2005.eko Urriaren 5ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2005eko urriaren 5ean, 8:40etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea) eta Maria Luz Anglada González (PP taldea).

Ez da bilkurara etorri Isabel López Aulestia (IU-EB taldea), ezta Ainhoa Villanúa Ayuela ere (PSE taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

Gai zerrendarekin hasi aurretik, deialdiarekin batera bidalitako gai zerrendan dauden bi akats zuzendu ditu alkateak: hirugarren eta laugarren gaietako izenburuak ez daude ondo, lehen kasuan ?berri eman? ordez ?onartu? baita eta bigarrenean ?berrestu? ordez ?kontu ematea? baita. Zuzenketa horiekin ekin zaio bilkurari.

1. 1. Egoki irudituz gero, 2005ko ekainaren 30 eta uztailaren 12ko osoko bilkurako aktak onartzea.

Bi aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- 2006ko Ordenantza Fiskalak onartzeko diktamena.

Kontu eta Ogasuneko zinegotzi delegatuak osoko bilkurari aurkeztu dio Kontu eta Ogasun Batzordeak 2005eko irailaren 28an onartutako diktamena:

?Haziendako delegatuak azaldu ditu 2006. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontu-hartzailetzaren informeetan oinarriturik, eta hura eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.),Iñake Urrestarazu (E.A.) eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Mikel Antón Arrizabalagaren (PSE-PSOE) abstentzioarekin, ondorengo proposamen hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

1.- Ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketa

· 2006 ko egutegi fiskala

· Ondasun higiezinen zerga

· Ura hornitzea eta hartuneak

· Zabor bilketa

· Norbaitek eskaturik ematen zaizkion dokumentuak

· Bekoerrota Kiroledegia eta Altzate Piszinak

2. Ondorengo Ordenantza hauek onartzea:

· Ludoteka zerbitzua

· Festetan barrakak jartzeko.

· Kulturako materiala saltzeko tarifak?

Jendartetik Aitor Sarasolak hartu du hitza eta Herri Plataformaren izenean dio udal zergek, aurrekontuetan duten eraginagatik, udal finantziazio politikaren ondorio izan behar dutela eta ez, orain aurkezten den moduan, erabaki isolatua. Egoeraren larritasuna gogoratu du, aurtengo udal aurrekontuetan jasotako diru sarrera arruntak ez baitira nahikoa gastu arrunta eta maileguak ordaintzeko. Zergak erabakitzerakoan eztabaida eta hausnarketa gai horietan oinarritzea proposatu du.

Alkateak diktamenaren bozketa agindu du. Diktamena onartzearen alde zortzi boto izan dira (EAJ, EA eta PP taldeetako zinegotzienak) eta abstentzio bat (PSEko zinegotziarena).

Boto esplikazio gisa PSE taldeko Mikel Antxon Arrizabalagak dio ez duela ikusi inongo politika fiskalik gobernu taldearen proposamenean, zorizko igoerak direla proposatutakoak, inongo orekarik gabe.

3.- 2004ko Kontu Orokorra onartzeko proposamena.

Kontu eta Ogasuneko zinegotzi delegatuak proposaturik, osoko bilkurak hemen heldu den ERABAKIA hartu du:

?Kontu eta Ogasuneko zinegotzi delegatuak eman du Kontuetarako Batzorde Bereziaren diktamenaren berri, 2004ko Kontu Orokorra onartzea proposatuz, bertan ondasun publikoen inbentarioa dagoelarik, 2004/12/31ra eguneraturik.

Gogorarazi du, espediente hori jendearen ezagutzarako ipinirik egon dela araututako epean, eta inolako erreklamaziorik ez dela aurkeztu.?

Proposamena onartu egin da aldeko zortzi boto (EAJ, EA eta PP taldeetako zinegotzienak) eta abstentzio batekin (PSEko zinegotziarena).

4.- Alkatearen 415. dekretuaren berri ematea, kreditu aldaketari buruzkoa, kreditu gehigarrien bidez.

Alkateak osoko bilkurari dekretuaren edukiaren kontu eman dio, deialdiarekin batera bidali ez den dekretuaren eranskinarena barne.

5.- Jaizkibia, S.A. Sozietatearen Estatutuen Proiektua onartzeko diktamena.

Alkateak diktamena aurkeztu du, argituz estatutuak onartzea baino zabalagoa dela diktamenaren edukia. Honela dio diktamenak:

?Pasaialdearen suspertze ekonomikoa eta biziberritzea lortzeko helburuz, abian jarri da Erakunde arteko Batzordea, eskualdeko honetako gaietan eskumenak eta erantzukizunak dituzten maila desberdinetako erakundeez osatua, Diputatu Nagusia buru duela, denen lanarekin eta koordinatuta aurrera aterako den programa bat definitu eta gauzatzeko.

