Enpresa interesdunek ekainaren 22a arte izango dute eskaerak aurkezteko epea eta eskaintza hobenari esleituko zaio lanak exekutatzearen ardura.
Eraikitze lanak irailean hasi eta lau hilabetez luzatzea aurreikusi du Udalak; horrenbestez, igogailua urte amaierarako eta 2021eko hasierarako prest egongo litzateke.
Lezo herri atseginagoa eta lezoar guztiei egokitutakoa eraikitzeko bidean, udal gobernuaren lehentasunetako bat da, lehen egunetik, herriko irisgarritasuna hobetzearen alde lan egitea Lezon bizi diren herritarren bizi kalitatearen, mugikortasunaren eta ongizatearen mesedetan.
Ildo horretan, azken urteetan hainbat lan egin ditu Udalak herriko muga arkitektonikoak ezabatu eta Lezo irisgarriagoa egiteko, esanguratsuenetarikoa Altamirako igogailua 2019an. Aipatu hori Irisgarritasun Planaren osagarria den Irisgarritasun Plan Bertikalean jasoa dago eta herriko lehen igogailua izan zen, baina ez azkena.
Izan ere, udal gobernuak, hauteskunde programan agindutakoa beteaz eta Plan Bertikalari jarraipena emanez, oraingoan urrats bat gehiago eman du eta dagoeneko lizitaziora atera ditu Ijurkoko igogailua eta Lezoko bigarrena izango dena eraikitzeko lanak.
Gauzak horrela, enpresa interesdunek hilaren 22a arte dute eskaerak aurkezteko epea. Eskaintza hoberena egiten duena izango da, ondoren, lanak exekutatzearen arduradun.
Behin esleipena eginda, eraikitze lanak irailean hastea aurreikusi da eta horiek lau hilabeteko iraupena izango dute. Horrenbestez, igogailu berria urte amaierarako edo 2021eko hasierarako prest eta martxan egotea espero da.
Igogailuaren nondik-norakoak
Lezoko Udal gobernuak, hauteskunde programan agindutakoari jarraiki eta emandako hitza beteaz, Ijurko auzoko Aralar eta Auñamendi kaleen artean dagoen desnibelari erantzuna eman eta eremua herritar ororentzat irisgarria egiteko, bertan igogailua eraikitzeko urratsak egiteari ekin zion jada 2019an.
Gauzak horrela, 2019ko irailean, Oinarrizko Proiektua aurkeztu zen Udalean eta hori jendaurrean jarri ondoren, proiektuari zenbait aldaketa egiteko eskaera jaso zuen Udalak bertako bizilagun batzuengandik.
Eskaera horiei erantzuna emate aldera, beraz, oinarrizko proiektuari eskatutako aldaketak txertatu zitzaizkion: igogailua Auñamendi 9ko etxebizitza-eraikinaren fatxadatik aldentzea batetik eta igogailuaren eta etxebizitza-eraikineko horma-zokaloaren artean sortutako espazioa espazio itxi bat sortzeko aprobetxatzea, bestetik.
Hori guztia kontutan hartuta, Ijurkoko igogailuak Aralar kalean izango du sarrera eta horrez gain beste bi geldiune izango ditu: Auñamendi 5,7 eta 9 zenbakiek duten terraza publikoan lehena eta kale bereko 9. zenbakiaren goialdean bigarrena. Noski, sarreran zein beste bi geldiunetan irisgarritasuna bermatua egongo da.