Atzo Mikel Arruti Lezoko alkatea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Teo Alberro Pasaiako alkatea lehen aldiz bildu ziren Izaskun Goñirekin, Pasaiako Portu Agintaritzako Lehendakari berriarekin.
Atzo, maiatzaren 5ean, bildu ziren lehen aldiz Pasaiako Portu Agintaritzako (PPA) lehendakari berriarekin portu inguruko herrietako alkateak. Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendari Jose Luis Azkue eta Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendari David Candelario ere bertan izan ziren.
Lehen hartu emanean egungo egoera hobetzeko konpromisoa azaldu eta portuaren eta udalen arteko elkarlanak jarraipena izan dezan eskaera egin zioten alkateek PPAko lehendakariari. Izan ere, portuak inguruko herrietan duen eragin zuzena kontuan izanik, ezinbestekoa da lanketa koordinatua egitea. Horregatik, hiri-portu batzordea osatzeko eskaera egin zioten Goñiri.
Mikel Arruti Lezoko alkateak azaldu duenez, “PPAko lehendakariak proposamenak entzun eta elkarlanerako prestutasuna adierazi zuen, eta abiapuntu egokia da etorkizunean landu beharreko gaiei heltzeko”. Hain zuzen ere, alkateek hainbat arlotako gaiak lantzeko beharra dagoelako proposatu zioten portuko lehendakariari Hiri-Portu batzordea sortzea. Besteak beste, PPAk inguruko herriei egiten dien ekarpen ekonomiko eskasa, euskararen erabilera edota portuaren jardunak inguruko herritarrengan duen eragina eztabaidatzea.
Bileraren balorazio positiboa egin du Arrutik, etorkizunean elkarlana bermatzeko eta herrien eta portuaren arteko koordinazioa lantzeko konpromisoak herritarren onura ekarriko baitu.