2007.eko Abenduaren 5ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko abenduaren 5ean, 19:00etan, eratu da OHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea (EAE-ANV taldea), Irati Aranburu Salaberria (EAE-ANV taldea), Jon Legorburu Arrastua (EAE-ANV taldea), Silbia Folgueira Fernández (EAE-ANV taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (EAE-ANV taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (EAE-ANV taldea), Urko Lopetegi Campano (EAE-ANV taldea), Jaione Lekuona Irazusta (EAE-ANV taldea) eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea).

Ez dira bileran izan Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2007ko urriaren 3an (ohikoa), azaroaren 15ean (ezohikoa) eta azaroaren 15ekoan (ezohikoa eta premiazkoa) egindako bilkuretako akten onarpena.

Urriaren 3ko bilkurako akta aldaketarik gabe onartu eta sinatu da. Mikel Antton Arrizabalaga une honetan sartu da eta berak ere akta sinatu du.

Azaroaren 15eko ezohiko bilkurako aktari zuzenketa egin behar zaio. Alkateak eskatuta, idazkariak zuzenketaren nondik norakoa adierazi du: euskarazko alearen 663.925 orrian, BI, 2.1. erabakian "534.082 €" ordez "502.562,58 €" esan behar du. Gaztelerazkoan, 663.932 orrialdeko SEGUNDO 2.1. erabakian aldaketa bera egin behar da. Prezio "berria" proiektuan dagoena da eta, aktan eta proposamenetan jasotakoa baino txikiagoa denez, ez dago kontsignazio arazorik. Akats aritmetiko baten zuzenketa bezala onartzen dute bilkura kide guztiek. Aldaketa horrekin akta onartu eta sinatu egin da.

Azaroaren 15eko ezohiko eta premiazko bilkurako akta inongo zuzenketa eta aldaketarik gabe onartu eta sinatu da.

2.- Alkatearen D07/00873. dekretuaren kontu ematea, 2007ko aurrekontu aldaketari buruzkoa, kreditu-transferentziaren bidezko kreditu-aldaketarako (2007KO010002).

Silbia Folgueirak dekretuaren berri eman dio osoko bilkurari.

 

3.- Alkatearen D07/00916. dekretuaren kontu ematea, 2007ko aurrekontu aldaketari buruzkoa, kreditu-transferentzia bidezko kreditu-aldaketarako (2007KO010003).

Silbia Folgueirak dekretuaren berri eman dio osoko bilkurari.

4.- Alkatearen D07/00925. dekretuaren kontu ematea, 2007ko aurrekontu aldaketari buruzkoa, kreditu-gaikuntza bidezko kreditu-aldaketarako (2007KO090001).

Silbia Folgueirak dekretuaren berri eman dio osoko bilkurari.

 

 

 

 

5.- 2007. ekitaldiko aurrekontuaren aldaketari buruzko diktamena (2007KO100001).

Silbia Folgueirak Ogasun eta Kontuetako batzordearen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2007ko Azaroaren 26an egindako bilkuran, Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu (EAE/ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, behean azaltzen den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

Lezoko Udal honen 2007 Aurrekontuaren barnean kreditu gaikuntzen erregimenaren bidez izapidetzen den kreditu aldaketarako espedientea aztertu dugu.

Espedienteko egoera orrian biltzen diren eta espero zirenen gainetik jaso diren sarrera berriak edo handiagoak, hain zuzen, aplikagarria den foru araudian espresuki zerrendatu dira, eta espedientean proposatutako gastu gehikuntza oso-osorik finantzatzen dute.

Halaber, Kontu-hartzaileak egindako aldeko txostena ere aztertu dugu.

Batzorde honek kreditu gaikuntzaren bidez egin beharreko kreditu aldaketarako adierazitako espedientearen aldeko txostena eman eta bidezkotzat jo du organo eskudunak 24.103,79 €tako zenbatekoaz onets dezan, aipatutako egoera orrian ageri den xehakapen berarekin.

Hala eta guztiz ere, aipatutako organoak bidezkotzat jotzen duena ebatziko du."

Diktamena onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko beste zazpi zinegotziena) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

 

6.- 2006. ekitaldiko Kontu Orokorra behin-betikoz onartzeko diktamena (2007KO080001).

Alkateak diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Hazienda Batzordeko Zinegotzi Delegatuak 2006ko Udal Kontuen egoerari buruzko espedientearen berri eman duen bitartean, arau bidez egindako jendaurreko erakusketan Patxi Apalategi Mendizabalek alegazio bat aurkeztu duela jakinarazi du.

Udal kontu-hartzaileak egindako txostena kontuan hartzen badugu, bertan 2007-01-11n hartutako D07/00020 erabakia berresten da. Zinegotzi Delegatuak aipatu alegazioa ez onartzea eta 2006ko Kontu Orokorra onartzea proposatu dio Batzordeari.

Kontu eta Ogasun Batzordeak Haritz Salaberria, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira (EAE-ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin (EAJ-PNV) ondorengo hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Patxi Apalategi Mendizabalek aurkeztutako alegazioa (3.260 zenbakia duen sarrera erregistroa) ez onartzea.

BI: Erabakiaren berri interesatuari jakinaraztea.

HIRU: 2006ko ekitaldiko kontu orokorra onartzea."

Diktamena onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko beste zazpi zinegotziena) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

7.- 2008. ekitaldirako ordenantza fiskalak behin-betikoz onartzeko diktamena (2007KO290002).

Alkateak diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"2008 urteko ekitaldirako Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzen duen espedientearen aurka Lezoko EAJ-PNV taldeak, garaiz eta forman, aurkeztutako erreklamazioaren berri eman du Hazienda Batzordeko Zinegotzi Delegatuak

Udal Kontu hartzaileak emandako txostena ikusi eta gero, Kontu eta Ogasun Batzordeak Haritz Salaberria, Irati Aramburu eta Silbia Folgueira (EAE-ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu (EAJ-PNV) zinegotziaren aurkako botoarekin behean jasotzen dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: EAJ/PNV-k aurkeztutako alegazioa ez onartzea.

BI: Behin betiko onarpena ematea 2008rako ordenantza fiskalen aldaketari."

Silbia Folgueirak, Haziendako zinegotzi delegatuak, gogorarazi du igoera %3,8koa dela.

Diktamena onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko beste zazpi zinegotziena) eta aurkako boto batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

8.- Futbol zelaiko lurren desjabetza epaia ordaintzeko hitzarmena onartzeko proposamena (2007KO320001).

Alkateak proposamena aurkeztu du. Honela dio deialdiarekin batera bidalitako proposamenak:

"EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako Salak emandako 2005eko maiatzaren 18ko 408/05 epaiak ezartzen zuen, Lezoko Udala kondenatzea futbol zelai berria egiteko 1997an desjabetutako lursailak balioespenean ordaintzera, 10.700 pta/m2ko.

Auzitegi Gorenak 2007ko otsailaren 22ko autoan, Udalak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ez onartzea ebatzi du, ondorioz 408/05 epaia irmoa da.

Lezoko Udalak desjabetutakoei ordaindu beharrekoa hain altua denez, eta hori guztia aldi batean ordaintzeak diru publikoan eragin dezaken kaltea ikusirik, hitzarmen akordio bat onartzea proposatzen da. Hitzarmen akordio horretan, epaian zehazten den ordainketa hiru ekitaldiren epealdian egitea adosten dute bi aldeek (proposatutako hitzarmena espedientean jasoa dago).

Interes publikoaren eta administrazio onaren izenean, eta alkatetzak proposaturik, Osoko Bilkurak honako erabaki hauek hartu ditu:

BAT: EAEANren 408/05 zenbakia duen epaiaren onuradunekin sinatu beharreko hitzarmena onestea, bertan zehazten diren baldintzen arabera epaian jasotzen dena epeka ordaintzeko.

BI: Hitzarmena sinatzeko eta berau bideratzeko beharrezkoak gerta daitezken beste dokumentuak sinatzeko Alkatea ahalduntzea."

Alkateak argitu du proposamenaren urgentzia: batzorde-bilkurak egin ondoren lortu omen da hitzarmenerako adostasuna. Aurreko legealdian landu zen hitzarmenaren eduki antzerakoa duela dio, baina epaiaren ordainketa hiru zatitara eta aurrekontuetara eramanda. Alkateak dio diktaminatu gabe aurkezteko arrazoiak hauek direla: 1) 2007ko aurrekontuetan dagoen gastua egin ahal izateko, 2008ko aurrekontuetan duen eragina adostu ezean, guztia epe bakar batean ordaindu beharko litzatekeelako. 2) Ordainketa gehiago atzeratuz gero, ordaindu beharreko interesak gehiagotzen jarraitzen dutelako.

Gaiaren urgentzia onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko beste zazpi zinegotziena) eta aurkako boto batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

Idazkariak ohartarazi du, hitzarmenaren zati bat adosten denean, udalak zenbait gastu beste aldearekin erdibana ordaintzearena ez dela zuzena. Beste hitz batzutan esanda, ez litzateke zuzena auzitan beste aldeak erabili dituen perituen gastuak ordaintzea.

Alkateak dio auzi honek suposatzen duen kantitateetan ez dela diru asko gastu horri dagokiona, interesgarriagoa dela udalarentzat interesen ordainketa gelditzea eta ordainketa hiru zatitan egitea.

Guztien adostasunarekin proposamena onartu egin da.

9.- 2008ko plantila organikoa eta lanpostuen zerrenda onartzeko diktamena (2007PE290004).

Alkateak diktamena aurkeztu eta bere onarpena proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Indarrean dagoen legerian oinarrituta, tokiko korporazioari dagokio urtero onartzea aurrekontuaren bidez, udal plantila organikoa eta lanpostuen zerrenda.

Horiek horrela, Haritz Salaberria, Irati Aranburu eta Jon Legorbururen aldeko botoekin, Barne Batzordeak, behean jasotzen dena diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 2008. urterako udal plantila organikoa hastapenez onartzea.

BI: 2008. urterako lanpostuen zerrenda hastapenez onartzea.

HIRU: Informazio publikorako 15 eguneko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

LAU: Jendaurreko epean alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke."

Bilkuran diren bederatzi zinegotzien aldeko botoarekin onartu da diktamena.

10.- 2008. ekitaldirako aurrekontua onartzeko diktamena (2007KO290005).

Alkateak, Hazienda zinegotziari hitza eman aurretik, memoria-dokumentua banatu du bilera-kideen artean: espedientean dagoen eskemaren garapena omen da.

Ondoren, Silbia Folgueirak, Hazienda zinegotzi delegatuak, diktamena aurkeztu dio osoko bilkurari eta haren onarpena proposatu. Honela dio diktamenak:

"2008ko udal aurrekontua lantzeko eta onartzeko tramitatzen ari den espedientea ikusirik, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2007ko Azaroaren 26an egindako bilkuran, Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, behean jasotzen dena diktaminatu du osoko bilkuran onar dadin:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2008. ekitaldiko udal aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez atal zehaztuta:

BI: Informazio publikorako hamabost egunetako epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki taulan iragarkia argitara emanez, alegazioak aurkez daitezen."

 

Silbia Folgueirak aurrekontuen azalpena egin du. Gastuen %76 gastu arrunta dela esan du eta gainontzeko %24 inbertsiotarakoa. Gastu aurreikuspena jaitsi egin omen dute aurreko urteko aurrekontuarekiko: gastu arrunten kasuan %16 eta inbertsioetan %53. Gastu nabarmen bezala ondorengoak aipatu ditu: maileguen interes eta amortizazioa, futbol zelaiaren desjabetzearen ordainketa eta inbertsioetan udal eraikinen mantentze lanak.

Sarrei dagokionez foru fondoa, zuzeneko zergak, obra gainetiko zerga eta hiritartze kuotak azpimarratu ditu. Udalaren egoera ekonomiko larria dela eta, gastuak murriztea eta kontrolatzea dute helburu eta, arrazoi horrek azaltzen du zinegotzien kalte ordain eta soldatak jaitsi izana.

Alkateak dio aurrekontua beste lan tresna bat dela, ez dela dokumentu itxia, eta ekarpenetara irekiak daudela bai bera, bai gobernu taldea. Aurrekontuari aldaketak egin ahal zaizkiola adierazi du, beraz.

Mikel Antton Arrizabalagak dio bera ez dagoela ados aurkeztutako aurrekontuekin. Sarrera arruntak eta gastu arruntak kantitate bera omen dira eta horrek esan nahi omen du ez dagoela inbertsioetarako aukerarik mailegu bidez ez bada. Sarrera arruntak justifikatzen dituen txostenik ez omen dago, bereziki hirigintza eta obra zerbitzuen ondorioz aurreikusitakoentzat. Inbertsioetan ez omen daki zer gertatu den Jauregialdeko urbanizazio lanekin. Ez omen du ulertzen eguneko zentroa egiteko Aldundiko dirulaguntza aurreikustea kontratua geldirik dagoenean. San Markos Mankomunitateko kuotarentzat aurreikusitakoa ez daki zein oinarri edo daturekin egin den. Ez dago ados beste erakunde batzuentzat aurreikusitako 70.000 €tako dirulaguntzekin.

Alkateak dio batzordeak direla horiek guztiak argitzeko gunea, orain ez dela momentua.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko zortzi botoekin (alkatearena eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta aurkako boto bat (Socialistas Vascos- Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena)

Alkateak dio udalak, aspaldiko partez, urte hasierarako onartutako aurrekontuak badituela eta ohitura on hauek mantentzen saiatuko direla.

 

11.- Plan Orokorraren formulazioa eta hiritarren partehartze programa onartzeko diktamena (2007HO310001).

Irati Aranburu, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Lezoko udalerrian indarrean dauden planeamenduko Arau Subsidiarioak 1987ko maiatzaren 27an onartu ziren, hau da, duela 20 urte baino gehiago. Arrazoi horregatik, indarrean dauden Arau Subsidiarioak gaindituak izan dira bai errealitatearengatik, bai egun indarrean dauden hirigintza-arauengatik. Bestalde, aipatu arauetan jasotzen diren erabakiak agortuak izan dira eta denboraldi honetan soberan gaindituak.

Aipatutako baieztapen hauek ongi habetzeko, balio beza datu esanguratsu honek: 1987an aipatu diren Arau Subsidiarioak onartu zirenetik, 23 aldaketa puntual onartu direla berauen gainean.

Horregatik, eztabaida ezina da Lezoko udalerrian indarrean dagoen hirigintza planeamendu orokorra errebisatzeko garaia iritsi dela.

Horrela, Euskal Herriko Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legean, planeamendu orokorraren figura Udal Plan Orokor bezala aurreikusten da.

Aipatu 2/2006 Legearen 90 eta 108 artikuluetan jasotakoa kontuan hartuz, hau da egiten dudan ........

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko azaroaren 21ean egindako batzarraldian, Haritz Salaberria (EAE), Jon Legorburu (EAE) eta Irati Aranbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin

DIKTAMINATU DU:

BAT: Lezoko Udalerriaren Plan Orokorra egin eta idazketa erabaki.

BI: Babes zibil, ingurugiro, kultur ondare eta natur ingurunean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren organoei bere ordenamenduak errespetatu behar dituen ingurugiro, kultur ondare eta natur ingurunearen baldintzatzaileen eta egon litezkeen arriskuen berri eskatu. Behar bezalako justifikazio tekniko eta juridikoekin bi hilabete gaindituko ez dituen epearen barruan emango da.

HIRU: Espedientean jasotzen den Hiritarren Partehartze Programa onartzea."

Mikel Antton Arrizabalagak dio txundituta dagoela proposamenarekin, oinarritzat hartzen dituelako aspaldi hartutako irizpide, hausnarketa eta dokumentuak. Bestalde, partehartze programak herritarrekin burutzeko ekimen bakarra aurreikusten omen du. Bi arrazoi horiengatik abstenituko omen da.

Irati Aranburuk esan dio, aurreko legealdian egindako arauetan, aurrez ez zela herriaren inongo partehartzerik izan.

Diktamena onartu egin da aldeko zortzi botoekin (alkatearena eta eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak).

12.- Gipuzkoako Foru Aldundiari, Herriondoko Plan Berezia behin-betiko onartzeko eskaera egiteko diktamena (2007H0400001).

Irati Aranburuk diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

" AURREKARIAK

Herriondoko Plan Berezia Behemendi Mendi Nekazaritzarako Elkarteak sustatu zuen hasieran eta ondoren Lezoko eta Oiartzungo Udalek, udalerri hauetako lur eremu hiritar ezinetan.

Dokumentuaren izapidetzea Lezoko Udalak egin du.

Horrela izapidetu zen Plan Bereziari haserako onarpena 2002ko martxoaren 12an eman zion Lezoko udalak

Herriondoko Plan Bereziak behin-behineko onarpena, berriz, 2002ko urriaren 18an jaso zuen.

Bestalde Herriondoko Plan Bereziak Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondare Zuzendaritzaren aldeko txostena jaso zuen 2003ko otsailaren 28an.

Halaber plan horrek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako Batzordearen aldeko txostena jaso zuen 2003ko martxoaren 3an.

Haatik eta kasualitatez egun berean, hau da, 2003ko martxoaren 3an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Herriondoko Plan Bereziaren onarpena etenda uztea erabaki zuen, Garraio eta Errepide Departamenduak emandako txosten batean oinarriturik eta txosten horretan adierazitako baldintzak bete arte.

Erabaki horren aurka Lezoko Udalak 29/1998 Jurisdikzio legearen 44 artikuluak xedatzen duen aurretiazko errekerimendua egiteko idatzia sartu zuen 2003ko maiatzaren 13an.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dio idatzi horri egundaino erantzun.

PLAN BEREZIA ETENDA UZTEAREN ARRAZOIAK

Herriondoko Plan Berezia etenda uzteko Foru Aldundiaren arrazoi nagusia zera zen, hain zuzen ere, Errepideetako Zuzendaritza Nagusia N-1 errepidearen bariante baten alternatiba-azterketa egiten ari zela Errenteriako 467 kilometro puntuaren eta Irungo Bentetako 474 kilometro puntuaren artean, alternatibetako batek Herriondoko Plan Bereziaren eremua zeharkatzen zuela eta Plan Bereziak bariante berri hori ez zuela jasotzen edo aipatzen.

Bestalde aurrekoaz gain, Herriondoko Plan Berezia onartzeko baldintza bat ere ezarri zuen Foru Aldundiak: Plan Bereziak bere eremutik kanpo uztea Errenteriako N-1 bariantea eta GI-2638 errepideari loturiko lursailak.

Hala ere, 2007ko apirilaren 4ko Txosten batean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamentuak, Lezoko Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspen agiriaren inguruan, besteak beste, zera adierazi zuen:

"Hirigintza fitxak eta gainerako zehaztapenak aztertu ondoren, egiaztatu dugu 750 etxebizitza eraikitzeko garapena sartzen duen Herriondo 23. hirigintzako esku hartze arean, ibilgailuentzako bi lotura aurreikusi direla, Altamirako sarbide naturalaz gain. N-I errepide bikoiztuarekin bat, eta Zelai 28. hirigintzako esku hartze arearekin bestea, biak ere arearen sustapenaren kontura. Lehengoa, N-I errepidekoa, diseinatuko den biribilgunearen behin-betiko irtenbidera egokitu beharko da, eta biribilgune horrek bide-adar bat izango du Papresarako sarbidea birjartzeko. Beraz, Herriondoko sarbidea hortik egin beharko da, edo horrekin bateragarria izan beharko du, behintzat. Epeak dira arazo: Herriondoko garapenerako aurreikusi diren epeak laburragoak dira N-I errepideko trazatu berrirako aurreikusi direnak baino. Ondorioz, gerta liteke auzoa eraikita egotea, baina N-I errepidearekiko lotura egin gabe egotea."

Horrela, Herriondo 23. hirigintzako esku hartze arearen garapenerako 8 urte baino gehiagoko epea aurreikusten zenez ( 8 urtetan 500 etxebizitza eta gainontzekoak ondoren, eperik zehaztu gabe), garbi dago, Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamentuak egindako txostenaren arabera, gutxienez datozen 10 urteetan ez dela N-I errepide berririk izango. Are garbiago Gipuzkoako Errepideen Lurralde Arlokako Plangintzan 2007-2017 urteetan gauzatuko diren ekintzen artean ez duelako dokumentu honetan aipatzen dugun N-1en bariante berri hori aurreikusten.

Beraz 1/2006 Errepide eta Bide Foru Araudiaren Testu Bateratuko 17.3, 22.3, 93, 94 eta 95 artikuluetan xedaturikoa kontuan izanik eta, halaber, 2/2006ko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legearen 91.7 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du inongo lege-babesik Herriondoko Plan Bereziaren onarpena etenda mantentzeko.

Hori dela eta lege argudioez gain, (hauek 2003ko maiatzaren 13an Lezoko Udalak 29/1998 Jurisdikzio legearen 44 artikuluak xedatzen duen aurretiazko errekerimendua egiteko idatzian jasoak baitaude eta haietara zuzentzen gara berriro ez errepikatzearren), Bide Azpiegituretarako Departamentuak adierazitako azken txostenaren edukia kontuan izanik ere, ez du inongo zentzurik Herriondoko Plan Bereziaren behin betiko onarpenak etenda jarraitzeak beste 10, 15 edo nork daki zenbat urteetan.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko azaroaren 21ean egindako batzarraldian, Haritz Salaberria (EAE), Jon Legorburu (EAE) eta Irati Aranburu (EAE) botoa alde eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATU DU:

BAT: Gipuzkoako Foru Aldundiari Lezoko eta Oiartzungo Udalek sustaturiko eta Lezoko Udalak izapideturiko Herriondoko Plan Bereziari behin betiko onarpena emateko eskatzea."

Mikel Antton Arrizabalagak dio denbora asko pasa dela 2002a ezkero eta horregatik ez duela ikusten justifikatua orain, besterik gabe, ordukoaren onarpena eskatzea.

Bozketa egin eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienena) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak).

13.- S-1 Sektoreko lehen fasearen hiritartze-lanen obra kontratuaren aldaketa egiteko proposamena (2006H0120004).

 

Alkateak proposamena aurkeztu du. Honela dio:

"AURREKARIAK

Lezoko Udalak 2006ko abenduaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez kontratu honen exekuzioa osatzen duen S1-Sekoreko Hiritartzearen Lehen fasearen Proiektu teknikoa onartu zuen, Injelan, S.L.k idatzirikoa.

Lezoko Udalak 2006ko abenduaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez kontratu honen espedientea, baldintza agiri administratiboa eta gastua onartu zituen.

Kontratuaren esleipena Lezoko Udalak 2006ko apirilaren 30ean erabaki du osoko bilkuran.

Kontratu hau 2007ko ekainaren 8an izenpetu zen Lezoko Udalaren eta "UTE Lezo"ren artean eta bere prezioa, BEZ barne, 2.129.469,55 €-koa da.

S1-Sekoreko Hiritartze obren Lehen fasea exekutatzen hasi eta gero aipatu eremuaren mugakide den Urdaburu Kalearen berriritartzea gauzatzea egoki dela irizten dio udalak, herri interesak eremu hau egokitzea eskatzen duelako. Horrela Injelan, S.L.k udalak horrela eskatu ondoren "1go Sektoreko 1go fasearen urbanizazio proiektuaren gehigarria "Urdaburu kalearen reurbanizazioa" izenburua duen proiektua idatzi du.

Lezoko Udalak 2007ko azaroaren 15eko osoko bilkuran S1-Sektoreko lehen fasearen hiritartze lanen kontratua aldatzeko proposamena mahai gainean uztea erabaki zuen arestian aipatu proiektuan aldaketa berri batzuk gehitu nahi zirelako. Aldaketa horien aurrekontuak eta gainontzeko txostenak izan ondoren berriro proposamena aurkeztuko zela adierazi zen.

Aldaketa horiek jasotzen dituen Injelan S.L.ren txostena 2007ko azaroaren 26an sartu da udalera.Txosten horretan aldaketak deskribatzen dira eta aurrekontua bere horretan mantentzen da.

PROPOSAMENA

Administrazio Publikoen Kontratuen Testu Bateratuaren 101 eta 146 eta hurrengo artikuluek nahiz Administrazio Publikoen Kontratuen Araudi Orokorraren 158 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena kontuan izanik, posible da S1-Sekoreko Hiritartzearen Lehen fasearen kontratuan aldaketa bezala izapidetzea Urdaburu kaleko berriritartzea.

Aurrez esandako guztia dela eta, ondorengo akordio hau har dezan proposatzen zaio organoari:

1.- Injelan, SLk idatziriko "1go sektoreko 1go fasearen urbanizazio proiektuaren gehigarria "Urdaburu kalearen reurbanizazioa" onartzea, 2007ko azaroaren 26an udalera sartu den txostenean jasotzen diren aldaketekin.

2.- Bere garaian UTE Lezori adjudikatutako S1-Sekoreko Hiritartzearen Lehen fasearen obra kontratuaren aldaketak onartzea, hauek direlarik:

2.1.- UTE Lezok, Injelan S.L.k idatziriko ""1go sektoreko 1go fasearen urbanizazio proiektuaren gehigarria "Urdaburu kalearen reurbanizazioa" izenburua duen obra proiektua exekutatuko du 121.071,69 euroren prezioan (BEZ barne).

2.2.- Kontratu aldaketa hau Lezoko Udalaren eta UTE Lezoren artean agiri batean izenpetuko da UTE Lezok akordio honen jakinarazpena jaso eta 7 egunetako epean. Epe hori baino lehen UTE Lezok 6.000 euroko berme bat aurkeztuko du obra hauek egoki burutzen direla ziurtatzeko. "

Batzordearen diktamenik gabe dagoenez, alkateak gaia eztabaidatu eta bozkatzeko urgentzia onartzea proposatu du. Gogoratu du batzordean aztertutako gaia dela eta, datu batzuk zehaztu bitartean, mahai gainean geratu zela. Haiek zehaztuta daudenez urgentzia onartzea proposatu du. Aldeko zortzi boto izan dira (alkatea eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta aurkako boto bakarra (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak). Beraz urgentzia onartu egin da.

Besterik gabe, proposamena bozkatu da ondoren eta onartu egin da, aldeko zortzi botorekin (alkatea eta eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak).

14.- Mozioa, posta-bulegoan piztutako sutea dela ta (2007AL050003).

Alkateak dio ez dagoela mozioa aurkeztu duen zinegotzia mozioa bera aurkezteko, eta berak ez duela defendatuko. Mozio alternatibo bat aurkeztu du alkateak. Honela dio Jon Legorburuk irakurri duen mozio alternatiboak:

"Espainiar Estatua, PSOEko Gobernua, Euskal Herriaren eraikuntzako zutabe nagusiak kolpatzen ari da, azken garaian konponbide demokratikoari ateak itxi eta independentziaren aldeko hautua kriminalizatzen. Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso estruktural argia dago horren oinarrian, gero eta talde edo jarduera gehiago bere baitan biltzen duena.

Estrategia horrek helburu jakina du gainera, herri honi iruzur berri bat ezartzea. Gatazka luzatuko duen iruzurra, gatazkaren sorburu den ukazio marko hau indartzen duelako. Gatazkaren konponbideari ateak ixtea biltzen duen iruzurra, independentziari ateak itxita euskal herritarroi aukera politiko guztien artean gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen digulako.

Hori da PSOEk PNVrekin batera herri honi ezarri nahi dion iruzurra eta horretarako kolatzen du Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten duen oro, independentismoa jokaleku politikotik atera nahi du iruzur berria ezarri asmoz.

Gatazkaren konponbidearen aurka emandako pausu orok, ez du horren areagotzea baino ekarriko, eta egoera honen adierazgarria da, eta horrela ulertu behar da, Lezoko Correos egoitzak jasandako gertakari tamalgarria ere.

Hau honela izanik, ez gatoz bat zenbait alderdik gertakari horien harira hasi dituen kriminalizazio saiakera berriekin eta horren inguruan plazaraturiko ikuspegi mugatuko irakurketarekin.

Gertaera hauen aurrean Lezoko udalbatzarrak zera erabaki du:

  1. Lezoko Udalak bere atsekabea agertu nahi du, gertakariaren eta sortutako kalte eta eragozpenen aurrean eta bide batez elkartasuna adierazi bertako langile, bizilagun eta herritarrei.
  1. Horrelako gertakariak eta herri honetan pairatzen ditugun mota guztietako bortxazko adierazpenak modu estrukturalean gainditzeko prestutasun osoa agertu nahi dugu. Gaitzespen antzuetarako garaia baino, herri honen etorkizunari begira, konponbidearen alde lan egiteko garaia da.
  1. Lezoko Udalak, Euskal Herriaren eskubideen eta bakearen alde aritzeko apustua egiten du. Gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratikoa aldarrikatzen du, euskal herritarrok egitasmo politiko guztien artean bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidean oinarrituko den konponbidea, hain zuzen ere. Hortaz, udal honek ez du onartuko herri honi iruzurrik inposatzea.
  1. Udal honek Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten jarraitzeko deiarekin bat egin eta horretara animatzen ditu udalerriko talde politiko, kolektibo eta herritar oro.
  1. Onartutakoaren berri emango zaio herritar orori zein komunikabideei."

Alkateak gogoratu du bere jarrera hedabideetan kritikatu zela, egia ezkutatuz. Gertaera izan eta berehala bertaratu omen ziren gobernu taldeko kide batzuk. Ez omen zen beste zinegotzirik azaldu. Bulegoko arduradunekin jarri omen zen harremanetan, zerbitzua martxan jartzeko zein behar zituzten jakiteko. Bestalde, alkateak dioenez, beste batzuk ez dute inongo interesik azaldu orain arte, eta gero plenora aurkezten dituzte mozioak.

Mikel Antton Arrizabalaga ados dago gaitzestearekin. Bere egunean prentsa oharra atera zutela esan du eta beste moziorik ez duela onartuko, ezta alkateak aurkeztutako mozio alternatiboa ere.

Alkateak aurkeztutako mozio alternatiboa onartu da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta aurkako boto batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak).

15.- Mozioa, Abiadura Handiko Trenaren Proiektuari buruzkoa.

Irati Aranburuk mozioa irakurri du. Honela dio mozioak:

"Lezoko udalbatzak Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako jarrera agertzen du, besteak beste ondorengo arrazoiengatik:

  • Proiektu hau ez dago euskal Herriaren ikuspegitik pentsatua eta ondorioz, ez du gure lurraldea batere kohesionatzen eta egituratzen.
  • Egitasmo hau gauzatuko balitz, inpaktu ekologiko izugarria izango luke. Hala nola, harrobien ustiakuntza, lur-okupazioa, nekazal lur emankor askoren galera, paisaian eta natur ingurunean kalte berreskuraezinak, ur-ibilguen desbideratzeak, e.a. Bestalde, zarata-maila osasungaitzak eta energia-kontsumo ikaragarria (tren arruntak baino sei aldiz handiagoa) ekarriko luke.
  • Lezoren kasuan, merkantzien geltoki intermodala, merkantziak biltegiratzerako eta joan-etorrietarako eremuak eta jarduera logistikoetarako gunea aurreikusten dira. Beraz, AHTren lerro nagusiak herria zeharkatuko ez lukeen arren, gainerako azpiegiturekin batera merkantzien garraiorako plataforma erraldoi bat bihurtuko luke, herriko ondare naturala, kulturala eta historikoa galduz eta era berean, kamioien trafikoa, kutsadura eta zarata areagotuz.
  • Horretaz gain, eragin oso bortitza izango luke bai gizarte-ereduan eta bai lurralde-egituran zein ekonomian. Gure herrian inoiz planteatu den azpiegiturarik garestiena delarik (9.000.000 €), diru publikoaren xahutze ikaragarria ekarriko luke, urte askotako aurrekontuak baldintzatuz eta behar sozialak sozio biderik gabe utziz, Euskal Herria kapitalismoaren zabalkundea zuzentzen duen arrazionaltasun neoliberalaren eskuetan geratuko litzateke, modu horretan edozein proiektu sozial eta kultural alternatibo birrinduz.
  • Inpaktu hauek, gainera, ez genituzke egun bakarrik nozituko, etorkizuneko belaunaldiengan utziko baikenituzke proiektu honen kostuak.
  • Etorkizuneko Euskal Herriaren egituran eta gizarte-ereduan hain eragin garrantzitsua duen azpiegitura izanik, ez da behar bezalako informaziorik, eztabaidarik eta erabakitze-prozesu partehartzailerik sustatu.
  • Udalerriak berak ere baztertu egin dituzte eta egitasmoa beren iritziaren eta borondatearen bizkar garatu dute.

Hala, Lezoko udalbatzak, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Garraio eta Herri-Lan Sailei nahiz Espainiako eta Frantziako sustapen Ministerioei egitasmoaren inposaketa albo batera uzteko eskatzen die. Halaber, harik eta egitasmoaren inguruko ezinbesteko eztabaida eta erabakitze prozesu herritarra abiatu eta gauzatu artean, proiektua bertan behera uzteko deia egiten die.

Lezoko udalbatzak, beste aldetik, Lezoko herritarren ordezkari den heinean, egitasmo antiekologiko eta antisozial hori gelditu eta aipatu eztabaida eta erabakitze prozesua bultzatzeko ahalegin guztiak egiteko konpromisoa hartzen du. Zehazki, udalbatza honek:

  • AHT egitasmoaren inposaketa galarazte aldera, bere esku diren bitarteko administratibo guztiak baliatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Administrazioei AHTren egitasmoaren inguruko informazio egiazkoa eta objektiboa zabal dezaten eskatzeko konpromisoa hartzen du. Halaber, bere esku dagoen guztia egingo du informazio hori eskuratu eta herritarren esku jartzeko.
  • Lezoarrek egitasmoaren inguruan beren hitza adierazi ahal izan dezaten beharrezko liratekeen bitartekoak jorratzeko konpromisoa hartzen du. Halaber, borondate hori, behar den instantzia guztien aurrean aldarrikatu eta defendatuko du.
  • Oro har, AHTren aurkako herri mugimenduarekin, eta zehazki, AHTk zuzenean kaltetutako gainontzeko herrietako udalbatzekin eta zinegotziekin, indarrak batu eta elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen du."

AHT elkarlana taldearen izenean, udala hartzera doan erabakia txalogarria dela esan dute jendartetik. Kriminalizazio-kanpaina salatu dute, aurka egotea delitu balitz bezala tratatu omen dute gaia. Ez dutela ulertzen hainbeste oztopo jartzea.

Mozioa onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta aurkako boto bakarrarekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak).

Alkateak herri mugimenduko ordezkariak eskertu ditu gaur bilera honetara etortzeagatik. Bere presentziarekin, babes soziala ematen omen diote, udal erabakiari.

16.- Mozioa, Euskal Selekzioari buruzkoa.

Iñigo Esnaolak mozioa irakurri du. Honela dio:

"Nazio bat, selekzio bat

Ofizialtasunaren bidean, kirol esparruan eginiko saiakeren eta aldarrikapen saioen aurka, 2007. urtean Espainiako gobernuak izandako jarrera erasotzailea oso nabarmena izan da. Besteak beste, Paulino Luesmak, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Euskadiko 10 Federaziotako estatutuetako artikulu batzuen aurka jarritako helegitea - EAEko Justizia Auzitegi nagusiak onartua-, Euskal Herriko futbol selekzioko jokalariek ofizialtasunaren aldarrikapenerako, Venezuelan ateratako pankartarengatik, jasandako lintxamendu mediatiko eta politikoa, e.a.

Eraso hauek guztiek, euskal herritarron eta gure ordezkari diren instituzioen aldetik, erantzun sendo bat eskatzen dute. Euskal jendartean nagusiki hedaturik dagoen ofizialtasunaren nahiak eta betebeharrak, instituzioen babesa behar du. Hau dela eta, abenduan sentimendu hau barnebiltzen duen hainbat nazioarteko lehiaketak daudela eta, Udalbatza honek honako adierazpen hau egiten du:

BAT: Euskal Herria, Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Zuberoak osatzen duten nazioa da. Nazioa den heinean, Euskal Herriko kirolariek, beren nazioaren koloreekin euskal selekzioa ordezkatuz, nazioarteko txapelketetan parte hartzeko eskubidea dute.

BI: Udalbatza honek eskubide horren ukazioa arbuiatzen du; batetik, kirolariei, Euskal Herria ordezkatuz, gainontzeko munduko nazioetako kirolarien antzera, ofizialki lehiatzea ukatzen zaielako, eta bestetik, euskal herritarrok nazioartean gure ordezkaritza izateko dugun eskubidea urratzen duelako.

HIRU: Euskal Herriari ofizialki ordezkatua izateko eskubidea ukatzen zaionean, Euskal Herriaren kanpo proiekzioa eta, finean, nazio baten existentzia ukatu nahi da. Beraz, Udalbatza honek euskal herritarron eskubide kolektibo eta indibidualen urraketa arbuiatzen du.

LAU: Zentzu honetan, herritarrei dei egiten diegu, ESAITek, abenduaren 29an, Bilbon, "Euskal Herria, nazio bat, selekzioa bat" lelopean antolatutako ekimenetan, eta, zehazki, arratsaldean egingo den manifestazioan parte hartzeko, egun hori euskal selekzioaren (ofizialtasunaren) aldeko aldarrikapenerako eguna izan dadin.

BOST: Udalbatza honek, herritarrek, abenduaren 29an Bilboraino aldarrikapena eraman dezaten erraztuko du, eta erabaki honen berri herritarrei jakinarazi die."

Mikel Antton Arrizabalagak mozioarekin ados ez dagoela esan du, beste arazo larriago batzuk badaudela eta aurka bozkatuko duela.

Iñigo Esnaolak leporatu dio bere partiduak ukatu egiten duela aukera hori.

Mozioa onartu da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta eta ANV-EAE taldeko beste zazpi zinegotzienak) eta aurkako bat (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak).

17.- Emakumeen indarkeriaren aurkako nazioarteko egunari buruzko adierazpen instituzionala.

 

Mikel Antton Arrizabalagaren eskariz aurkeztu da adierazpena. EUDELek landutakoa eta aho-batez onartu nahi dena udaletan. Honela dio adierazpenak:

"Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala

Emakumeen indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna

Beste urte batez, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Lezoko Udalak salaketa egin nahi du eta biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure udalerrian ere irauten duen gaitza baita.

Jakin badakigu emakumeen kontrako biolentziak kontzientzia kolektiboan sakonki errotutako jokabide-eredu soziokultural batean oinarrituta dagoela. Neska eta mutilak gizarteratzeko modu desberdinean du jatorria non eratzen, igortzen, barneratzen eta adierazten diren generoaren rolak eta estereotipoak, eta, aldi berean, biolentziaren beraren legitimazio sozial eta kulturaleko prozesuen bidez indartzen den. Biolentzia hori desagerrarazteko, ahal denik eta azkarren eta nahitaez bereizi behar dugu maskulinitatearen eta feminitatearen zenbait ereduren ikasketa emakumeen kontrako biolentzia erabiltzetik eta/edo legitimatzetik, eta, horretarako, berdintasunerako hezkuntzan, berdintasunean oinarritutako harreman afektibo osasuntsuen sustapenean eta pertsona autonomo, aske eta berdinen garapen integralean oinarritutako irtenbideak planteatu behar ditugu.

Aurten, neska nerabeen kontrako biolentziazko harremanetan jarri nahi dugu arreta, izan ere, sektore hori sarritan ahazten dugu arlo honetan garatzen ditugun ekimenetan. Gainera, azken azterketek erakusten dutenez, biolentzia sexista jasaten duten emakumeak gero eta gazteagoak dira. Biolentzia hori, besteak beste, beldurraraztearen, eraso fisikoaren edo abusuaren bidez gauzatzen da, baina baita modu finagoen bidez ere, esate baterako, isolamenduaren bidez, txantaje emozionalaren bidez, manipulazioaren bidez, erasoaren bidez, gutxietsiz eta, batez ere, biktima kontrolatuz. Metodo horiek antzematen zailagoak dira neska eta mutil gazteentzat harreman afektiboetan.

Horren guztiaren jakitun, Udal honek

Onartu egiten du konpromisoa, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua garatzeko, arreta berezia jarriz neska gazte eta nerabeen kontrako biolentzian, beraien partehartzea aintzat hartuta.

Gonbit egiten die hiritar guztiei, eta, bereziki, udalerriko neska eta mutilei azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera."

Guztien adostasunarekin adierazpena onartu da.

18.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak dio batzordeak direla udal ordezkarien jardunaren kontu emateko gune aproposa eta puntu honetan udala partaide den beste erakundeen bileren berri emango dela soilik.

Horrela, San Markos Mankomunitateko azken bileraren berri eman du. Idazkari eta Kontu-hartzaile berriak izendatzeaz gain, konpostatzea bultzatzen duen intentzio deklarazioa edo kudeaketa dokumentua onartu omen zen.

Añarbeko bileraren berri Jon Legorburuk eman du. Gaintxurizketako ur deposituan eta kanalizazioetan 500.000 €tako gastua egitea onartu omen da. Obra horiek koordinatzeko abenduaren 13an egingo omen da bilera teknikoa.

Alkateak Jaizkibiak egindako azken bileraren berri eman du. Portuko Plan Berezia izan omen zuen ardatz bilera horrek. Gai zerrendan sartua bazegoen ere, Pasaia eta Lezoko udalak presionatzeko, Pasaiako udalak egindako defentsaren ondoren gaia ez omen zen tratatu bileran. Halere, kritikatu du prentsak eman duen informazioa, gaia tratatua izan balitz bezala, bilera ondorengo prentsaurreko bateratuan bestela esan bazen ere.

Portu Agintaritzako bilera ere aipatu du alkateak. Kanpoko portuari buruzko dokumentazioa aurkeztu omen zen, datozen bederatzi hilabeteetan burutuko omen da behin betiko proiektua eta gero haren onarpenerako tramitearekin hasiko omen dira. Juntako guztiak ados omen daude, Lezoko alkatea bera izan ezik. Bere ustetan beste aukera batzuk egon arren, kanpoko portu finkoaren aldeko aukera egina omen dago. Ez zaio zuzena iruditzen barruko kaiarekin egin nahi den espekulazioa.

19.- Galde-eskeak.

1.- Mikel Antton Arrizabalagak Antonio Pildain eraikitzekoa den eguneko zentroari buruz eta Jauregialde aldean egitekoak ziren urbanizazio lanei buruz idatziz erregistroan aurkeztu dituen galderak direla eta, alkateak dio trataera berezia merezi dutela eta datozen hilabetetan batzordeak egingo direla gai horiekin eta baita herritarrei begira ere.

2.- Mikel Antton Arrizabalagak idatziz aurkeztutako galderak Hilerriko zerbitzua arautuko duen ordenantza arautzailearen beharrari buruz galdetu du. Alkateak dio bai behar hori, bai beste batzuk lantzen ari direla.

3.- Alkatea zinegotzien asistentziari buruz aritu da, eta salatu eta kritikatu du batzuk ez batzordeetara ez osoko bilkuretara ez etortzea inongo azalpenik eman gabe, eta beste batzuk batzordeetara ez direla azaltzen baina bai plenoetara. Guztiei gogoratu nahi die bere eginbeharretakoen artean dagoela partaide diren batzorde eta bilkuretan parte hartzea.

4.- Mikel Antton Arrizabalagak aktan jasotzea nahi du bere gaitzespena gaur bertan hil den bigarren guardia zibilaren heriotzagatik, Capbretongo asteburuko gertaeren ondoren.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:25etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna