2007.eko Otsailaren 21ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko otsailaren 21ean, asteazkena, 8:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE taldea), Isabel López Aulestia (IU-EB taldea), Maria Luz Anglada González (PP taldea) eta Mayra del Carmen Cruz Robelo (PSE taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Mayra del Carmen Cruz Robeloren zinegotzi kargu hartzea (2006ID280001)

Udalbatzak, joan den abenduaren zazpian egindako osoko bilkuran, PSE-EE taldeko hautetsi zerrendan zinegotzi kargua hartzeko zeuden guztiek uko egin izanaren berri jaso zuen, eta alderdi horrek berak, Hauteskunde Legeko 182.2 artikuluan oinarrituz, Mayra del Carmen Cruz Robelo zinegotzi izendatzea proposatu zuen. Hautesle batzorde zentralaren aurrean tramitatu zen eskaera, hari dagokiolako zinegotzi kredentziala ematea.

Kredentziala 2007ko otsailaren 14ean jaso da udalean eta Mayra del Carmen Cruz Robelok egin ditu, Udaletxeko Idazkaritzan, legez beharturik dagoen bateraezintasun arrazoiei buruzko eta ondasunen inguruko aitorpenak .

Hori guztia egiaztaturik, eta Mayra del Carmen Cruz Robelo bilkura honetara agertu delarik, alkateak zinegotzi kargua hartzeko 707/1979 Errege Dekretuko 1. artikuluak agintzen duen galdera egin dio. Mayra del Carmen Cruzek agindu egin du, zinegotzi karguaren betebeharrak zintzo beteko dituela. Alkateak ongi etorria eman dio eta Mayra del Carmen Cruzek eskertu egin du.

Jendartetik Iker Salaberriak hitza eskatu du eta esan du, susmagarria egin zaiola legealdia bukatzeko hiru hilabete falta direnean kargu hartzera etortzea, usain elektoralista hartzen omen dio pausu horri. Gogoratu dio Mayra del Carmen Cruzi Lezoko herriak ez duela aukeratu. Uste du PSEk ezer gutxi eskaini diola Lezoko herriari, PSOEk gatazka politikoaren irtenbideari eman dion adina, eskubide politiko eta zibilen ukatze eta zapalketa besterik ez.

Hori esan ondoren, eta hurrengo gaiarekin hasi aurretik, jendarteko bi pertsona zutik jarri eta "apartheid politikorik ez" eta "ilegalizaziorik ez" zioten bi orri ireki dituzte. Alkateak esertzeko esan die eta ixteko paperak. Bilkura ez dutela oztopatzen esan dute haiek. Alkateak baietz esan die eta, bigarren aldiz, esertzeko eta orriak ixteko. Kasu egin ez dutenez, alkateak, bilkura eten eta gela jendez hustu ondoren, bilkurak ateak itxita jarraituko duela erabaki du.

Hamar minutuko etenaldiaren ondoren bilkurak jarraitu egin du.

2.- Pildain eskolen orubea hezkuntza zerbitzuetatik desafektatzeko Eusko Jaurlaritzari baimena eskatzeko proposamena.

Alkatek dio, aurreko osoko bilkurara gaia eramatea ahaztu eta, hurrengo ohiko bilkurara itxoiteak luze joko duelako, gaia batzordeak diktaminatu gabe eta urgentziaz dakarrela. Alkateak eskatu die batzarkideei gaiaren urgentzia berresteko eta onartzeko gaurko bilkuran gaia eztabaidatzea. Bilkuran diren hamabi zinegotzien aldeko botoarekin urgentzia berretsi da.

Ondoren alkateak erabaki proposamena onartzea proposatu du. Honela dio proposamenak:

"2006ko urtarrilaren 26an, Tokiko Gobernu Batzarrak Pildain eskolen eraikina eraistea erabaki zuen. Orubea, nahiz eta udal jabetzakoa izan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dago eta harrezkero ez da ezertarako erabili.

 

Jakina da orube horretan Zomad Arquitectosek idatzitako proiektua gauzatzeko asmoa dugula, Eguneko Zentroa, Apartamentu tutelatuak eta abar eraikitzeko.

 

Horretarako, ordea, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurretiazko baimena desafektatu ahal izateko, apirilaren 10eko 605/1987 Errege Dekretuaren arabera.

 

Guzti horregatik, aipatu baimen eskaera egitea onartzea proposatzen diot Osoko Bilkurari."

Bilkuran diren hamabi zinegotzien aldeko botoarekin onartu da proposamena.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 8:55etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna