2023ko ekainaren 27an Donostiako epaitegitik jasotako epaiaren ondorioz, Lezoko Udalak, beranduenez datorren uztailaren 27rako, Lobato etxea hustu behar du. Epaia argitaratu den unetik aurrera, eraikin horretan gertatu litekeen edozein ezbeharren erantzukizuna Lezoko Udalarena izango da.
Kronologia
Altzate berriko obren kontura, 2023ko otsailean Lobato etxearen berehalako aurria (ruina) deklaratzeko eskaera egin zuen Lobatoko etxejabeak. Ondoren, Lezoko udal arkitektoa, bertan erroldatua dagoen pertsonarekin harremanetan jarri zen eraikinaren egoera aztertzeko. Hainbat saiakera egin ostean eta erroldatutakoak hitzordua apirilera arte atzeratzea proposatu zuela ikusita, arkitektoak eraikina kanpotik ikuskatuta osatu zuen txostena.
Txostenean ondorioztatu zen eraikina berehalako aurri egoeran dagoela; besteak beste, kanpoaldean edozein momentutan eror daitezkeen elementuak ageri baitziren. Hortaz, Lobato eraikina ahal zen bezain laster hustu eta eraitsi behar zela.
Txosten hori oinarri hartuta, 2023ko martxoaren 15ean alkatearen dekretua argitaratu zen, eraikina aurri egoeran deklaratuz eta bertan bizi zirenei lehenbailehen ateratzeko aginduz.
Lobaton erroldatutako pertsonak Donostiako epaitegian kautela-neurria eskatu zuen, baina epaitegiak ez zuen onartu haren eskaera. Ondotik, Lezoko Udalak, epaitegian etxebizitza utziarazteko aginduz etxean sartzeko nahitaezko baimena eskatuta, 2023ko ekainaren 27ko epaia iritsi da.
Lezoko Udalaren betebeharra
Lezoko Udal berria joan den ekainaren 17an eratu zen, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondorioz, eta udal gobernuan talde berria dago: EH Bildu.
Beraz, udal gobernu honek orain arteko kudeaketan zeresanik ez du izan, eta betebehar edo epailearen agindu hori jaso du.
Lezoko Udalaren jarrera eta proposamenak
Udal gobernu berria, Lobato etxean bizi diren herritarrekin harremanetan jarri da, haien egoeraren berri jasotzeko, eta egoera bideratzeko ahalik eta modu egokiena bilatzeko.
Horrela, haiek eskatu bezala, eraikina husteko amaierako data arte itxaroteko konpromisoa hartu dugu. Horrekin lotuta, gure aldetik bi proposamen egin dizkiegu:
- Batetik, Errenteria-Oreretako Maddalen jaiak gertu zeudela aintzat hartuta, jendea arriskuan ez jartzeko Lobaton festarik ez antolatzea.
- Bestetik, eraikinaren hustutzea Lezoko Udaltzaingoa bidalita egitea; alegia, Ertzaintza bidali behar izan gabe.
Horrekin batera, gaia Lezoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara bideratu dugu, eta Lobatoko bizilagunekin harremanetan jarri dira. Horrela, alokairurako ohiko laguntzez gain, udalak esan die prest dagoela pentsio bat denbora batez ordaintzeko (hilabete bat-bi, beste zerbait aurkitu arte).