Ekimen horien ondorio, lantzen ari dira Lurralde Ereduaren Eskema Gidatzailea eta Jardueren Plan Integrala izeneko dokumentuak.

Dokumentu horietako lehenari dagokionez, beharrezko da adieraztea gaur egun tramitazio fasean dagoela Donostialdea-Bidasoa Behea jardute eremuko Lurraldearen Zatikako Planaren dokumentua (Aurrerapena). Dokumentu hori aztertu eta idazterakoan ikusi dugu derrigorrezkoa dela, aldez aurretik, jardute eremua bera baino maila txikiagoko lurralde ingurua aztertzea, aipatu planaren dokumentuari azterketa horren ondorioak eransteko.

Inguru horrek Donostiako Mirakruz Gainaren eta Hondarribiko Txingudiko Badiaren arteko lurraldea hartzen du orokorrean. Azterketa horren bitartez erantzuna eman nahi zaie, alde batetik, portu, trenbide, aire garraio eta errepideen aldetik begiratuta egungo azpiegitura sistemak duen egoera bereziari eta, bestaldetik, etorkizun hurbilean erantzun egokiak izateko diseinatu behar diren azpiegituren aurreikuspenei. Izan ere, gure garraio bideak betetzen ari direnez, eskaerak areagotzen ari direnez eta gure trenbide, portu eta aireportu sarea zaharkituta dagoenez eta, halaber, inguru horrek Europako testuinguruan duen kokapen estrategikoa ikusirik, beharrezkotzat jotzen da azterketa egitea eta azterketa horren emaitzak Jaizkibel inguruari buruzko Lurralde Antolamenduaren Eskema Gidatzailean jartzea.

Bigarren dokumentuari, Jardueren Plan Integrala izenekoari, dagokionez, hor biltzen dira burututako jardunak, egiten ari direnak, proiektuan dauden jardunak eta, era berean, egun dauden ekimenak eta aurrerantzean azterketaren esparruaren barruan, hau da, Pasaialdeko, Jaizkibelgo Korridore Intermodaleko eta Bidasoa Beheko area geografikoan sor daitezkeenak.

Alderdi horretan eskumenak eta erantzukizunak dituzten herri administrazioek Lurralde Ereduaren Eskema Gidatzailea eta Jardunen Plan Integrala definitzen arintasunez, koherentziaz eta elkarrekin parte hartzea giltzatu behar denez eta horietatik sortuko diren egintzak aurrera eramateko kudeaketa tresna sortu behar denez, Erakunde arteko Batzordeak, 2005eko maiatzaren 25ean egindako bileran, erabaki du sozietate anonimo bat eratzea, hor parte hartuko dutelarik Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia, Errenteria, Irun, Lezo, Pasaia, Hondarribia eta Oiartzungo udalek.

Proiektatutako sozietatearen hasierako kapitala lau milioi euro (4.000.000 ?) izango da, laurehun mila (400.000) akzio izendunetan banatuta, akzio horietako bakoitzak hamar (10) euroko balio nominala duela. Akzio harpidetza Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Gipuzkoako Forua Aldundiak egingo dute, bakoitzak % 25ean, eta geratzen den beste % 25 goian aipatutako udalek harpidetuko dute, ondoko eran banatuta:

Donostiako Udala................................................. 4,0 %

Errenteriako Udala............................................... 4,0 %

Irungo Udala......................................................... 4,0 %

Lezoko Udala....................................................... 4,0 %

Pasaiako Udala.................................................... 4,0 %

Hondarribiko Udala.............................................. 2,5 %

Oiartzungo Udala................................................. 2,5 %

Hori guztia dela eta, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2005ko irailaren 28an egindako batzarraldian Jesus Mari Martiarena (EAJ), Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazuren (EA), eta Mikel Antxon Arrizabalagaren (PSE-EE) aldeko botoarekin eta Maria Luz Angladaren (P.P) abstentzioarekin, erabaki du udalbatzari onarpenerako aurkeztea hemen doan DIKTAMENA:

BAT: Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin eta Donostia, Errenteria, Irun, Pasaia, Hondarribia eta Oiartzungo udalekin batera JAIZKIBIA S.A. Sozietate Anonimoa eratzea, sozietatearen helburua ondoko hau delarik:

a) Pasaialdeak, Jaizkibelgo Korridore Intermodalak eta Bidasoa Beheak osaturiko geografia eremuan hirigintza eta azpiegitura jarduketak planifikatu eta gauzatzearekin loturiko azterlanak, planak eta proiektua egitea, bai eta, oro har, hiri berrikuntza integrala, ingurumen eta sozioekonomiaren kalitatea hobetzea eta azpiegiturak garatzea helburu duten beste edonolako jarduerak burutzea ere.

b) Aurreko paragrafoan zehazturiko lurralde eremuan aipatzen diren jarduerak garatzeko kudeaketa tresnak sortzea.

c) Lurralde Ereduaren Eskema Zuzentzailetik eta Jardueren Plan Integraletik eratorritako jardueretan zuzenki parte hartzea eta haiek burutzea.

BI: Proiektatutako sozietatearen kapitalaren (4.000.000 ?) % 4 harpidetzea, 160.000 ? kopuruaren heineraino, hau da, akzio bakoitzeko 10 eurotako balio nominaleko hamasei mila akzio izendun harpidetuz.

HIRU: Lezoko Udalak enpresa partaidetzei dagokien nominalaren %25 jarriko du, 40.000 ?, sozietatea eratzen den unean, aurrekontuko 594 kontu sailaren kargura.

LAU: Onartzea honekin batera eranskinean doan Estatutuen Proiektua.

BOST: Kepa Garbizu Azkue alkatea izendatzea Lezoko Udalaren ordezkari gisa Jaizkibia S.A. Sozietate Anonimoko Batzar Orokorrean partaide izateko.

SEI: Ahalmena ematea alkateari Lezoko Udalaren izenean sozietatearen eraketako eskritura publikoa sinatzeko ekintzan parte har dezan eta hura garatu eta tramitatzeko behar diren agiri guztiak haren izenean sina ditzan.

ZAZPI: Alkateari ahalmena ematea harpidetutako zenbatekoa ordain dadin agintzeko.

ZORTZI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, interesatuak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

· Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

· Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

· Horretarako, bi hilabeteko epea daukazu, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

· Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.?

Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du nola ordainduko den gainontzeko zatia, udalak egin beharreko ekarpenaren %75a. Alkateak dio aurreikusia dagoela datorren urteko aurrekontuetatik ordaintzea.

Jendartetik Herri Plataformaren izenean Aitor Sarasolak dio elkarte hori kobertura politikoa ematera datorrela eskualdean egin nahi diren obra erraldoiei. Azpiegitura horiek ez omen dira motore, negozio handi bat baino, eta negozio horretarako Lezoko lurrak beharrezkoak omen dituzte. Lezoko herriaren antolaketari buruz ezer ez dakigunean, udalak jarrera sumisoa duela kritikatu du, ez baitu adierazten zein jarrera duen horren aurrean edo zein irizpideren arabera ari den bere erabakiak hartzen. Aldundiak Lezo herriarekiko duen jarrera lotsagarria azpimarratu du, 2004-2007 inbertsio berezien planean Gaintxurizketako errepidearen asfaltatzea soilik aurreikustearekin.

Diktamena bozkatu da eta aldeko zortzi boto izan dira (EAJ, EA eta PSE taldeetako zinegotzienak) eta abstentzio bat (PP taldeko zinegotziarena). Beraz, onarpenak beharrezkoa zuen gehiengo osoaren aldeko botoa jaso du.

6.- Alkatearen 373. dekretuaren berrespena, Idazkaria 2005eko abuztuaren 8tik 31 bitarte , biak barne, ordezkatzeari buruzkoa.

Idazkariaren opor garaia ordezkatu beharra zegoela eta emandako dekretua berrestea eskatu du alkateak. Ahobatez berretsi da.

7.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak egin izan diren bileretako gai zerrenden kopiak banatu ditu. Horren inguruan informazio gehiago eskatuz gero emango dela.

8.- Galde-eskeak.

1.- Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du ea berririk dagoen Txingudiko errauskailuari buruz. Alkateak dio ez dagoela ezer berririk.

2.- Mikel Antxon Arrizabalagak dio Guillermo de Lazón kaleko eta Hipolito Gezala kaleko bizilagunek firma biltzeari ekin diotela aparkamentu arazoa salatzeko. Ea horren berri baduen udalak.

Alkateak dio kale horietan zenbait ?bado? eman direla bi kotxe sartu ahal diren lokaletarako, tokia hobeto aprobetxatzen dela uste delako.

3.- Jendartetik Aitor Sarasolak, Herri Plataformaren izenean, esan du larria dela herriko Hirigintza Planaren inguruan ematen ari den prozedura, haren eztabaida ukatu baitzaio ez herriari bakarrik baita korporazio berari ere, halako garrantzia duen dokumentua ez delako ez Hirigintza Batzordean aztertu ezta osoko bilkura honetan ere. Haren esanetan ?fraude? handia da ematen ari den prozedura, jakinda korporazio ofizialak gabezia demokratiko eta berezkoa duela. Horregatik alkateari galdetu dio gabezia horiek konpontzeko asmorik duen.

Alkateak dio legezko tramitazio guztiak beteko direla.

Aitor Sarasolak zinismotzat hartu du erantzuna, EAJ taldeak, ilegalizazioaren kontra azaldu eta gero, egoera aprobetxatzen duelako aipatutako gaia bezalakoak aurrera ateratzeko.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:05etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta xxx.etik xxx.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna