren 30ko aktari alkateak ondoko zuzenketa hau proposatu dio: euskarazko aktan lehen orriko 12. lerroko ( erdarazkoan 12. lerroko) esaldia osatu. Orain dio: ?... Lezoren Alde Plataformako lau kideei eskatu die, ...? Eta esan behar du ? ... Lezoren Alde Plataformakoei, Aitor Sarasola, Mikel Mitxelena, Juli del Sol eta Ima Muñozi, eskatu die, ....?

Zuzenketa horrekin akta ahobatez onartu da.

Urriaren 1eko akta eta abenduaren 3koa inongo zuzenketarik gabe ahobatez onartu dira.

2.- Diktamena: S-3 Sektorean Babes Ofizialeko Etxebizitzak esleitzeko Baldintza Pleguaren onarpena.

Alkateak Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordearen diktamena aurkeztu dio osoko bilkurari. Diktamenak honela dio:

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak, 2004ko urtarrilaren 21ean egindako bilkuran ondorengo hau

Diktaminatzen du:

BAT:: S-3 Sektorean 56 Babes Ofizialeko Etxebizitzak esleitzeko baldintza plegu administratiboa onartzea.

Bi: Etxebizitza horien salneurria 1.152 euro m2/erabilgarriko izango da 75 m2 baino azalera handiagoa dutenentzat eta 1.267 euro m2/erabilgarriko 75 m2ko azalera edo txikiagoa dutenentzat, eranskinentzat 426 euro m2/erabilgarriko. Salneurri hauei BEZa gehitu beharko zaie.

HIRU: Lezoko Alkateari ahalmena ematea, onarturiko pleguak dakartzan betebehar guztiak aurrera eman ahal izateko eta bere exekuzioak eskatzen duen agiri oro emateko.

LAU:: Plegu horren baldintzen efektuak eta etxebizitzen esleipenerako prozedura ez dira hasiko, harik eta haiek, dagokion erakunde eskuduntzadunaren aldetik, babes ofizialeko etxebizitzen behin behineko sailkapena jaso arte.

Aho-batez onartu du diktamena osoko bilkurak.

3.- Alkatearen Dekretuak berrestea.

Alkateak dio, ez dagoela osoko bilkurak berrestu behar duen erabakirik. Dena den kontu eman du Udal Gobernu Batzarraren eraketaz: Toki Gobernua Berritzeko Neurrien 57/2003 legea dela medio, Gobernu Batzordea zena Udal Gobernu Batzarra izatera pasa da. Haren eraketa, aurrez zituen eskumen berberekin, urtarrilaren 29ko 59 dekretu bidez egin duela jakitera eman die zinegotziei.

4.- Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak dio, abenduaren 16an Oarsoaldea, S.A.ko kontseiluaren bilera izan zela. Bertan, besteak beste, Agenda XXI-ren aurkezpena, Itsasgelaren egitasmoa, eskualdeko telebista berriaren egitasmoa, 2004. urterako gestio plana eta aurrekontuen behin betiko onarpena, Itourbask Turismo Bulegoen Sarearen aurkezpena eta Donostiako Plan Estrategikoaren edukiek eskualdean duten eraginaren aurkezpena egin omen ziren.

Baita ere, abenduaren 15ean egindako Badia Berri, S.A.ko kontseiluaren bilerako berri eman du alkateak. Bertan, Feder Kontribuzioaren 4. Ziurtagiriaren kobrantzaren kontu eman omen zen eta baita Hiri Berrikuntzarako Programa Estrategikoa (HBPE) proiektuaren azterketa.

5.- Galde-eskeak.

5.1. Jende artetik Iker Salaberriak dio Lezoren Alde Herri Plataformak ekainean eta uztailean egindako eskaerek erantzunik ez dutela jaso.

Alkateak dio, batzuei erantzun ziela eta begiratuko duela ea erantzun gabe zer dagoen.

5.2. Jende artetik Aitor Sarasolak galdera batzuk egin ditu:

5.2.1. Galdetu du, S-3ko etxebizitzak eraikitzeko obrak hasi diren honetan, ea eguneko zentroaren inguruan ba den berririk eta zertan den Aldundiak proiektu horretarako emandako dirulaguntza.

Iñake Urrestarazuk, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, dio, obrak hasi direla eta aste honetan bertan bidaliko dela Aldundira hirigintzako teknikariak egindako txostena.

5.2.2 Galdetu du, Txingudiko errauskailuaren inguruko zein informazio dagoen. Horren inguruan ohartu du, Lezoren Alde plataformakoek gaur bertan udal erregistroan aurkeztu duten idatzi bidez batzorde berezi eta ireki bat osatzea eskatu diotela alkateari.

Alkateak dio, errauskailuaren inguruan udalean den dokumentazio bakarra irailaren 9an Jaurlaritzatik bidalitako idatzia dela, Txingudiko Mankomunitatearen asmoen berri emanez, eta udalak irailaren 30ean San Markos Mankomunitateari igorritako idatzia non, Txingudikoen asmoen inguruko txosten teknikoa eskatzen zen.

Alkateak dio jarraipen zorrotza egingo zaiola gaiari.

5.2.3. Galdetu du zertan den kiroldegi ondotik Altamira aldera doan zubiaren obra, ea zer gertatu den zubia ez irekitzeko edo obra ez bukatzeko.

Alkateak dio ez dakiela obra geldirik dagoen. Berak dakienez, zubitik Altamirara doan maldak ez du irisgarritasun legea betetzen.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuaren hitzetan, aurreko korporazioak jarraipen egokia egin ez izanaren ordaina omen da obra horren egoera. Lezoko elbarrien elkarteak Aldundiaren aurrean salatu duenez, maldak ez du irisgarritasun legea betetzen. Orain bi aukera aztertzen ari omen dira auzia konpontzeko: igogailua jartzea edo malda kentzea, biak koste handikoak eta udalak ordaindu beharrekoak. Horiek omen dira zubia itxia egotearen arrazoiak.

5.2.4. Galdetu du ea zertan diren 2004ko udal aurrekontuak eta ea, aurrekontuaz gain, ez den aurkeztu behar aurtengorako lan plangintza egitasmorik.

Alkateak dio, zirriborroa nahiko aurreratua dagoela eta laster onarpen prozedurari ekingo zaiola. Baita ere dio, ez dela lan plangintza egitasmo dokumenturik izango, udal aurrekontua planifikazio tresna nahikoa delako.

5.2.5. Galdetu du, Hirigintza Arduradun lanpostuaren praktikaldi garaia ebaluatzeko batzordeak erabiliko dituen balorazio irizpideak finkaturik dauden.

Alkateak dio, hori ez dela osoko bilkuraren gaia, ebaluazio batzordearen kideen baitan dagoela irizpideak izatea eta beti ere lanpostua hornitzeko aukeraketako oinarriek diotenaren arabera egingo dela.

5.2.6. Galdetu du, Algeposaren ondoko herri bidearen auzia dela eta, ea aurreko bilkuran eskatu zen batzorde bereziaren inguruan pausorik eman den.

Alkateak dio ez dagoela berririk.

5.2.7. Esan du, irailaren 16an Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak emandako 335. dekretuaren aurka denuntzia idatzia aurkeztu dutela gaur erregistroan.

Alkateak galdetu dio ea galdera zein den, idatzia erregistratu badute, ikusiko duela eta.

Aitor Sarasolak idatziaren edukiari buruz jarraitu du hitz egiten, eta zenbait zinegotziren kexaren ondoren eta galdera gehiagorik egin ez denez, bilkura bukatutzat eman du alkateak.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:15 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.732.etik 310.735.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna