Zubitxo kaleko ezki zuhaitzetan amona mantangorriak jarri ditu Lezoko Udalak, zorrien ondorioz askatzen duten erretxina desagerrarazteko.
Ezkiek zorriak hartzea oso ohikoa da. Hori gertatzen denean, zuhaitzek erretxina askatzen dute eta inguru guztia zikintzen dute. Erretxina hori oso desatsegina da, autoetan, altzarietan, kalean… itsatsi egiten baita.
Zorriak ugaltzea ohikoa da, baina izurria ekiditeko, zorriez elikatzen diren intsektuak askatzen dira. Zubitxo kaleko ezkietan konkretuki Adalia Bipunctata espeziea (amona mantangorriak). Ezkietan blister deritzen kaxa batzuetan amona mantangorrien 40 larba inguru jartzen dituzte.
Amona mantangorriak landare zorriz elikatzen direnez, plaga kontrolatu egiten dute, lan egiteko modu hau ‘kontrol biologikoa’ da horregatik. Ez da produktu kutsakorrik ezta ingurumenerako kaltegarria den beste metodo inbasiborik erabili behar.
Izurriteak kontrolatzeaz gain, modu jarraian egiten bada kontrol biologikoa, zorriak desagertzera iritsi daitezke. Izan ere, urtero ugaltzen dira zorriak ezkietan, eta amona mantangorrien populazioa mantentzeko, jarraipena egin behar zaio egoerari. Aurten, hirugarrenez jarri dira blisterrak Zubitxo kalean.
Dagoeneko oso nabaria da kontrol biologikoaren eragina, azken urtean ia ez da erretxinarik egon eta ez da kalterik erregistratu. Hori dela eta, Lezoko Udalak hirugarren urtez ekin dio metodologia horri.