2000.eko Abenduaren 29ekoa

    Agiri mota


    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2000ko abenduaren 29an, 18:04 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martinez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanua Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

    Denak azaldu dira Xabier Alegria ezik, espetxean dagoelako.

    Bertan izan eta egintzaren fede eman du udal idazkariak, Xabier Loiola Aristik. Udal kontuhartzaile Pedro Etxarri Ollokiegi ere bertan izan da.

    1.- 2001 ekitaldirako aurrekontuari hasierako onarpena emateko proposamena.

    Alkateak proposamen onartzea proposatu dio Udalbatzari. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

    2001eko Udal Aurrekontua egin eta onartzeko espedientea ikusirik eta, Kontu eta Hazienda Batzordeak aurtengo abenduaren 5ean eta 19an eginiko bilkuretan informatu ondoren, eta azken bilkura horretan quorumik ez zegoenez, diktamena ematerik izan ezean, alkateak Osoko Bilkurari honako erabaki hau hartzea proposatzen dio:

    Hasierako onarpena ematea 2001eko Udal Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez-atal zehaztuta:

    GASTUAK

    KAPITULUA

    IZENA

    PTA.

    1

    PERTSONAL GASTUAK

    315.000.000

    2

    GASTUA ONDASUN ARRUNT ETA ZERBITZUETAN

    212.000.000

    3

    FINANTZA GASTUAK

    66.000.000

    4

    TRANSFERENTZIA ARRUNTAK

    102.455.000

    6

    INBERTSIO ERREALAK

    16.125.000

    8

    FINANTZA AKTIBOAK

    2.000.000

    9

    FINANTZA PASIBOAK

    68.100.000

    GUZTIRA

    781.680.000



    SARRERAK

    KAPITULUA

    IZENA

    PTA.

    1

    ZUZENEKO ZERGAK

    212.125.000

    2

    ZEHARKAKO ZERGAK

    50.000.000

    3

    TASAK ETA BESTELAKO ZERGAK

    111.445.000

    4

    TRANSFERENTZIA ARRUNTAK

    398.310.000

    5

    ONDARE SARRERAK

    1.600.000

    7

    KAPITAL TRANSFERENTZIAK

    500.000

    8

    FINANTZA AKTIBOAK

    7.700.000

    GUZTIRA

    781.680.000



    Gai honen inguruan burutu diren Kontu eta Hazienda Batzordearen bi bilkuretan emandako azalpenen laburpen modura, aurrekontu horiek azpiegitura garrantzitsuez hornitzeko udalak egin duen ahalegin itzelaren ondorio direla dio alkateak. Kultura eta Gizarte Ongizate alorretan dirulaguntza eta hitzarmen politikara bideratutako ekintzak azpimarratu ditu. Gizarte Ongizate zerbitzuaren arreta maila zaharrekiko, ezinduekiko, pobrezi egoeran daudenekiko, e.a. mantendu egiten dela dio. Hizkuntza normalkuntzak ere baduela bere garrantzia aurrekontu hauetan.

    Hori guztia kontutan hartuta, eta Hazienda Batzordeak diktamena ematerik izan ez duen arren, gaiaren premia onar dezaten eta aztergai zerrendan sar dezaten eta, kasu balitz, proposamena onar dezaten eskatu die korporaziokideei.

    Alde sei boto direla, EH-ko zinegotzienak, eta sei abstentziorekin, EA, EAJ eta PSE-ko zinegotzienak, premia onartu da eta eztabaidarako txanda ireki.

    Iñake Urrestarazuk, iazko aurrekontuen berdinak direla dio. Haietako enplegu-eskeintza publikoa egin gabe dagoela gogorarazi du. Inbertsioetarako eta ongintzarako dirurik ez egotea kritikatu du. Aurrekontuak kontu hutsa direla dio.

    Pello Garbizuk, EAJ eta EA-ko zinegotzien izenean, aurrekontu proposamenerako osoko zuzenketa aurkeztu du. Honela dio:

    “Zio-azalpena:

    1.- Dokumentua barnetik.

    1. Aurtengoarekin konparaketa


    Egiten zaigun proposamena, igazkoa baino 97 miloi gutxiagokoa da. Sarrerak kreditu eragiketa ezagatik (119 miloi 9.kapituluan) eta “Tasa eta beste Sarrera” (21 miloi 3.kapituluan) murriztetik eskasten dira. Gastuak berriz, inbertsiotan (6.kapituluak 143 miloi gutxiago) eta Ondasun arrunt eta zerbitzuetatik (14 miloi, 3.kapituluan).

    1. Memoriak ez dio egia


    Besterik badio ere, Araudi Fiskalen proposamena ez onartzetik ez dator sarrera murrizketarik; padroiak haundituz doazelarik eta tasak, igo ez, baina jeitsi ere egin ez direnez, ezin beraiengandiko dirusarrerik murriztu; alderantziz baizik.

    Sarreren 3. kapituluko murrizketa “Hirigintz probetxamendu”etatik (20 miloi) eta “Telefonica” eta “Iberdrola”ren partida bakoitza 2 miloiz gutxiagotzetik dator. Ez da egia Memoriak dioena.

    1. Kultur ta gizarte dinamika indartu


    Nekez uler daiteke Memoriak dioen bezela, kultur eta gizarte dinamika indartu nahi direnik; Kultura arloan, 4. kapituluan, igaz baino 12 miloi gutxiago presupuestatuz?; Ongizateko 2.kapitulua lau miloiz eta 4.a bi miloiz gutxiagotuz?; Hezkuntzako 2.kapituluari hiru miloi kenduz?

    1. Memoria


    Nolabait bete behar eta, noiznahi eta nonahi izenpetu daiteken memoria da hau.

    1. Ekimen Plana eta partidak


    Ez dago bata eta bestearen arteko loturarik. “ Elaborar los presupuestos mediante alguna técnica que permita valorar las actuaciones realizadas en relación con la eficacia y economía de la actividad municipal, para lo que será necesario establecer objetivos e indicadores para cada uno de los programas funcionales”, proposatzen zigun Bask Consulting-ek igazko kitapenaren auditorian. Ez dago horrelakorik. Lekuko, Udaltzaingoaren Ekimen Planean, azpiegitura beharra dago, auto eta ordenadore berriak, baina ez dira presupuestatzen. Ez dago indikadorerik. Ez dugu jakingo helburuak eta ekimenak bete diren ala ez. Ez dago ezer neurtzerik, eta neurtzen ez dena ezin da hobeagotu.

    1. Udal araua


    Ez ditu jasotzen 10.artikuluan, subentzio politika dela-ta, orain artean egin zaizkion emendakinak, ez eta kontzejalon kalteordainak arautzen dituen artikulua ere; arrazoirik ez dugu jaso.

    2.- Dokumentua kanpotik.

    1. Hirigintza geldiarazten du


    Espreski ez bada ere, Arau Subsidiario berrien redaktaketa urte osoan “Abantze”aren aurkezpenetik pasa ez dadin proposatzen da, fase honek 26 hilabeteko atzerapena daraman arren, kontratuan adostu ziren daten arabera. Ez da dokumentuaren itzulpena egiteko dirurik aurrikusten, ez eta izan ditzaken alegazioen idazketarako ere. Arau subsidario berrien redakzioa bazterrean utzita geratuko da datorren urtean berriro. Okerrago dena, agintaldi honetan Arau berririk izateari uko egiten zaio.

    1. Udaltzaingoa dagoenean uzten du


    Esateak min ematen badigu ere, Udaltzaingoa, ospegaltzeak eta iniziatibarik ezak jota, areagotuz doan krisi batean murgildurik dago. Ez du ez helburu eta ez eginkizun zehatzik. Beharrezkoak ditu, bai berehalako prestakuntza, Babes Zibileko Udal Plangintzan, EGOKA ihardueren ikusketa eta kontrolatze lanetan sartzea, bai eta arau guztien kunplimentuan ere. Baina hau ez da bakanteak eta ausentziak beteaz bakarrik egiten.

    1. Ia insolidarioa da


    Garapen bidetan dauden herrien aldeko gure eskuzabaltasuna (miloi bat datorren urtean; 1,1 miloi aurten) gastu arruntaren %0,14ra baino ez da iritsiko (aurten %0,16). 0,7tik oso urruti gaude.

    1. Zerbitzuen kalitatea pertsonal plantila haunditzearekin nahasten du


    Edozein zerbitzuren kalitatea hobeagotzeko asmotan, 1.kapituluko gastua (pertsonala) haunditzera jo daiteke, baina ez da biderik onena izaten beti. Bistan da enpresa espezializatuak Administrazioa baino iaioagoak direla lan asko egiteko orduan.

    Mantenimenduko brigadaren lanak enpresa espezializatuen esku utz daitezkela uste dugu, kontratu baten bidez, baldin eta, aldeko eta kontrako arrazoiak aztertu ondoren, zerbitzua hobeagotuko litzatekela ikusiko balitz; horrela gertatuez gero, ez legoke brigadaburuaren beharrik are gutxiago ebentuala izanik, bere menpekoengan itzalik izango ez duelako) eta orain lan horietan ari den pertsonalarekin bakanteak betetzeko, zerbitzu batzuk indartzeko eta beste berriren bat sortzeko ere baliatzeko aukeran izango ginateke (erosketa zerbitzua, esate baterako).

    e) Pertsonala

    Adierazi zaigunaren arabera, ez da datorren urtean “Enplegu Eskaintza Publikoa” egiteko ziurtasunik. Hala bada, plantila organikoa eta lanpostu zerrenda onartzea itxurak betetzeko baizik ez da.

    f) Politika sektorialen gabezia

    Enpleguaren sorketarako, familia, haur eta gazte prebentziorako, jenero berdintasunerako, zaharren alorreko politika bitartearien plangintzarik ez da nabari.

    Adierazitako guztiagatik, hutsunez beteriko aurrekontu atzerakoi baten aurrean gaudelarik, proiektua hobeagotu daitekelako, Alkatetzara itzul dadin eskatzen dugu”.

    Mikel Antxon Arrizabalaga ez dator bat proposatutako inbertsioekin. Aurkeztutako aurrekontua benetakoa ez dela dio; gerora tramitatuko diren kreditu aldaketarako espediente ezberdinen emaitza izango dela benetakoa.

    Iñake Urrestarazuk Lezoko eta Oarsoaldeko EAren izenean zorionak eman dizkio kontuhartzaileari aurrekontuko dokumentuak aurkezteko moduagatik.

    Aurrekontuaren zirriborroa banatu zenetik hilabete pasa dela gogorarazi du alkateak eta inolako ekarpenik egin ez izanaz kexu da. Bere ustetan, zuzenketa kritika hutsa da, planteamendu alternatiborik gabea. Helburua espedientea betetzea dela. Horrela, lehentasun berriak eta gastu berriak aipatzen direnean, bere ustez logikoena aldaketak planteatzea eta gastuari aurre nola egin nahi zaion esatea litzateke.

    Beren iniziatiba bakarra ordenantza fiskalen aldaketaren onarpena eragoztea izan dela aurpegiratu die alkateak EAJ eta EAri. Ildo horretatik, dirusarrerak handitzen ez uztea eta, gero, gastu handiagoak proposatzea onargarri ez dela dio.

    Udal aurrekontuak ateratzea alkatearen ardura dela eta oposizioari oposizioa egiteagatik ordaintzen zaiola dio Iñake Urrestarazuk.

    Pello Garbizuk dio azaroaren 4an ordenantza fiskalak ez aldatzea onartu zela eta ez gutxitzea. Ekarpenari dagokionean hemen eta orain egindakoa dela errepikatu dio.

    EAJ eta EAk aurkeztu duten osoko zuzenketa onartzea proposatu da eta onarpenaren alde sei boto izan dira, EAJ, PSE eta EAko zinegotzienak eta kontra sei, alkatearena eta EHko gainerako ziengotzienak.

    Zuzenketa ez dela onartua izan dio alkateak eta aurrekontu proposamena bozketara jarri du eta onartua izan da sei boto alde direla, alkatearena eta EHko gainerako zinegotzienak, lau boto kontra, EAJ eta EAko zinegotzienak eta bi abstentzio, PSEko zinegotzienak.

    2.- 2001 ekitaldirako lanpostuen zerrenda eta plantila organikoa onartzeko diktamena.

    Alkateak Barne Batzordearen diktamena onartzea proposatu dio Udalbatzari. Diktamenak honela dio:

    “Udal aurrekontua onartzerakoan eta indarrean dagoen legerian oin hartuz, Udal Batzarrari dagokio urtero aurrekontuaren bidez udal plantila eta lanpostuen zerrenda onartzea.

    Barne Batzordeak 2000ko abenduaren 19an eginiko batzarraldian izan zen diktaminatua proposamena, Aitor Sarasola Salaberriak eta Mikel Mitxelena Izak alde botatu zutelarik eta Pello Garbizu Azkue abstenitu.

    Horiek guztiak horrela Osoko Bilkurari honako erabaki hauek hartzea proposatzen diot:

    BAT: 2001. urterako udal plantila organikoari hasierako onarpena ematea.

    BI: 2001. urterako lanpostuen zerrendari hasierako onarpena ematea”.

    Iñake Urrestarazuk diktamena itxura gordetzeko baino ez dela dio.

    Pello Garbizu langile gaietan aurrekontuen zuzenketan azaldutakoari lotu zaio.

    Botazioa egin ondoren diktamena onartu da alde sei boto direlarik, alkatearena eta EH-ko gainerako zinegotzienak, kontra bi boto, EAJ-ko zinegotzienak eta lau abstentzio, PSE eta EA-ko zinegotzienak.

    3.- 2001 ekitaldirako Bekoerrota kiroldegiko tasak onartzeko proposamena.

    Alkateak Bekoerrota kiroldegiko tasei hasierako onarpena emateko proposamena aurkeztu dio udalbatzari. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

    “Bekoerrota kiroldegiko 2001 ekitaldiko tasei dagokienean, Gezak SL-ek bidalitako idatzia ikusirik, alkateak Osoko Bilkurari hau proposatzen dio:

    BAT: Gezak, S.L. aurkeztutako prezioak onartzea, Hazienda Batzordera aurkeztu zirenak dira eta diktaminatu gabeak batzordean quorumik ez zelako izan.

    BI: Salbuespen eta hobarietarako ondorengo arauak onartzea.



    Eskatzaileek aldez aurretik bete beharreko baldintzak hauek dira:

    1.- Eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen Lezon erroldaturik egotea.

    2.- Udal zerga guztiak ordainduta edukitzea.

    ONURADUNAK

    Lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez duten dirusarrerak dituzten familiei %75 hobaria egingo zaie.

    -Aurreko atala kalkulatzerakoan, familiaren sarrerak familia osatzen duten kideen zenbatekoaz zatituko dira.

    -Bi pertsonako famili unitatea gainditzen duen kide bakoitzeko, lanbide arteko gutxieneko soldata %30 gehituko da sarreren muga gisa.

    APLIKAZIO ARAUAK

    1.- Familiako kideen zenbatekoa erabakitzerakoan, Biztanleen Udal Erroldaren azken eguneratzean ageri den informazioa hartuko da aintzat.

    2.- Tasen hobari eskabideak Kiroldegiko bulegoan aurkeztuko dira matrikula egiterakoan eta ondorengo dokumentazio hau erantsiko zaio:

    a.- Bizikidetzaren ziurtagiria.

    b.- Edonolako ordainketaren bat jasotzen duten famili unitateko kide guztien soldata, pentsio edota beste edozein ordainketa-kontzepturengatik sortzen diren sarreren egiaztagiria

    3.- Hobaria, matrikula ordaintzerakoan aplikatuko da.

    4.- Eskatutako programetarako bakarrik emandakotzat ulertuko da hobaria”.

    Alkateak premia justifikatzeko Gezak enpresaren idatzian oinarritu da, bertan, prezio berri horiek onartuko ez balira kudeaketaren luzapena ez egiteko prest azaltzen baita horrek instalazio erabiltzaileei ekar dakiekeen kalteekin.

    Gai honen premia bozketara jarri da eta hamar boto alde, EH, EAJ eta EA-ko zinegotzienak eta bi abstentzio, PSE-ko zinegotzienak, izan da emaitza.

    Pello Garbizuk zein Iñake Urrestarazuk, alkateak ez bezala, kiroldegiko tasa aurkezten diren lehenengo aldia dela diote. Proposamena, kiroldegi eta igerilekuen kudeaketa kontratatzeko espedientearekin lotzen dute, eta proposamena baldintzekin onartzeko prest agertu dira. Posible balitz prezio berriak otsaila bitarte indarrean egotekotan onartuko lituzkete, esleipen berria orduan egin beharko bailitzateke. Kontuhartzaileak dioen bezala behin-behineko onarpen hori, posible ez balitz, alde botatuko lukete baldin eta aipatutako gestioaren esleipena aurkeztu diren lizitazioen balioa iraungi dadin baino lehen burutzeko konpromisoa hartuko balu gobernu taldeak. Beren asmoa zerbitzua mantentzea dela adierazi dute baina esleipen berria egin ez dadin ekidin nahi dutela. Kiroldegi eta igerilekuen kudeaketa esleitzeko pliken irekiera ekitaldira deituak ez izana gaitzetsi dute eta behin eta berriz kritikatu dute igerilekuetako lanen ejekuzioari buruzko informaziorik eza, paradoxa bada ere 1999ko irailean buka zitezen urgentziaz kontratatuak izan eta oraindik orain, dirudienez, hasierako ejekuzio fasean baitaude.

    Mikel Antxon Arrizabalagak Gezaken idatzia xantaia txikitzat jo du, bere ustez kontratazio administratiboan horrelako planteamenduak lekurik ez baitute. Gaiari sakonetik helduz zera dio, Oiartzun eta Lezok kirol instalazioetan prezio berak izan behar baldin badituzte aurrez prezioak ezartzeko negoziaketa prozesu bat egon behar duela, edo, are gehiago, negoziazio hori Gezak enpresarekin berarekin burutu behar dela, “horrela edo batez” bezalako planteamenduak aintzat hartu gabe. Alkatetzaren proposamenaren alternatiba gisa honako hau aurkeztu du: esleipen berria epearen barruan egin dadila, erabiltzaileentzat egungo tasak manten daitezela, eta udalak prezioen aldeagatik enpresa esleipendunari kalteordaina eman diezaiola.

    Alkateak esan dio Gezaken idatzi hori arazoari heltzeko zabaldutako negoziaketa prozesuari eman dioten erantzuna dela; ezin dela jasotako planteamendua erantzun gabe utzi. Pello Garbizu eta Iñake Urrestarazuri erantzuteko, berriz, urtarrilean kontratazio mahaia biltzeko konpromisoa hartzen duela eta adjudikazioa egin behar bada epeen barruan egitekoa ere bai. Obrei buruz, igerilekuak estali eta klimatizatzeko obra zibilaren exekuzioa negoziatzen ari direla eta bere ustez laster emango diela horri buruzko informazioa.

    Alkatearen hitz horien ondoren, eztabaida sortu da eta oposizioak zera zentsuratu dio hasierako proiektua onartu eta esleitu zuen udalbatza ezertarako ere kontutan hartu gabe proiektua aldatu dela zer-nolako erabakiak hartu diren edo nork hartu dituen ez dakitelarik.

    Eztabaidaren ondoren, Mikel Antxon Arrizabalagak aurkeztutako zuzenketa bozketara jarri du alkateak. Zuzenketa ez da onartu kontra sei boto direlarik, EHko zinegotzienak, lau abstentzio, EAJ eta EAko zinegotzienak eta bi boto alde, PSEko zinegotzienak.

    Gerora, alkateak proposamena onartzea planteatu du zerbitzu berriaren esleipena epearen barruan egiteko konpromisoarekin. Bozketa egin ondoren, onartu egin da hamar boto alde direla, EH, EAJ eta EAko zinegotzienak eta bi boto kontra, PSEko zinegotzienak.

    Gai ekonomikoak behin landuta, udal kontuhartzaile Pedro Etxarri bileratik joan da.

    4.- UAD6 eta SG 5 eremuetako (Donibane kalea, 18) arau subsidiarioen aldaketa puntualerako aurrerapen dokumentua onartzeko proposamena.

    Alkateak diktamena onartzea proposatu dio Udalbatzari. Diktamenak honela dio:

    “Hirigintzako informazio Batzordeak, 2000ko abenduaren 18an eginiko bilkuran, UAD 6 eta SG 5 eremuetako arau subsidiarioen aldaketako aurrerapen dokumentua onartu zuen.

    Diaz-Guardamino Arquitectos SL.ek egin du dokumentua.

    Hirigintzako informazio Batzordeak, Aitor Sarasola Salaberriaren (EH) botoa alde delarik eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) eta Jesus Mª Martiarena Jakaren (EAJ) abstentzioekin, Osoko Bilkurari honako erabaki hau hartzea proposatzen dio:

    BAT: UAD 6 eta SG 5 eremuetako arau subsidiarioen aldaketako aurrerapen dokumentua onartzea.

    BI: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta egunkarietan iragarkia jarrita 30 eguneko epea irekitzea jendea informatzeko, epe horren barruan elkarte eta norbanakoek iradokizunak egin ditzaten.

    Dena dela Korporazioak dagokion erabakia hartuko du.”

    Jesus Mari Martiarenak aurkeztutako dokumentua onartzeko organo eskumenduna zein den galdetu du. Alkatearen eskumena balitz, alkateak onar dezan eskatzen du bere taldeak.

    Idazkariaren iritziz, alkateak badu eskumena arau subsidiarioen aldaketako aurrerapen dokumentuak onartzeko.

    Dokumentu horiek Udalbatzaren Osoko Bilkuraren iritzira jartzen ohi direla gogorarazi du alkateak eta ohitura hori ez duela berak aldatuko.

    SG 5 oraindik udalaren eskuetan ez dagoela dio Iñake Urrestarazuk eta bera adi egongo dela lur-eremu horiei zein erabilera emango zaien. Alkateak iradokizun-epea aprobetxatezeko gonbidapena luzatu dio gogoko dituenak egin ditzan.

    Imanol Esnaolak Portutik zerbait berreskuratzeko garaia badela dio.

    Bozketa egin eta gero, diktamena onartu egin da alde sei boto direla, EHko zinegotzienak, eta sei abstentziorekin, EAJ, EA, eta PSEko zinegotzienak.

    5.- Udalbatzaren Osoko Bilkura Ohikoak egiteko eguna aldatzeko Alkatetzaren proposamena.

    Udalbatzaren osoko bilkura ohikoak egunez aldatzeko proposamena onartzea planteatu du alkateak. Proposamenak honela dio:

    “Osoko bilkurak, 1999ko uztailaren 21ean, onartu zuen ohiko bilkurak hilabete bakoitietan, bigarren asteazkenean, 19:00 orduetan, egitea.

    Alkatetza honek egunez aldatzeko proposamena egin nahi du, hots, asteazkenetan egin ordez, OSTIRALETAN, egitea.

    Egun hori jaieguna balitz, osoko bilkura hirugarren ostiralean egingo litzateke”.

    Iñake Urrestarazu zein Pello Garbizuren ustetan ostirala ez da osoko bilkuretarako egunik egokiena. Proposamena egitearen arrazoiei buruz galdetu dio Pello Garbizuk eta agenda kontua dela eta arratsaldez izaten jarrai dezaten nahi duela erantzun dio alkateak.

    Bozkatu ondoren, proposamena onartua izan da alde sei boto direlarik, EHko zinegotzienak, lau boto kontra PSE eta EAko zinegotzienak eta bi abstentzio, EAJko zinegotzienak.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 19:21 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225.488.etik 225.497.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna