Lezoko herri-gunean usoen populazioaren dentsitatea murrizteko lanak egingo dira abenduaren bukaeratik aurrera. Harrapaketa-lanak kaiolen bidez egingo dira, aurrez identifikatutako eraikin jakinetan, Euskal Fauna enpresaren eskutik eta Foru Aldundiaren baimena izanik.
Lezoko Udalak usoen populazioa murrizteko neurriak hartuko ditu herri-guneko alde zaharrean, abenduaren bukaeran hasita. Lan horiek Euskal Fauna enpresa espezializatuak burutuko ditu, aurrez egindako populazio-azterketan oinarrituta. Azterketa horrek agerian utzi zuen herri-gunean usoen dentsitatea handiegia dela eta premiazkoa dela neurriak hartzea.
Harrapaketa kaiolen bidez egingo da, alde zaarrean kokaturik dauden aurrez identifikatutako zenbait eraikinetan. Era berean, Udalak Foru Aldundiaren beharrezko baimena lortu du lan horiek egiteko. Harrapaketak epe motzeko neurri eraginkor gisa planteatzen dira, baina epe luzerako konponbidea lortzeko ezinbestekoa izango da usoek babesa eta elikagaia aurkitzen duten tokietan ere jardutea.
Udalak herritarrei esker ona adierazi nahi die lan horiek egiteko beharrezko laguntza eta ulermena eskaintzeagatik. Jarduera hauen helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta hirigunean oreka ekologikoa berreskuratzea da.