1 sektoreko D lurzoruan eraikiko dira. Lezoko anbulatorio berria eraikin honen behealdean kokatuko da.
2 urteko epean, Lezok 52 zuzkidura-bizitoki berri izango ditu. Eraikin berri horiek Lezoko 1. sektoreko "D" izeneko lurzoruan kokatuko dira, Jaizkibel Hiribidea eta Aralar kalea elkartzen diren eremuan.
Horretarako, Lezoko Udalak obra lizentzia eman dio Eusko Jaurlaritzari eta lehen indusketak irailean hastea aurreikusten da.
Apartamentuek sukalde osoa eta bainugela izango dute eta gehienez ere 5 urterako alokatuko dira. Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa 4.700.000 eurokoa izango da, gutxi gorabehera.
Lezoko udalerrian egongo den mota horretako lehen ekipamendua da, eta, horrela, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jarraipena emango dio gizarte-bizitoki tipologia honen sustapenari.
Helburu nagusia da etxebizitza libre bat eskuratu ezin duten pertsonei ostatua ematea alokairu-formularen bidez. Beharrak dituzten kolektiboei ostatu iragankor eta soziala ematea, azken finean.
Lagapen hauek hileko kanon bat ordaintzea dakarte, eskatzaileen ostatu motaren eta errentaren arabera.
Ostatu moten araberako banaketa honako hau da: logela bateko 44 bizitoki (egokitutako 2 bizitoki barne) eta bi logelako 8 bizitoki. Jasangarritasun energetikoari dagokionez, helburua A kalifikazio energetikoa duen eraikin bat eraikitzea da.
Anbulatorio berria
Eraikin horretan bertan, behealdean, Lezoko anbulatorio berria ezarriko da, 786,50 metro karratu izango dituena.
Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatearen esanetan, "oso albiste ona da. Ez bakarrik behar handiena duten pertsonentzako etxebizitzak sortuko direlako, baita Lezoko anbulatorio berriak izango duen kokapen berriagatik ere. Berritu egin behar zen, herritarrei zerbitzurik onena eskaini ahal izateko ".
Proiektua udaletxean egongo da eskuragarri eta edozein herritarrek kontsultatu ahal izango du.