2001.eko Martxoaren 16ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2001eko martxoaren 16an, 19:04 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Pello Garbizu Azkue (PNV), Jesus Mª Martiarena Jaka (PNV), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA), Gurutze Sein Cordero (EA) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE).

    Ez dira bertan izan Xabier Alegria Loinaz (EH), egun presondegian, eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), familia kontuak direla medio.

    Bertan izan eta egintzaren fede eman du udal idazkariak, Xabier Loiola Aristik.

    Alkateak argitu du bilkura gaurko bilkura martxoaren 9an egin behar bazen ere, zinegotzi talde batek eskatuta atzeratu egin zuela. Behin argituta, gai-zerrendan jasotako gaiak lantzea ekin diote.

    1.- EGOKI IRUDITUZ GERO, 2000KO AZAROAREN 8KO OHIKO BILKURAKO AKTA ETA 2000KO ABENDUAREN 29AN ETA 2001EKO OTSAILAN 23AN OSPATUTAKO OHIZ-KANPORAKO BILKURAKO AKTAK ONARTZEA.

    Azaroaren 8ko akta onarpenera jarri ondoren, Pello Garbizuk eskatu du 7. puntuan, galde eskeetan, 1.4 atalean zuzenketa egitea, aktan ez baitago zuzen jasota egindako galdera. Eskaera onartu egin da eta honako hau da galdera horren idazketa berria: “Galdetu du ea noizko aurreikusten den 7 Poligonoaren onarpena”. Zuzenketa honekin akta onartu egin da.

    Zuzenketarik egin gabe onartu dira 2000ko abenduaren 29an eta 2001eko otsailaren 23an egindako bilkuretako aktak.

    2.- ALKATETZAREN ERABAKIEN KONTU EMATEA.

    Alkateak, 2000ko 175. dekretuaren eta 2001eko 24., 40., eta 41. dekretuen kontu eman du. 24. dekretua berrespenera jarri ondoren alde sei boto eman dira, alkatearena eta EH-ko gainerako zinegotzienak, hiru kontra, EA-ko bi zinegotzienak eta PSE-ko zinegotziarena, eta bi abstentzio, EAJ-ko zinegotzienak. Pello Garbizuk gaitzetsi du dekretu hau eman zenetik hainbat pleno egin izana gaiaren kontu eman gabe. Iñake Urrstarazuk eta Mikel Antxon Arrizabalagak beren harridura adierazi dute lizitazioaren baldintza aldatu izanagatik.

    3.- MOZIOA, LEZOKO ZENBAIT ELKARTE ETA ERAKUNDEEK AURKEZTUA EUSKARAREN OFIZIALTASUANREN DEFENTSAN.

    Aurkeztutako mozioak hitzez hitz honela dio:

    “Agiri hau sinatzen duten Lezoko elkarte eta erakundeek, Azaltzen dute:

    Euskara mende luzetan zehar gizarte esparru ofizial eta formaletatik berariaz baztertua izan da. Gaur egun badugu historiaren aski ezagutza jakiteko dugun egoera mende luzetako zapalkuntza eta bazterketaren ondorio dela.

    Joan berria den mendea izan da, beharbada, euskararen kontrako jazarpen eta bazterketan gogorrenetako bat. hamaika tresna jarri da indarrean euskarak gizarte honetan izan duen lekua, edo etorkizunean dagokiona, kentzeko. Adibideetan luzatzeak merezi ez badu ere, gogora dezagun herri honetan bertan euskaraz hitz egiteagatik zigortu izan dela; euskarazko irakaskuntzak jazarpenik bortitzena bizi izan duela; udal administrazioan erabat sartzea oraindik orain ezinezkoa dela (besteak beste Madrilgo legeek ukatzen dutelako); osasun zerbitzuetan, justizian... hutsunea izugarria dela...

    Esan bezala, mende honetan euskal herritarren eskubideek jasan duten zapalketa izugarria izan da. Azken hamarkada hauetan euskararen biziraupena ziurtatzeko zenbait urrats garrantzitsu eman baldin bada ere, oraindik oso urrun gaude biziraupena ziurtatzen duen egoeratik (horrela diote adituek). Are gehiago, biziraupena bera galerazteko Euskal Herria osoan zapaldutako eraso eta ukazio andana bizi dugu eta egunez egun berriak ikusten ari gara.

    Nafarroa Garaian “Ley del Vascuence” delakoak euskal herritarren eskubideak zonalde batera mugatze ditu (eta azken lege aldaketen arabera eremu horretan bertan ere onartutako eskubideak geroz eta murritzagoak dira). Murrizte horiek alderdi politiko eta gobernuko arduradun zenbaiten aldarrikapen erasotzaileez lagundurik etorri dira, euskararen kontrako garairik ilunenen pare jarriaz une honetan egoera.

    Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan euskarak ez du inolako ofizialtasunik eta beraz, berau babestu edo herritarren eskubide bihurtzeko edozein ekimen galarazten da, are gehiago Seaska, Udaleku edo euskal irratiak hilzorian daude. Une honetan euskararen egoera Ipar Euskal Herrian agonikoa da eta Frantziako alderdi politiko zein gobernu arduradunak ezikusiarena egiten ari dira, bere isiltasuna errudunaren isiltasuna da.

    Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian aldiz, euskararen ofizialkidetasunak hutsune handiak izaten jarraitzen du. Ertzaintza edo Osakidetzak normalizazio legerik gabe jarraitzen dute, euskalduntzea ziurtatzen ez duten hezkuntza ereduak indarrean daude eta estatuko administrazioak ez du urrats bakar bat ere eman nahi oinarrizko eskubideak errespetatzeko (Justizian, esaterako).

    Lezon bertan ikusten da zertan dagoen egoera, anbulatorioan euskalduntzea langileen borondatearen baitan dago, herriko gazteek lanbide heziketa edo unibertsitateko ikasketa gehienak erdaraz egin behar izaten dituzte, gure bizitza erdara hutsean ari diren komunikabideek baldintzatzen dute.....

    Honek argi erakusten digu Euskal Herria osoan ez dagoela euskaldunoi dagozkigun hizkuntza eskubideekiko errespetua bermatu dezakeen herri bat bera ere.

    Alegia, euskarak gaur egun duen status juridikoa eta egoera gizartean mende luzeak iraun dituen ukazio bortitz baten ondorio da. Azken hamarkada hauetan, halaber, eman diren aurrerapauso gehienak gizarteak berak eragin ditu eta aldi berean Madril eta Pariseko legediak ezarritako muga eta erasoak pairatu behar izan ditu.

    Egoera honetan onartezina da oinarrizko eskubidea behar lukeenak, hizkuntza eskubideak, ukaturik jarraitzea eta mende luzetan zehar euskararen kontra jardun dutenak gaur egun oraindik euskara eta beronen normalizazio eta berreskurapenaren kontrako mezuak zabaltzen aritzea. Eraso orokorra bizi dugu euskara eta beronen alde lanean ari direnen kontra (horra hor AEKren kontrako ekimenak, euskal hezkuntzaren kontrako eraso mediatikoak, Nafarroako dekretua....). Eta egoera honek baditu protagonista aski ezagunak, horien artean PP, UPN, UDF, RPR, PSF nahiz PSOE alderdiak eta berauen kideak.

    Hori dela eta Lezoko udal batzari Eskatzen diogu:

    1.- Bat egitea hemen adierazitakoaren mamiarekin.

    2.- Euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan hedatzeko aldarrikapenarekin bat egitea eta xede hori duten ekimenak babestea.

    3.- Lezon ofizialtasun osoa ezartzeko urrats eraginkorrak ematen hastea.

    4.- Publikoki salatzea euskararen kontra ari direnak edo beronen normalizazioa eragozten dutenen jarrera.

    5.- Herritarrei aldarrikapen honen alde duen jarrera adieraztea.

    Izp.: Lezoko EHE, Oroitzene AEK Euskaltegia, Orratx! Kultur Elkartea”.

    Alkateak hitza eman die mozioa aurkeztu duten elkarteei, hura defendatu eta argudioak eman ditzaten. Hauek, azkenaldion euskara jasaten ari den erasoen testuinguruan jartzen dute mozioa.

    Imanol Esnaolak dio mozioa egokia dela, egoera kontuan hartzen bada. Euskararen aurkako erasoak etengabeak izan direla gogorarazi du. Lezoko, Nafarroako, Estatu frantsesaren Alderdi Sozialistari buruz ari da zehazki. Euskararen aurka egin duten Alderdi honetako zenbait pertsonen aipamenak egin ditu.

    Mikel Antxon Arrizabalagak mozioa euskararen aldekoa dela gogorarazi du, gobernuak euskararen ofizialtasuna zaindu du eta ez du uste euskararen ofizialtasuna arriskuan dagoenik.

    Pello Garbizuk uste du gehiegizkoa dela mozioa, jendaurreko salaketa. Euskararen ofizialtasuna eta eskubideak bermatzearen alde azaldu da. Hala ere, bere ustez ofizialtasuna eta normalizazioa ez dira sinonimoak, mozioan azaltzen diren bezala. Mozioak behar den planifikazioa ez jasotzea kritikatu du. Bere aburuz, inprobisazioak ez du lekurik, baliabideak oso mugatuak direlako. Aurrerapen garrantzitsuak egin direla uste du, egin gabeko gauzak daudela onartzen duen arren. Euskarak akordioak behar dituela deritzo, eta ez liskarrik.

    Imanol Esnaolak gogorarazi dio ez dagoela normalizaziorik ofizialtasunik gabe. Autonomi Erkidegoan, ofizial izanik, egiteko asko badago (justizia administrazioa, Ertzaintza, Unibertsitatea, ...), bere buruari galdetu dio ea zer gertatuko den euskararekin oinarri juridikorik ez duen lurraldetan.

    Alkateak mozioa bozkatzea proposatu du eta Lezoko Udalak euskararen normalizazioaren alde egindako lana gogorarazi du, kontuan hartuz honek ematen duen indarra eta zilegitasuna beste erakundeei zentzu bereko neurriak eskatzeko.

    Mikel Antxon Arrizabalagak hauxe esan die mozioa aurkeztu dutenei, Euskal Herrian ez dagoela inor euskararen aurka, bere alderdia ere alde dagoela, baina beti arazoak sor daitezkeela.

    Bozketa eginda, mozioa onartu egin da honako emaitzarekin: aldeko sei boto, Alkateak eta EHko gainontzeko zinegotziek emanak, aurkako boto bat, PSEko zinegotziarena eta lau abstentzio, EAJ eta EAko zinegotziena.

    4.- MOZIOA, UDALBILTZAREN ALDEKO HAUTETSIEN MUGIMENDUAK AURKEZTUTAKOA EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA BATEN ALDEKOA.

    Mozioak hitzez hitz honela dio:

    “Espainiar Gobernuak onartu berri duen humanitateen erreformarako hezkuntza dekretuak Euskal Herriaren zati handi batean eragin kaltegarriak izango ditu. Geure herriari hezkuntza sistema propioa izateko aukera ukatzen zaio hala Pariseko Gobernuaren aldetik nola Madrilgo Gobernuaren aldetik, eta azkeneko honek onartutako dekretuak ukapen hori sendotzeko helburua baino ez dauka.

    Euskal Herriko hezkuntza komunitateko gehiengo zabalak, bere aldetik, hezkuntza-dekretuari ezezko borobila ematearekin batera, Euskal Herriko sei herrialdeak bilduko dituen hezkuntza-sistema propio baten aldeko aldarrikapena egin berri du.

    Akordio proposamena

    Espainiar Gobernuak onartutako humanitateen erreformarako hezkuntza dekretuaren aurrean, udal honek honako adierazpen hau egiten du:

    1.- Euskaldunok, munduko gainontzeko herriek bezalaxe, geure hezkuntza sistema propioa antolatzeko eskubidea dugu. Eta eskubidea ez ezik, beharra ere bai. Izan ere, euskal hezkuntza sistema euskal belaunaldi berrien heziketarako zein gure herriaren garapenerako funtsezkoa baita. Madrilgo eta Pariseko Gobernuek ordea geure hezkuntza sistema propioa garatzeko eskubide hori ukatzen digute, espainiar zein frantziar hezkuntza sistemen legeria ezarriaz.

    2.- Humanitateen erreformarako hezkuntza dekretua Madrilgo eta Pariseko Gobernuek darabilten hezkuntza politika horren ildoan kokatzen da, eta beraz euskaldunok geure hezkuntza eredua antolatzeko dugun eskubidearen aurka doa.

    3.- Hezkuntza sistema propioaren aldeko lana gizarte osoari dagokiola aintzat hartuz, udal honek bere egiten du euskal hezkuntza sistemaren aldeko aldarrikapena, eta herritarren artean informazioa eta eztabaida bultzatzeko bitartekoak jarriko dituela hitzartzen du. Halaber, udaletxeak sare publikoko eskola kontseiluetan dituen ordezkarien bidez mozio honetan hitzartutako jarrera agertarazteko konpromisoa hartzen du.

    4.- Mozio honen edukien berri herrian eta ohiko komunikabideetan emango da aditzera”.

    Mozioaren edukia azken urteotan egindako ahaleginaren ondorioa eta babesa dela uste du Imanol Esnaolak. Euskal Herriaren kulturak eta hizkuntzak irautea nahi badugu, hezkuntza-sistema propioa eratu behar dela dio.

    Iñake Urrestarazu kexu da inork ez duelako mozioa sinatu, Udalean idatzi bati sarrera emateko sinadurak eta agiriak behar badira ere. Mozioa aurkeztu dutenek Udalbiltzaren anagrama erabiltzeko eskubiderik ez dutela dio. Azken honi Alkateak erantzun dio inor ez dela anagramaren jabe.

    Pello Garbizuk dio ez dela mozioaren edukian sartuko. Udalbiltzaren erakunde paralelo bat sortzen ahalegintzen ari direla eta bere taldeak onartzen duen Udalbiltza bakarra Jon Jauregi lehendakari duena dela dio.

    Imanol Esnaolak gogorarazi dio Donostiako Kursaalean egin zen azken bileran hautetsi ugari izan zirela.

    Mikel Antxon Arrizabalagak dio Humanitateen dekretua Eusko Legebiltzarra edo Eusko Jaurlaritzaren gaia dela eta haren edukiarekin ados ez dagoena hartarako legeak eskaintzen dituen baliabideak erabili behar dituela aurre egin nahi badio.

    Imanol Esnaolak esan dio bera eta bere alderdia Madriletik datozela, beraz, ez dadila orain Eusko Legebiltzarraren subiranotasuna defenditzen hasi.

    Bozketa eginda, honako emaitzarekin onartu da mozioa: aldeko sei boto, Alkatearena eta EHko gainontzeko zinegotziena, aurkako boto bat, PSEko zinegotziak emana eta lau abstentzio, EAJ eta EA taldeei dagozkienak.

    5.- PROPOSAMENA, KONTRATAZIO MAHAIAK EGINDAKOA, BEKOERROTA KIROLDEGIAREN ETA ALTZATE IGERILEKUAREN GESTIO INTEGRALAREN ESLEIPENA EGITEKO.

    Alkateak Kontratazio Mahaiaren proposamena onartzearen alde azaldu da. Proposamenak honela dio:

    “Lezoko Udalak, 2000ko urriaren 4an eginiko Osoko Bilkuran, Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integrala adjudikatzeko lehiaketa arautuko zuen baldintza-orria onartu zuen.

    Eskaintzak aurkezteko epearen barruan bi aurkeztu ziren. Bat, egun kiroldegiko kudeaketa daraman Gezakirol, S.L. enpresa eta bestea, Serviocio, Cultura, Deporte y Recreación, S.L. (Serviocio) enpresa.

    Kontratazio mahaiak bi bilera burutu ditu bi eskeintza horiek baloratzeko. Horietako bigarrenean, hots, otsailaren 15ean egindakoan, kirol instalazioetako zuzendariak eginiko balorazioa kontuan harturik, Serviociok aurkeztutako proposamena onartu zuen kontratazio mahaiak.

    Horiek guztiak horrela, kontratazio mahaiak organo eskudunari proposatzen dio aipatutako zerbitzua Serviocio, Cultura, Deporte y Recreación, S.L. enrpesari esleitzea, 19.974.909,- pta.tan eta baldintza-orriaren eta aurkeztutako proiektuaren arabera”.

    Alkateak gogoratu ditu Serviocio enpresaren konpromisoak; batetik, bere eskaintza mantentzen duela nahiz eta esleipenerako pleguak aurreikusitako epea gainditua egon eta, bestetik, gaur egun Bekoerrota kiroldegian ari diren langileak mantentzeko eta integratzeko adierazitako borondatea.

    Ondoren Kontratazio Mahaiaren proposamena bozkatu da eta onartu egin da. Alde bederatzi boto eman dira, alkatearena, EHko bost zinegotzienak, PNVko bi zinegotzienak eta PSE-ko zinegotziarena eta bi abstentzio, EAko bi zinegotzienak.

    6.- DIKTAMENA, 2001 URTERAKO ONARTUTAKO PLANTILLA ORGANIKOAN ETA LANPOSTUEN ZERRENDAN HAINBAT ALDAKETA EGITEKO.

    Alkateak osoko bilkurari Barne Batzordeak aurkeztutako diktamena onar dezan eskatu dio. Diktamenak honela dio hitzez hitz:

    “Udalbatzaren Osoko Bilkurak 2000ko abenduaren 29an onartu zuen 2001 urterako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda.

    Korporazio honek, Gizarte Ongizate Zerbitzuko arduradun lanpostua, Liburutegiaren arduradun lanpostua eta Brigada-buru lanpostua behin-betiko betetzearren, 2001eko Lan Eskaintza Publikoa onartzea aurreikusi du.

    Lanpostu bakoitzari dagozkion eginkizunak aztertu ondoren, liburutegiaren arduradunari beste eginkizun bat eman diogu liburutegiarekin zerikusi zuzena duten eginkizunez gain, Andreone kultur etxetik kultur dinamizazioari ekin eta bertan eskainitako kultur zerbitzuen ardura bere gain hartzearena, alegia.

    Gure ustez, eginkizun hori gehitu ondoren, nabarmen aldatzen dira lanpostuaren eskakizunak; beraz, egungo lanpostuen zerrendan eskatzen den titulazio akademikoa aldatzea proposatzen dugu, hots, goi mailako batxilerra eskatu ordez erdi mailako tilulazioa (diplomatura) eskatzea.

    Euskara eta Kultura Zerbitzuak, berriz, hainbat txosten egin du lanpostu bakoitzari ezarri beharreko hizkuntza eskakizunei eta derrigortasun-datei buruz.

    Ordezkari sindikalak, bere desadostasuna adierazi zuen liburutegiko arduradunaren soldata mailarekin, eta balorazio metodo bat eskatu zuen.

    Barne Batzordeak 2001eko martxoaren 1an eginiko batzarraldian izan zen diktaminatua proposamena, Aitor Sarasola Salaberriak eta Mikel Mitxelena Izak alde botatu zutelarik eta Iñake Urrestarazu Azurmendi abstenitu.

    Horiek guztiak horrela Osoko Bilkurari honako erabaki hauek hartzea proposatzen diot:

    BAT: Udalbatzaren Osoko Bilkurak 2000ko abenduaren 29an 2001 urterako onartutako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzea honelako xehetasun hauekin:

    Liburutegiko arduraduna:

    . Hornitzeko era: Meritu Lehiaketa.

    . Erregimena: Funtzionarioa.

    . Maila (ARCEPAFE): 12.

    . Sailkapen taldea: B.

    . Eskala: Administrazio Berezia.

    . Azpieskala: teknikoa.

    . Klasea: Erdimailako Teknikaria.

    . Hizkuntza eskakizuna: 4.

    . Derrigortasun data: 2001/01/01.

    . Titulazioa: Diplomatua.

    BI: Euskara eta Kultura Zerbitzutik hizkuntza eskakizun eta derrigortasun-datei buruz proposatutako aldaketak egitea.

    Aldaketak hurrengoak dira:

    • Hizkuntza dinamizatzailea: 4 TG.
    • Etxez-etxeko laguntzailea: derrigortasun data, 2001/01/01.
    • Uren enkargatua: derrigortasun data, 2001/01/01”.
    Mikel Antxon Arrizabalaga harrituta azaldu da proposatutako data gaurkoa baino lehenagokoa delako, hau da, atzera-eragina duelako.

    Liburutegiaren arduradunari dagokionez, Pello Garbizuk uste du honen zenbait eginkizunen eta 1997ko abenduaren 18ko Osoko Bilkuran Euskara eta Kulturako dinamizatzailearentzat onartu ziren eginkizunen artean bikoiztasuna gertatzen ari dela. Horregatik, lanpostuen arteko eginkizunen bikoiztasunaren gai hau aztertzea eskatu du.

    Imanol Esnaola eta Alkatearen ustez gaia argi dago eta ez dago inolako bikoiztasunik. Kultura-etxearen ardura liburuzainarena da eta Kultur arloaren azken ardura dinamizatzailearena da. Eguneroko eginkizunetan ere bikoiztasunik ez dagoela diote.

    Mikel Antxon Arrizabalagak zuzenketa proposatu du txostenarentzat. Zuzenketan hauxe proposatu du: lanpostuak hornitzeko sistema lehiaketa-oposizioa izatea, merituen lehiaketa izan beharrean, liburuzainaren eta gizarte laguntzailearen hizkuntz eskakizuna 3.a izatea eta derrigortasun-data osoko bilkura honen ondorengoa izatea. Zuzenketa ez da onartu, bozketa honako emaitza izan duelarik: PSEko zinegotziaren aldeko botoa, Alkateak, EHko zinegotziek eta EAkoek aurka bozkatu dute eta EAJko zinegotziek ez dute bozkatu.

    Txostena honako emaitzarekin onartu da: Alkatearen eta EHko gainontzeko zinegotzien aldeko sei botoak, aurkako bi boto, EAJko zinegotziena eta hiru abstentzio, EAko bi zinegotziena eta PSEko zinegotziarena.

    7.- DIKTAMENA, N-1KO LANBARREN LOTUNEKO ARAU SUBSIDIARIOEN ALDAKETA DOKUMENTUARI BEHIN-BEHINEKO ONARPENA EMATEKO.

    Alkatea Hirigintza Batzordeak emandako diktamena onartzearen alde azaldu da eta onar dezaten eskatu die gainontzeko zinegotziei.Diktamenak honela dio:

    “Udalbatzak, 2000ko azaroaren 8an eginiko osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zion N-1ko Lanbarren lotuneko Arau Subsidiarioen aldaketa dokumentuari. Dokumentu hori, Jose Javier Uranga Uranga eta Patxi Gastaminza Santa Coloma arkitektoek ordezkatzen duten Estudio Urgari S.L. enpresak egina da. Dena den, aurreikusitako trazaketak eragindako jabetzak islatuz proposamena 1/2000 eskalan aurkeztekotan eman zitzaion aipatutako onarpena.

    Era berean, informazio publikorako hogeita hamar eguneko epea ireki zen, epe horren barruan hogeita hiru alegazio aurkeztu delarik. Horietako hogeita bat berdinak dira edukiaren aldetik: Aurrerapenean bezala, kontu teknikoak baino egokitasuna da eztabaidagai. Beste bat, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesus Maria Martiarena Jaca eta eta Pello Garbizu Azkuek sinatua, erabakia hartzeko moduari buruzkoa da eta azkena, Juan Miguel Legorburu Zabalekuk aurkeztua, “Guipuzcoana de Prefabricados S.A.” eta “Guipuzcoana de Prefabricados de Hormigón S.A” (Guipresa) eragindako enpresen izenean.

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentuaren aginduzko txostena ere iritsi da.

    Espedientean daude halaber alegazioei buruzko arkitekto aholkulariaren eta idazkariaren txostenak .

    Hirigintza Batzordeak martxoaren 5ean eginiko bilkuran aztertu du espedientea.

    Eragindako jabetzekin planoa aurkezteko hasierako onarpenaren garaian jarri zen baldintzari dagokionean, xehetasunez azaldu dituzte Guipresa enpresarekiko eraginak.

    Guipresak aurkeztu duen alegazioari dagokionean eta txosten teknikoetan emandako argudioetan oinarriturik, hura gaitzestea proposatzen da. Alegazioak gai hauek planteatzen ditu:

    -Alegazioa egin dutenek aipatzen duten eragina honetara mugatzen da: proposatutako bide berriak instalazio industrialak zeharkatzen dituela eta produkzio jarduerak isolatuta uzten dituela. Bi udalerriren arteko bide-sistema izaki eta tramitazio prozedurari dagokionean, berriz, lege-iruzurtzat jotzen dute Lezoko eta Oiartzungo arauen aldaketa bereizirik tramitatzearena.

    -Finantziazioari buruz zera adierazten dute, espedientean ez dagoela jasota Gipuzkoako Foru Aldundiaren inolako konpromisorik ezta Diputazioaren egungo aurreikuspenen artean horrelako obrarik eta, udal ekimen bakana izaki, ez duela inola ere bermatzen obraren finantziazioa.

    -Azkenik, zera adierazten dute, Lanbarrengo lotuneak autonomia propioa duela eta ez dela beharrezkoa Lezorekin lotzeko aurreikusitako bide-konexioa egitea, Errenteriako saihesbideko bigarren fasearen trazaketa-proiektuarekin hori betetzen baita. Hori dela eta, dokumentua onartzeko prozedura berriz aztertu eta bertan behera uztea eskatzen dute, enpresarekiko duen eraginagatik zein Errenteriako Saihesbide-Proiektuaren II Fasea hor dagoelako.

    Alegazioa gaitzesteko argudioak honako hauek dira:

    Tramitazio prozedurari dagokionean, Gipuzkoako Foru Aldundia izango da bai Lezoko Arau Subsidiarioen zein Oiartzungo Arau Subsidiarioen aldaketari behin-betiko onarpena emango diena, eragindako bi udal horiek, behin-behineko onarpena bitarte, tramitazio paraleloa burutu baitute.

    Finantziazioari dagokionean, kontuan hartu behar da alegazioa egin duten enpresekiko eragina 80. eremuan, “Lezo-Lanbarrengo Glorieta lotunea” kokatzen dela eta eremu hori, Oiartzungo Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketan sartuta dagoela, hain zuzen ere 78. Eremuak “Lanbarrengo Parke Logistikoa”, 79. Eremuak “Lanbarrengo Glorieta” eta 80. Eremuak “Lezo-Lanbarrengo Glorieta lotunea” osatzen duten aldaketan; lur-sailen erosketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentuaren eta Oiartzungo Udalaren artean hitzartuta egingo da, horko kargak, egin beharreko obretakoak barne, oso-osorik 78 eremuan, “Lanbarren Parke Logistikoa”, integratu direlarik.

    Bide-konexioei dagokienean, Lezoko Udaleko Gobernu Taldeak aurreikusita du industrialdeko trafikoa N-1ekin lotzeko konexioa ekialdetik egitea, GI-2638 errepidearen eta Lanbarrengo errotondaren artean lotura bat eginez eta, horretarako, Lezo eta Oiartzungo Udalek hitzartuta dute hirigintzako garapen bateratua.

    Aurreikusitako trazaketak duen eragin ekonomikoari dagokionean, kontuan hartu behar da trazaketa horrek, Lezoko udalerritik pasatzerakoan, alegazioa egin dutenen jabetzakoa den eta 150 m² dituen lur-saila baino ez duela ukitzen; horietatik 100 m² paletekin beteta daude eta beste 50 m² habexkekin. Gainera 100 m² dituen lurzoru hori lagapeneko berdegune publikotzat dago kalifikatua.

    Dena dela, eta egin dakiekeen kaltea kontuan hartuta, jardun honen eraginei erantzuteko beharrezko neurri teknikoak aztertuko dira, Oiartzungo Udalarekin batera eta bide horren exekuzioa zehazterakoan. Hala dago jasota Oiartzungo Udalak otsailaren 6an eginiko osoko bilkuran.

    Iñake Urrestarazu, Pello Garbizu eta Jesus Mari Martiarena zinegotziek aurkeztutako alegazioan argibideak eskatzen dira: aurrez diktaminatu gabeko gai bati hasierako onarpena emateko proposamena gai-zerrendan premiaz sartzea premia bera bozkatu ez denean, erabaki horrek balioa ba al duen, alegia. Txosten teknikoa ikusirik, eta hirugarrenei kalterik egiten ez dien tramitezko egintza izaki, eta, jendaurrean jarrita epe batez egon ondoren espedientea berriro Udalbatzaren iritzira jarri denez, baliozkotzat har daiteke; beraz, alegazioari ildo horretatik erantzutea proposatzen da.

    Edukiaren aldetik berdinak diren gainerako hogeita bat alegazioei dagokienean, non, funtsean, Autobiaren Aurkako Herri Ekimenak aurrerapen dokumentuari egindako iradokizun berak planteatzen diren, azaroaren 8ko Osoko Bilkuran hastapenez onartzerakoan iradokizunei erantzuteko erabilitako argudio berak erabiliz gaitzestea proposatzen du Alkatetzak.

    Garraio eta Errepide Departamentutik jasotako txostenari dagokionean, 9 S.O.eko finantziazio-baldintzei buruzko araua aldatzea proposatzen da, hau da, lur-sailen erosketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentuaren eta Lezoko Udalaren artean hitzartuta egitea, horko kargak, egin beharreko obretakoak barne, oso-osorik Oiartzungo Arau Subsidiarioetako 78. eremuan, “Lanbarren Parke Logistikoa”, integratuta.

    Hori guztia kontuan hartuta eta boto bat alde delarik, alkatearena, eta hiru abstentziorekin, Jesus Mari Martiarena, Iñake Urrestarazu eta Mikel Gotzon Arrizabalaga zinegotzienak, Udalbatzaren Osoko Bilkurari honako erabaki hauek har ditzan proposatzen zaio:

    BAT: Behin-behineko onarpena ematea N-1ko Lanbarren lotuneko Arau Subsidiarioen Aldaketa Proiektuari; aurkeztutako alegazioak gaitzestea eta 9 S.O.ko finantziazio-baldintzei buruz erabaki honetan emandako argudioei jarraiki, haien aldaketa onartzea.

    BI: Dokumentuan izapideak eginda, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentura bidaltzea.

    Autobiaren Aurkako Herri Ekimenak eta beste batzuk aurkeztutako alegazioei buruz dio Oiartzungo udalak Lanbarrengo parke logistikoa onartu zuenean Lezoko Udalak alegazioa aurkeztu zuela Lezo aldera ere lotura planteatzeko. Alegazio hori onartu egin zuen Oiartzungo Udalak.

    Gogoratu du lotura honen funtzioa Lezoko industria guneetako trafiko industrialak bideratzea dela. Lotura hau autonomoa dela, ez duela beste interbentziorik eragiten (triangelua sortzen duela). Are gehiago lotura hau, N-1aren inguruko ekimen osagarri batzuekin, Diputazioak dituen asmoei aurre egiteko tresna dela, bariantearen 2. faseko proiektua eta Ikaur proposamenei aurre egiteko.

    Jarraitu du esaten Oiartzungo eta Lezoko Udalek N-1aren inguruan azterketa antolatu dutela, Diputazioak dituen asmoak baldintzatuz. Bere ustez, Lezoko Udalaren proposamenek eragin eta kalte ahalik eta txikienak eragin behar ditu, gaur egungo errepide sareen ahalik eta aprobetxamendu handienarekin, lur okupazio berriak eragin gabe, eta hauek, txikiak. Lanbarrengo lotunea horren adibide dela dio. Berriro ere dio proposamen autonomoa izanik, eragin eta kalte txikiarekin eta industri trafikoa biltzen duena.

    Mikel Antxon Arrizabalagak hartu du hitza. Lanbarrenekin ez omen dute arazorik, ados omen daude industrial garraioetarako errepide berria egiteko ideiarekin. Orain bai, ez omen dago ados planteamendu erarekin. Hirigintza planak gauzatzeko gai izan behar dutenez, kasu honetan finantzazioa batere garbi uzten ez duelako, inplikatua egon daiteken Foru Aldundiarekin ezer adostu ez delako eta kontu hauei buruz inongo informe berezirik landu ez delako gaia mahai gainean uztearen alde azaldu da.

    Jesus Mari Martiarenak planoen eta testuaren arteko desadostasunak agertu ditu Guipresa enpresaren inguruan. Ados baldin badago Lanbarrengo aldaketarekin dio 10 SOeko azpiegituraren finantzazioa ez duela batere garbi ikusten, gogoratuz Foru Aldundia honen aurka azaldu dela bere txostenean. Horregatik bere taldearen proposamena da 10. SO aldaketa honetatik kanpo ustea, hau da, dokumentuaren aldaketak onartzea 10. SOri dagokiona izan ezik.

    Alkateak finantzazioaren gaiari erantzunez dio azken hitza Aldundiarena izango dela, dokumentua onartzerako momentuan.

    Pello Garbizuk bere kexa azaldu du Hirigintza Batzordean banatutako txosten juridiko eta teknikoak erdara hutsean idatziak baitzeuden.

    Beste parte hartzerik ez dagoenez J.M. Martiarenak planteatu duen zuzenketa bozkatu da, hau da 10. SOri dagokiona dokumentutik kentzea. Alde bost boto izan dira eta aurkako sei, beraz zuzenketa ez da onartu. Alde PNV, EA eta PSEko zinegotziek bozkatu dute eta aurka, EHkoek.

    Ondoren diktamena bozkatu da eta hura onartzearen alde zortzi boto eman dira, alkatearena, EHko bost zinegotzienak eta EAko bi zinegotzienak eta hiru abstentzio, PNVko bi zinegotziena eta PSEko zinegotziarena. Beraz, TJOALeko 47.3 artikuluak agintzen duen gehiengoarekin ondorengo akordioak hartu dira:

    BAT: Behin-behineko onarpena ematea N-1ko Lanbarren lotuneko Arau Subsidiarioen Aldaketa Proiektuari; aurkeztutako alegazioak gaitzestea eta 9 S.O.ko finantziazio-baldintzei buruz erabaki honetan emandako argudioei jarraiki, haien aldaketa onartzea.

    BI: Dokumentuan izapideak eginda, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentura bidaltzea.

    8.- MOZIOA, PNV ETA EAKO ZINEGOTZIEK LEZON EGUNEKO ZENTROA ERAIKITZEAREN ALDEKOA.

    Pello Garbizuren ustez, mozioaren edukiari jarraiki, izenburua aldatzea proposatu du: “Gizarte Zentro Integratu baten eraikitzearen alde” esan behar du.

    Udalerriak mota honetako azpiegiturak behar dituela eta Otsailaren 13ko Foru Dekretu berriaren arabera, Foru Aldundia 5000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan halako zentroak eraikitzeko eskumena duen erakundea dela moziorako arrazoiak direla dio. Mozioaren edukiari lotuz, 1999ko azaroko udal konpromisoa gogorarazi du, non Donibane kaleko orube horretan babestutako etxebizitzak eraikitzea proposatzen zen, mozioa aurkeztu dutenek orube hori orain proposatzen den zerbitzurako egokia ikusten badute ere.

    Mozioak honako hau dio hitzez hitz bere xedapenetan:

    “Korporazio honek, adineko pertsona ezinduentzako eguneko zentroa (Foru Diputazioaren eskumena dena) eta udal izaeragatik 4/2001 Foru Arauaren arabera dagozkigun beste zerbitzuez Lezo hornitzeko berehalako premiaz jabeturik, zera erabakitzen du:

    1. Donibane kaleko 14 eta 16 etxeen arteko orubea udal eraikin bat egiteko erabiltzea, gorago aipatutako ekipamenduak, era integratu batean, bere barnean har ditzan.

    2.- Eraikin hori esandako lekuan egin dadin, beharrezko aurrekontu aldaketa eta 120 milioiko kreditu eragiketa egiteko prest dagoela adierazi.

    3.- Eguneko zentroa eraikin horretan sar dadin, Foru Diputazioarekin elkarlanerako hitzarmen bat sinatzeko borondatea adierazi.

    4.- Alkatetza (eta Gobernu Batzordea behar izanez gero) dagozkion eskumenen arabera, aurreko ataletakoa gauzatu dadin, beharrezko bitarteko gestioak egin ditzan lehiatzea, gaurdanik, etenik gabe eta eperik motzenean: aurrekontuen aldaketarako proposamena, 120 milioiko kreditu eragiketaren proposamena, beste zenbait akordioren proposamenak, kontratazio, esleipen eta abar.

    5.- Akordio honen jarraipenerako, gobernuko zein oposizioko talde politikoetako zinegotziez eta herritar interesatuez osatutako batzorde bat osatzea”.

    Inma Muñozek gogorarazi du azken urteotan eta joan den azaroaz geroztik bereziki, batzorde bat ari dela lanean esparru horretan Lezok dituen beharrak aztertuz eta planifikatuz. Erabat ezegoki iritzi dio inolako erabakirik hartzeari aipatutako lana bukatu baino lehen eta are gutxiago kokapena finkatzea. Erabaki hori batzorde horrek ikusten dituen beharren araberakoa izango dela uste du. Horregatik, batzordeak bere lana bukatu arte, edozein erabaki atzeratzea proposatu du.

    Mikel Antxon Arrizabalagak uste du Udalerrian gizarte zerbitzu gutxi dagoela eta mozioarekin eta proposatutako kokapenarekin ados dagoela dio.

    Pello Garbizuk zuzenean proposamena aurkezteko eskubidea dutela dio, erabakia hartzeko nahikoa datu dutela eta ea zer gehiago behar den galdetu du.

    Inma Muñozek ez dio eskubidea ukatu, hala ere, zerbitzuen eta beharren planifikazioan lanean ari direla dio, lehentasun ordena ezarriz. Zentzu honetan, Pello Garbizuri galdetu dio ea zergatik eskatutako zerbitzua aldatu: orain babestutako etxebizitzak, lehen egoitza eskatzen bazen.

    Iñake Urrestarazuk dio pasa den urak ez duela errotarik mugitzen eta lan-batzorde horretan esan bezala, udalaren egoeraren ezagupen handiagoa dute.

    Imanol Esnaolak ez du zilegi ikusten eta gaia aztertzen ari den lan-batzorde horrekiko errespetu falta deritzo osoko bilkurara zuzenean proposamena aurkezteari, inolako aurre-akordiorik gabe. Kokapena oinarrizko arazoa ez denez, gaia aztertu, batzordearekin bildu eta gaia aurrera ateratzea badagoela uste du. Aukeratutako metodoa beste nahiren bat iradokitzen dio: kanpaina, mendekua, e.a.

    Pello Garbizuk eskatu dio biztanleekiko begirunea eta haien konfiantza jaso duten alderdi eta zinegotziekiko. Haiek batzordera entzutera joaten direla dio.

    Iñake Urrestarazuren ustez lurrak Udalak doan hartuko ditu eta halako zerbitzuetarako kokapen egokia da.

    Alkatearen aburuz, egokia den ala ez esan beharko da urte batzuetan eman nahi den zerbitzua nolakoa izango den, lan-batzordea heltzen ari den kontuak izanik. Kokapenak ez du kontu honen gai nagusia izan behar, orain dela gutxi gertatutakoa kontuan hartuta, alegia, lehen leku aproposa Bikarioenea zela eta Foru Aldundiak berak gaurko mozioak proposaturiko kokapena errefusatu egin zuela.

    Pello Garbizuk eta Iñake Urrestarazuk berriz diote proposaturiko lekua ona, polita eta merkea dela diote berriz.

    Inma Muñozek mozioari zuzenketa aurkeztu dio eta Alkateak puntuz puntu bozkatzea proposatu du. EAJ eta EAko zinegotziak aurka daudenez, Alkateak mozioa onartzeko modua bozkatzea agindu du. Alkatea eta EHko zinegotziak puntuz puntu bozkatzea nahi dute eta EAJ, EA eta PSEko zinegotziek osoa bozkatzea nahi dute. Beraz, puntuz puntu bozkatuko da mozioaren puntu bakoitzari aurkezturiko zuzenketa.

    Mozioan proposaturiko lehenengo akordioari EHK honako zuzenketa aurkeztu dio: “Izan litezkeen kokapenei buruzko azterketa bat egin dadila eta Ongizate Batzordean baloratu dadila”. Zuzenketa onartu da aldeko sei botorekin, Alkatearenak eta EHko zinegotzienak eta aurkako bost botorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotziena.

    Mozioan proposaturiko bigarren akordioari EHK honako zuzenketa aurkeztu dio: “Beharrezkoa den zerbitzua diseinatu ondoren eta aurrekontu zehatza izan ondoren, Udalak finantzaketa-era egokia bila dezala”. Zuzenketa onartu da aldeko sei botorekin, Alkatearenak eta EHko zinegotzienak eta aurkako bost botorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotziena.

    Mozioan proposaturiko hirugarren akordioari EHK honako zuzenketa aurkeztu dio: “Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzearen alde”. Zuzenketa onartu da aldeko sei botorekin, Alkatearenak eta EHko zinegotzienak eta aurkako bost botorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotziena.

    Mozioan proposaturiko laugarren akordioari EHK honako zuzenketa aurkeztu dio: “Lehen hartutako erabakiak gauzatzeko beharrezkoak diren gestio guztiak egitearen alde”. Zuzenketa onartu da aldeko sei botorekin, Alkatearenak eta EHko zinegotzienak eta aurkako lau botorekin, EAJ eta EAko zinegotziena. PSEko zinegotziak ez du bozkatu.

    Mozioan proposaturiko bosgarren akordioari EHK honako zuzenketa aurkeztu dio: “Ongizate Batzordeari eta adinekoen arazoak aztertzeko honetatik sortutako batzordeari lagundu eta zorionak eman orain arte egindako lanarengatik”. Zuzenketa onartu da aldeko sei botorekin, Alkatearenak eta EHko zinegotzienak eta aurkako lau botorekin, EAJ eta EAko zinegotziena. PSEko zinegotziak ez du bozkatu.

    Zuzenketen testua onartu denez, ez da egokia aurkezturiko mozioa bozkatzea.

    Une honetan Iñake Urrestarazu Osoko Bilkuratik joan da.

    9.- GALDE ESKEAK.

    EAJ/PNVko eta EAko zinegotziek osoko bilkuraren espedientean jasotan dauden idatziz aurkeztu dituzten bost galderak laburki honela diote:

    1.- “Azterka Ikaskuntza Elkarteari” esleitutako etxebizitzari buruzko azterketa bukatua dagoen galdetu dute.

    Alkateak lana bukatua dagoela erantzun du, baina arauetan izandako berritasunak direla eta, sortu diren zuzenketa txikien zain daudela. Martxoaren bukaerarako behin-behineko agiria edukitzea espero da.

    2.- Akerbeltz Aterpetxearen ustiapenaren esleipendunek dagokien seihileko balantzea aurkeztu duten galdetu dute eta zergatik aldatu den Akerbeltz izena Armaia izenarengatik. Nork aldatu duen, non eta zergatik erabaki duten galdetu dute.

    Imanol Esnaolak dio aurreko jabeengandik bereizteko aldatu dela izena. Armaia Urzainkiko mendi baten izena omen da. Memoria ez dela aurkeztu dio, baina datu zehatzak daudela, horietako batzuk azalduz. Zerbitzuari dagokionez, itxura ona duela dio, kexarik ez dagoela eta txosten bat egingo duela.

    3.- Gobernu Batzordeak eskatutako N-1aren zatiaren azterketa Endara S.L.-k bukatu duen galdetu dute.

    Alkateak lana bukatua dagoela esan die eta hurrengo astean Hirigintzako Batzordean laburki azalduko dela.

    4.- Oarso Telebistarekin eta Orratx Kultur Elkartearekin egindako hitzarmen proposamenari buruz eskatu diren txosten juridikoak egin diren galdetu dute.

    Alkateak txostenak egiteke daudela erantzun die.

    5.- Udalaren web orrialdea diseinatu eta martxan jartzeko Plazagunek esleipena bete duen galdetu dute.

    Imanol Esnaolak erantzun du orrialdea dagoeneko martxan dagoela baina zerbitzariaren abiadura dela eta arazoak daudela.

    6.- Alkatetzak poligonoak hartzeko asmorik baduen, horretarako planik baldin badu behintzat, galdetzen dute.

    Alkateak dio ez dagoela aurtengo lehentasunen barruan. Aitortzen du aztertzeko gai bat dela, baina lehentasuna duten gaiak daudela dio.

    7.- Pello Garbizuk eskari bat egin du: Polentzarrene plazan kokatu den poluzioa neurtzeko etxetxoari buruz, ondoan duen hesia igotzen diren umeen arriskua ekiditeko beste toki batean kokatzea proposatu du, adibidez, Euskaltegiaren ondoan edo hesiarengandik urrutiago.

    Alkateak esan dio kokapena Eusko Jaurlaritzako teknikariek erabaki zutela etxebizitzak ondoan daudelako eta portuari begira inolako trabarik ez edukitzeagatik. Eusko Jaurlaritzako teknikariei erabaki hauek idatziz aditzera emateko eskatu zaie.

    Imanol Esnaolak dio bere taldeak ulertzen duela lehengo asteko plenoa bertan behera uztea bultzatu zituzten gertaerek eragindako sufrimendua, baina sufrimendua Euskal Herriak bizu duen gatazkaren bi aldeetan dagoela eta hauxe ere kontuan hartu behar dela dio.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 21:45 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225.518.etik 225.533.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna