Igerilekuen erabilera komuna 31n amaitzen da

Or, 2013-05-24 09:31

Balorazioa positiboa da: zortzi hilabetetan 3.000 erabiltzaile izan dira Oarsoaldeako igerileku komunen zerbitzua erabaili dutenak. Datorren urtean jarraitzeko aukera aztertzen ari dira

Oarsoaldeko igerilekuen erabilera komuna datorren ostiralean, hilaren 31n, amaituko da udako denboraldiaren hasierarekin batera. Horrela eman du aditzera Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak. Ekainaren 1etik, beraz, instalazio bakoitzeko pertsona abonatuak bere instalazioetara bakarrik joan ahal izango dira, ez eskualdeko instalazio guztietara.

Aurtengoa bigarren ikasturtea izan da igerilekuen erabilera komuna egin dena. 2011-2012 ikasturtean hiru hilabeteko froga egitea proposatu zuen Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak. Epe horretan, instalazio ezberdinetako abonatuek igerileku publiko guztiak erabiltzeko erabakia hartu zuten.

Esperientzia positiboa izan zen, eta 2012-2013 ikasturtean zortzi hilabetera luzatu da egitasmoa. Epe horretan, 3.000 erabiltzailetik gora kontabilizatu dira. Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak osatzen duten lau udaletako ordezkariek –Lezo, Oiartzun, Errenteria eta Pasaia– pozik daude lortutako emaitzarekin.

Era berean, nabarmendu dute neurri honekin “ezer gehiago kobratu gabe, berea ez den udalerrian lan egiten duten pertsonek bertako igerilekura joan, denbora hobeto antolatuaz, edo eskualdeko herri desberdinetako familia eta lagun taldeek jarduerak taldean egin, elkarrekin igerilekuan egun pasa eginez, edo, besterik gabe, eskualdeko kirol instalazioak ezagutzera emateko aukera eman” duela.

Jasotako datuak aztertu eta hurrengo ikasturtean ekimenarekin jarraitzeko aukera “baloratuko” dutela aurreratu dute.

Arloa edo saila