2008.eko Apirilaren 9ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko apirilaren 9an, asteazkena, 19:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea (EAE-ANV taldea), Irati Aranburu Salaberria (EAE-ANV taldea), Jon Legorburu Arrastua (EAE-ANV taldea), Silbia Folgueira Fernández (EAE-ANV taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (EAE-ANV taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (EAE-ANV taldea), Urko Lopetegi Campano (EAE-ANV taldea), Jaione Lekuona Irazusta (EAE-ANV taldea), Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea), Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea) ez da bileran izan.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2008ko otsailaren 6ko eta otsailaren 11eko bileren aktak onartzea.

Otsailaren 6ko akta aldaketarik gabe onartu egin da. Otsailaren 11n, aldiz, aldaketa egin behar da gazteleraz idatzitako aktan: bilkurara zazpi zinegotzi azaldu ziren soilik eta ez hamahiruak. Ez ziren etorri Irati Aranburu, Kepa Garbizu, Jesús María Martiarena, Aroia Goienetxea, Miguel Antonio Arrizabalaga eta Roberto Sánchez. Aldaketa horrekin onartu eta sinatu egin da akta.

2.- Aroia Goienetxea Egibarren zinegotzi karguaren errenuntziaren kontu hartzea (2008ID280001).

Aroia Goinetxea zinegotziak bere zinegotzi kargua uzten duela dioen idatziaren kontu ematen zaio udal batzarrari. Horren ondoren eta haren ordezkoa izendatu bitartean osoko bilkura hamabi zinegotzik osatuko dute.

Urko Lopetegik aktan jasotzea nahi du, kargu uzte hau lezoarrei iruzurra egitea dela. Gogoratu du Aroia Goienetxea ez zela egon korporazioa eratu zen bilkuran, bere kargua hurrengo pleno batean hartu zuela eta kargua hartu ondoren ez dela gehiago azaldu; hau da, herritarrekiko hartutako konpromisoa ez duela inondik inora bete, portaera horren inongo arrazoirik aipatu gabe.

Zentzu berean alkateak eskatu dio EAJ taldeari zinegotzi berria izendatzen bada lanerako eta parte hartzeko izan dadila.

3.- Tomas Garbizu Udalaren Musika Eskolako tasak onartzeko diktamena (2007KO290004).

Alkateak diktamena onartzea proposatu du. Diktamenak honela dio:

Xanti Espina Anduezak, Tomas Garbizu udalaren musika eskolako zuzendari gisa, 2008/2009 ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko idazkia aurkezten du, KPI-aren 4% gehikuntza aplikatuz.

Hazienda Batzordeak, 2008ko apirilaren 2an, egindako bilkuran, Silvia Folgueira (EAE/ANV), Haritz Salaberria (EAE/ANV) eta Irati Aranburu (EAE/ANV) botoa alde dela,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Tasen aldaketa hastapenez onartzea Tomas Garbizu udalaren musika eskolarako, 2008/2009 ikasturterako, KPI-aren %4 gehikuntza aplikatuz.

 

BI: Aplikatuko diren tarifak hauek dira:

MUSIKA ESKOLA 2008-2009

Asignatura

Tasak

Lezokoak

Kanpokoak

Tresna

250

376

Osagarri bat

125

188

Musika eta mugimendua + kantua

165

245

Tresna + osagarri bat

312

466

Tresna + 2 osagarri

349

525

2 tresna

501

752

2 osagarri

250

376

Grabazio estudioa (orduka)

40

60

2. osagarritik aurrera bakoitzeko

33

49

HIRU: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hogeita hamar egunetako epean, interesdunek espedientea aztertu eta egokitzat jo ditzaten erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan erreklamaziorik ez bada jasotzen, ordenantza behin betiko onartuko da.

LAU: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri.

Igoeraren zenbatekoaren inguruan Kepa Garbizuk dio ez dela zuzena proposatutakoa, urteko KPIa ez delako izan %4, gehiago izan dela. Zehaztasun eta zuzentasun eza leporatu dizkio diktamenari, bere ustez bitarteko filtroek funtzionatu ez dutelako. Aurrekontuetan aurreikusita zegoenarekiko 3.600 €tako galera omen da herritarrentzat. Alkateak dio batzordeak kontu hauek argitzeko ere egiten direla, eta ez du uste plenoa aldaketa horietan hasteko gunea denik.

Diktamena bozkatu da eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin alkatearena eta EAE -ANV taldeko beste zazpi zinegotziena, aurkako bi boto, EAJ alderdiko bi zinegotziena eta bi abstentzio, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldekoarena.

4.- Lezoko Kasko Zaharrari dagokion Arau Subsidiarioen aldaketari haserako onarpena emateko diktamena (2008H0310001).

Hirigintzako zinegotzi delegatuak diktamena aurkeztu aurrez, idazkariak ohartarazi du bere onarpenak gehiengo osoaren aldeko botoa behar duela eta bat egiten duela espedientean dagoen txosten juridikoaren edukiarekin.

Diktamenaren onarpena eskatu du Irati Aranburuk, hirigintza zinegotzi delegatuak. Honela dio diktamenak:

Hirigintza teknikariaren txostenaren edukia eta 2/2006 Legearen 90, 103 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko apirilaren 2an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa, kasko zaharrean ( kasko zaharreko egoitza gunea, UAD 2, 1 sistema orokorraren zatia, 6,7,9 , 10 eta beste sistema orokorrak eta hirigintza arauetako 11 eta 13 artikuluak, Dokumentuari haserako onarpena ematea ondorengo baldintzarekin:

1.- Espazio libreen tokiko sareko zuzkidura nahikoa bermatzen dela adierazi beharko da dokumentu honetan, zenbat lursail m² erabilera horretara xedatuko diren zehaztuz eta antolaketa xehekatua jasoko duen dokumentua horretara baldintzatuaz. Edo bestela baldintza hau materialki ezin bada bete edo hura betetzea ez bada egokia aurreikusitako antolamendurako, aldaketa eremuan espazio libre lokalen zuzkidura-soberakina, garapen berriak eragindako defizita konpentsatzeko adinakoa dela justifikatu beharko da.

BI: Arau Subsidiarioen aldaketa agiri hau hilabetez jendaurrean jartzea, akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Gipuzkoan hedadura handiena duen egunkarian edo egunkarietan ere akordio honen iragarkia argitaratu behako da.

HIRU: Sektoreko eskumenak dituzten herri-administrazioei ere emango zaie akordio honen berri ezagutu dezaten eta txostena egin dezaten.

Kepa Garbizuk dio alde bozkatuko dutela, jendaurre epean alegazioak aurkezteko aukerarik baztertu gabe.

Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da alde hamar boto izan dituela eta bi abstentzio. Abstentzioak Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldekoarena izan dira.

5.- Lezoko Udala eta Usukoar Promociones S.L.ren arteko hirigintza hitzarmena onartzeko diktamena (2007H0360004).

Hirigintzako zinegotzi delegatuak diktamena aurkeztu eta bere onarpena eskatu du. Honela dio diktamenak:

Usukoar Promociones, S.L.k, hirigintza hitzarmen proposamen bat aurkeztu zuen Lezoko Udalean, S-1 Sektoreko B2-B3 lursailen inguruan.

Hitzarmen honen eduki osoa jendaurrean jarri zen 2008ko urtarrilaren 2an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian.

Hitzarmen hau Jendaurrean egon den epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Bestalde S-1 sektoreko jabe guztiek Usukoar Promociones, S.L. barne, beste hirigintza hitzarmen bat aurkeztu dute, oro har hitzarmen honekin bateragarria dena. Dena den bien arteko kontraesanak ekiditearren, hitzarmen honen 6., estipulazioa aldatzea proposatzen da, azken hitzarmenaren edukietara egokitzeko.

Horrela 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legeko zazpigarren xedapen gehigarriko 8., atalak xedatzen duena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko apirilaren 2an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: S-1 sektoreko B2-B3 lursailen inguruan udala eta Usukoar Promociones, S.L.ren arteko konbenioa onartzea, ondorengo aldaketarekin:

- Seigarren estipulazioak ondorengo edukia izango du: "C 1-2 partzelari dagokionez, Udalak han eraiki nahi baititu 20 etxebizitza tasatuak, Usukoar S.L. enpresak dohain lagako dio Lezoko Udalari bere jabetzari proportzioz dagokion sabai-azalera eraikia, 1 Sektoreko Plan Partzialaren Aldaketari dagokion birpartzelatze proiektuaren aldaketan xedatuko denaren arabera, 1 Sektoreko jabe guztiekin izenpetutako hitzarmenaren garapenean aurreikusitakoan."

Roberto Sánchezek dio ekimen ona dela etxebizitza gehiago egitea baina bere ustez beste etxebizitza mota planteatu behar dela, ez tasatuak. Horregatik aurka bozkatuko omen du.

Irati Aranburuk dio hitzarmen hau sektore honetarako dela, beste motako etxebizitzak proposatuko omen dira beste esparruetarako. Proposamen konkretuak egitera gonbidatu du.

Kepak Garbizuk dio gai hau segidakoarekin gurpil berean dagoela, eta ez dutela alde bozkatuko harekin ez daudelako ados.

Mikel Antton Arrizabalagak dio abstenitu egingo dela, ez aurka dagoelako baizik eta 1 Sektoreko promozioa kaosa delako, Plan Partzialaren aldaketa lehenbailehen ikusi behar delako eta alokairuan emateko etxebizitza edo apartamentuak egin behar direlako.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin alkatearena eta EAE -ANV taldeko beste zazpi zinegotziena, aurkako hiru boto, EAJ alderdiko bi zinegotziena eta Ezker Batua-Berdeak taldekoarena, eta abstentzio bat, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena.

6.- S-1 sektorean hirigintza hitzarmena eremuko lurjabeekin sinatzeko diktamena, (2008H0360001).

Alkateak proposatu du gaia mahai gainean uztea. Jendaurreko epean alegazioak izan dira eta haiek ez dira aztertu, gaia behar ez bezala diktaminatua zegoelako jendaurreko epea iragan baino lehen.

Aho-batez onartu da proposamena.

 

7.- S-1 Sektoreko B2 eta B3 lursailen Xehetasun Azterlanaren behin betikoz onartzeko diktamena (2007H0420003).

Irati Aranburuk diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

Lezoko Udalak 2008ko otsailaren 25ko 08/182 Alkatetza Dekretuaren bidez, S-1 Sektoreko "B2 eta B3" lursailen gaineko Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2008ko martxoaren 3an, 44 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko apirilaren 2an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

 

BAT: S-1 Sektoreko "B2 eta B3" Lursailen gaineko Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena ematea, haserako onarpena eman zion dekretuan ezartzen ziren baldintzekin.

 

BI: Akordio hau GAOn argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.

Kepa Garbizuk dio kontra bozkatuko duela aurreko gaiarekin lotura duelako eta haren aurka daudelako.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin, alkatearena eta EAE -ANV taldeko beste zazpi zinegotziena, aurkako bi boto, EAJ alderdiko bi zinegotziena eta bi abstentziorekin, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldekoarena.

8.- 1 Sektoreko urbanizazio proiektua aldatzeko akordioaren inguruko diktamena (2006H0120004).

Hirigintzako zinegotzi delegatuak diktamenaren onarpena proposatu aurretik, idazkariak ohartarazi du gastua onartzeko beharrezkoa den txosten ekonomikoa falta dela. Alkateak dio kontuhartzailearekin hitz egindako gastua dela eta urbanizazio obrak likidazio bitartez izan ditzakeen aldaketekin batera tratatuko dela.

Honela dio diktamenak:

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko apirilaren 2an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Martxoak 12ko Alkatearen D08/00271 Dekretua berrestea.

Kepa Garbizuk dio 1 Sektoreko auzian atzekoz aurrera egiten ari dela guztia, xehetasun azterlanak plan partzialaren aldaketa aurretik eta beraren ustetan horiek guztiak beharrezkoa den eta lehenengoa behar lukeen Arau Subsidiarioen aldaketa onartu aurretik. Galdetu du ea horren inguruan txostenik dagoen.

Irati Aranburuk dio ez dela horrela, onartutako xehetasun azterlanak bat datozela indarrean dauden arauekin, arau subsidiarioen aldaketa ez dela beharrezkoa udal teknikarien izenean etxebizitza kopurua gehitzeko, eta promotoreekin guztiz adostutako pausoak direla.

Jendartetik Aitor Mimendia aritu da, galdetuz ea jabeekin proposatutako hirigintzako hitzarmena mahai gainean gelditu izanak ez ahal duen eraginik xehetasun azterlanen onarpenetan. Eta onartuko balitz ea erabaki hau errekurrigarria den.

Idazkariak dio xehetasun azterlanen edukia lerrokadurak eta sestrak ezartzea dela, ez besterik eta onartutakoak bat etorri behar dutela eta datozela gaur egun indarrean dauden araudi urbanistikoekin. Errekurtsoari buruz dio behin betiko erabakiak errekurrigarriak direla berraztertze errekurtso bidez eta auzi kontentzioso bidez.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin, alkatearena eta EAE -ANV taldeko beste zazpi zinegotziena, aurkako bi boto, EAJ alderdiko bi zinegotziena eta bi abstentziorekin, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldekoarena.

Mikel Antton Arrizabalagak dio abstenitu egin dela sektore horretan lehendik dagoen kaosarengatik eta falta den bakarra dela orain legearen kontrako erabakiak hartzea bukaeran udalak obrak ordaintzen bukatzeko. Alkateak dio ez dagoela inongo kaosik.

9.- Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako bi akordioen aurrean helegitea tartekatzeko diktamena, Portuko Plan Berezia eta Konpatibilizazio Planari buruzkoa.

Hirigintza gaietarako zinegotzi delegatuak batzordearen diktamenaren onarpena eskatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

" Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2008ko otsailaren 19an, Pasaiako Portuko Zerbitzugunearen Antolaketa Plan Bereziari hasierako onarpena eman zion.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2008ko martxoaren 12ko 51 zenbakian.

Halaber eta data berean Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen bere gain hartzea Donostia, Errenteria, Lezo eta Pasaiako udalerrietako udal planeamenduko egiturak Pasaiako Badiako portuaren, bideen eta trenbidearen herri jabarian txertatzeko Plan Bateragarria prestatu eta izapidetzeko ardura hartzea eta erabaki honen eranskin gisa plan hori idazteko jasotzen diren irizpideak eta helburuak onartzea.

2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legeko 59,63 eta 92 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik ordea, Pasaiako Portuko Zerbitzugunearen Antolaketa Plan Bereziaren izapidetzea eta onartzea udalerriei dagokie eta bestalde Foru Aldundiak Plan Bateragarria formulatu ahal izateko planak hartzen duen udalerriren baten eskaera beharko luke besteak beste.

Horrela espedientean dagoen txosten juridikoa kontuan izanik eta 7/1885 legearen 22.2. h) eta j) atalak xedatzen dutena kontuan izanik, Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Arestian aipatu bi akordioen aurkako helegitea tarteratzea, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazio auzietako salaren aurrean."

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak, dio diktamena onartzearen alde bozkatuko luketela baldin eta Aldundiak aurkeztutako plana hobetzeko alegazioak egiten bazaizkio. Hau da, epaitegiak argitu arte noren ahalmena den plan hau onartzeko gaitasuna, badaezpada Aldundiak jendaurrean jarri duena aztertu eta behar bada alegazioak egiteko baldintzarekin onartuko lukeela helegitea tarteratzea.

Mikel Antton Arrizabalagak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziak, dio Portuko Agintaritzak ez duela izan nahikoa trebetasunik gaia adostu eta onartzeko. Bere ustez eztabaidagarria da Aldundiak hartutako jarrera eta ados dago helegitea jartzearekin. Baina ez luke nahiko erakundeen arteko gerraterik sortzerik, adostasunaren bidea delako auzi hau bidera dezakeena.

Roberto Sánchezek, Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziak, dio ez duela gaiaren ezagutza nahikorik eta abstenitu egingo dela.

Jendartetik Aralar taldearen izenean aritu da pertsona bat. Ados omen dago helegitearekin, udal eskumenen defentsan. Herritarrei informazioa ematea beharrezkoa deritzo.

Alkateak dio ulergaitza dela adostasuna lortzeko bidean Aldundiak hartutako erabakia. Ezin duela ulertu Aldundiak blokeo egoera aipatzea Lezoko Udala beti egon denean prest eta parte hartu izan duenean gai honetan izan diren bilera guztietan ekarpenak eginez. Informazio beharra dagoela onartzen du, eta ahaleginduko dela udal korporazioaren jarrera ezagutu ondoren. Jende aurrean dagoen Aldundiaren planari alegazioak egiteko azterketak eta batzordeak bultzatzeko konpromisoa hartu du.

Diktamena onartu egin da aldeko hamaika botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zazpi zinegotzien, EAJ-PNV taldeko bi zinegotziena eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena) eta abstentzio batekin, Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena.

10.- Lezoko Portuko Gunea Antolatzeko Plan Bereziaren izapidea hasteko diktamena.

Hirigintza zinegotzi delegatuak Batzordearen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Sustapen Ministerioaren uztailaren 19ko 2.416/2006 Aginduaren bidez onartu zen Lezoko portuko eremuen Erabilera Plana, eta 2006ko uztailaren 25ean argitaratu zen.
Une horretan jada egin­tzat jo liteke Portuko Zerbi­tzu Eremuaren Ordenaziorako Plan Berezia, 2003ko azaroan dataturik Portuko Agintari­tzak aurkeztutako dokumentuaren arabera; izan ere, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekono­miko eta zerbi­tzu prestazioen azaroaren 26ko 48/2003 Legeko 96.7 artikuluari jarraiki, «plan berezia egin aurretik onartua egon behar du portualdearen Erabilera Planak».


Portuko eremuak hirigin­tza aldetik antola­tzeko premia ez da kontu berria, azken urteetan zenbait une eta zer­tze­lada ezagutu izan baititu eta horiek osa­tzen baitituzte Plan Bereziaren aurrekariak eta ordenazioko jarraibideak, haien indarraldia eta egokitasuna mantendu den guztian, eta kontraesanean ez badaude akordio honetan ezar­tzen diren irizpideekin:

  • Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioak. Hainbat orientabide eta jarraibide ezar­tzen diren portualdea Plan Bereziaren bidez antola­tzeko, eta portualdea edo portuko eremua portu sistema orokor­tzat kalifika­tzera muga­tzen da Estatuko Portuei buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legeko 18.1 artikuluaren aginduz.
  • Bestalde Lezoko Portualdea antola­tzeko irizpide eta helburu­tzat ezartzen dira Plan Bereziak kontuan hartu behar duela ingurumenaren aldagaia, eta horretarako beharrezko ingurumen-azterlanak egingo direla, hirigin­tza arloan erabaki egokiak hartu ahal izateko, batez ere erabilerari dagokionez, eta esparru horren barruan espresuki erabilera ezin onartuzko­tzat jo zen Errotetako lursailetan Zentral Termikoa edo energia ekoizteko zentroa.
  • Portuko Jardueren Antolamenduaren barruan deskarga-kaiak antola­tzeko garaian ain­tzat hartuko dira deskarga­tzen diren ekaien ezaugarriak eta haiek eragin dezaketen inpaktu, hau da, Portualdearen Antolamendua egitean ingurumenaren aldagaia ain­tzat har­tuko da.

Plan Bereziaren dokumentuari 2004ko irailean dataturiko Ingurumen Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua eran­tsi bazi­tzaion ere, aipatutako Ebaluazio Bateratuak espresuki adierazten du «Plan Berezia»-k ez duela Antolamendu aukerarik aurreikusten eta argi eta garbi aitor­tzen du ingurumen aldagaiak soilik inplizituki ager­tzen direla.

Halaber, aipatutako azterlanak, ez du Planeamendu-aukeretarako beharrezkoa den eremuari buruzko ingurumen informazio xehatua eskaini.

Aipatutako zer­tze­ladak kontuan, irmoki baiezta dezakegu gauzatu den Plan Bereziak ez dituela kontuan hartu ingurumen-aldagaiak, eta ondorio hori erraz atera liteke agirien beren kronologiatik.

Horregatik guztiagatik ezinbestekoa da, luzapen gehiago gabe, behar diren ingurumen azterlan osagarriak egitea Plan Bereziari hasierako onarpena emateko, eta plan horrek ingurumen aldetik beharrezko diren aldaketa, zuzenketa eta garapenak jaso­tzea.

Era horretan bete egingo da abuztuaren 16ko 2.183/1968 Dekretuko 2. artikuluan dagoen agindua. Dekretu horrek arau­tzen du Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Araudiaren aplikazioa, jabari publikoko eremuetan eta organo ofizialek zuzenean egikaritu behar dituzten jardueretan.

Aipatutako araudiari jarraiki, 1961ko azaroaren 30eko Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Araudiaren eta xedapen osagarrien menpeko­tzat ­jotzen dira ingurumen segurtasunari edo higieneari dagokionez eragin kaltegarriak sor ditza­keten establezimendu, biltegi, industria, instalazio eta jarduerak «jabari publikoko eremu edo lursailetan koka­tzen badira, zeinahi delarik ere Erakunde kudea­tzailea eta zeinahi direlarik ere hark era horretako ondasunei buruz dituen eskumenak, are jarduera haiei zuzenean Estatuak edo Erakunde autonomiadunek ekiten badiete».

Horrela bada Planak gehitu beharko du jardueraren ezaugarrien deskribapen zeha­tza eta portuko jarduerak dituen oinarrizko egin­tzak, higiene eta ingurunearen segurtasunean izan dezakeen eragina eta erabiliko dituen sistema zuzen­tzaileak, eraginkortasun maila eta segurtasun bermea adieraztearekin batera edo ­gutxienez hori lor­tzeko bideak eta mekanismoak aurreikusi.

Bideratu beharreko Plan Bereziak bere erabakien artean portu eremuaren ustia­tze eraginkorra berma­tzeko beharrezkoak diren neurri eta aurreikuspenak sar­tzeaz gain, bere garapena eta lurreko garraio-sistema orokorrekiko lotura, aipatutako eremuko hiri-antolamendu integrala eta udalerriarekin dituen bere loturak kontuan izango ditu. Aldi berean, portuko jabari publiko eta udalerriaren gainerako erabilera eta sistema lokal eta orokorren arteko lotura bake­tsu eta harmonikoa bermatuko ditu.

Horretarako, hasierako onespena eman aurretik, kasu honetan dokumentua osa­tzeko, dagokien erakunde publikoen ikerketa-lan eta informazioa lortu beharko da, batez ere garraio eta ingumenari dagokionean, edo beharrezko balitz idaztea eskatu.

Azaroaren 24ko Estatuko Portuen 27/1992 legearen 18.2.b) artikuluak jaso­tzen duenaren arabera, administrazio eskudunak hirigin­tza-legedian aurreikusitakoaren arabera egingo dira bidera­tze eta onarpenak.

Ekainaren 30eko Euskal Herriko Lurzoru eta Hirigin­tzari buruzko 2/2006 legearen 97.1 artikuluak aipatutako legearen 95. artikuluaren inguruan jaso­tzen duenaren arabera, Portuko Plan Bereziaren hasierako, behin-behineko eta behin betiko onespenak afektatutako udalei dagozkie.

2/2006 legearen 6. artikuluak hitzar­menaren prin­tzi­pioa jaso­tzen du. Horren arabera, Hirigin­tza gaietan eskumena duten Administrazio Publikoek hitzar­tuko dituzte beren jarduketak eta Antolamendurako Plan eta Tresnen lanketa eta bidera­tzea. Hori dela eta Udal hau Lezo, Errenteria eta Donostiako Udalekin hitzar­mena lor­tzen saiatuko da eta horretarako hitzar­menerako ildo orokorrak eta eskema onartuko ditu Lezoko Portuko Aldearen Antolamendurako Plan Berezia batera bidera­tzeko.

Aurretik emandako diktamenarekin bat etorriz, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko apirilaren 2an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko Portuko Antolamendurako Plan Berezia aurkezturik bere hirigin­tzako izapideekin hastea.

BI: Horretarako agin­tzea eta behar bada sailen arabera eskumenak dituzten Administrazioetatik lor­tzea ondoren aipatuko diren azterketa osagarriak, beti ere hasierako onespenaren dokumentua egin aurretik.

  • Portuak lurreko garraio orokorrekin dituen loturei buruzkoa.
  • Ingurumenaren azterketak, Hitzar­men honen esposizio-atalean aipa­tzen direnak.
  • Lezoko aparkalekuak, barruko zirkulazioa, hiri eta hiritarren arteko loturak.

HIRU: Plan Berezia ida­tzi eta koordina­tzeko beharrezkoak diren dokumentuak aholkulari­tza teknikoa kontrata­tzea, hala badagokio. Horretarako antolaketarako irizpide eta helburu hauek hartuko dira:

1.- Merkan­tziaren zamaketa lanak bezalako portuko eremuak lurreko garraio sistema orokorrarekin dituen loturak, Erabilera Planean zehaztutakoak, portutik bideratuko dira eta ez dute oztopatuko udalerriko hirigunearen trafikoa.

2.- Plan Berezian zehaztutako garapen-tresnak ezar­tzeko Udalak izapide­tzeko eta onar­tzeko duen eskumena hartuko da kontuan.

3.- Antolaketarako honetarako dokumentu, araudi edota erabakiak hartuko dira kontuan, beren zehaztapen eta helburuekin, batez ere indarra eta aukera izan duen guztian eta erabaki honetan jaso­tzen diren gainerako irizpideekin aurkakotasunik ez dagoenean.

a) Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Araudiaren Jardueren kokapena eta inten­tsi­tatea ezarriko da, sor ditza­keen osasun-arazo, kalte, arrisku eta eragin ditza­keen trabetatik babeste aldera, udaleko ordenan­tza eta Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Araudiaren arabera (DD. 2.414/1961 y 2.183/1968).

b) Bazter-lerro arazoei konponbidea aurkitu beharko die Planak, hiri-eremu eta kai-eremuen arteko tran­tsi­zioa ahalik eta egokiena izan dadin berma­tzeko.


c) Planak aztertu eta arautuko ditu portuko eremuan egiten diren oinezkoen trafikoak.


d) Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetan jaso­tzen diren ondorengo orientabide eta ildoak, portualdea Plan Bereziaren bitartez antolatzeko : "Arraitoki " deritzon eremua hiri erabileretara xedatzeko aukera aztertuko da, hala nola, izaera publikodun zuzkiduretara, etxebizitzetara e.a.

4.- Lezo 1, Lezo 2 eta Iberdrolaren gunean aurreikusten diren biltegiratze erabilerak aire zabalean burutzea espresuki galaraziko da. Ikatzaren biltegiratzea zentral termikoarekin erabat lotua dago. Azken erabilera hau onartezina bezala deklaratzen denez, ikatz bilketa, zentral termikoa ezabatzen den bezain azkar desagertuko da.

Gainontzeko erabilerak ingurumenaren eraginaren azterketan zehazturiko neurri zuzentzaileak xedatzen dutena beteaz garatuko dira.

5.- Lezoko Altamirako errotondatik Donibanerako bariante bat eraikitzea aurreikusiko da.


6.- Errotetako lurretarako erabilera onartezin­tzat jotzea zentral termikoa edo energia-ekoizpena; eta Plan Berezian kontuan hartu behar da ingurumenaren aldagaia, eta horretarako beharrezko ingurumen-azterlanak egingo dira, hasierako onarpenerako agiria ida­tzi aurretik.
7.- Portualdearen Erabilera Plana bera antolamendurako irizpide gisa har liteke; hala ere, plan horretan jaso­tzen diren erabilerari buruzko zehaztapenek izaera operatibo ­hutsa dute, hau da, portuko esparruan jarduerak nola banatuko diren azal­tzen da; eta ez da hirigin­tzako araudi bat, Epaitegi Konstitu­zionalak adierazi zuen moduan (Epaitegi Konstitu­zionalaren ­otsailaren 19ko 40/1998 epaiaren 34. oinarri juridikoa).

LAU: Onar­tzea hitzar­menaren ildo nagusiak eta eskema, Lezoko Portualdea Antola­tzeko Plan Berezia Lezo, Lezo, Errenteria eta Donostiako udalek elkarrekin bidera­tzeko; hitzar­men hori akordio honen I. eranskin gisa eran­tsita doan plan bereziaren hasierako onarpena baino lehen sinatu dadin.

Hala ere, aipatutako udalerri horietako batek hitzar­mena sina­tzen ez badu hilabeteko epean, akordio hau har­tzen denetik konta­tzen hasita, udalak plan bereziaren izapideekin eta fase guztien onarpenarekin aurrera egingo du bere eskumen-lurraldean. Horrez gain, gero plan horren zati bat beste udalerri ­batzuekin batera behin betiko onar daiteke, akordioa lor­tzen den udalerrien eskumen-lurralderako».

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldeko bozeramaileak dio, ados badago ere planarekin, zuzenena konpetentzia norena den argitu beharko lukeen epaiaren zain geratzea dela eta ez epaiaren aurretik tramitazioarekin hastea.

Mikel Antton Arrizabalagak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziak, dio abstenitu egingo dela ez duelako uste bideragarria denik portuan diren lau udaletatik bik bakarrik hastea prozedura.

Alkateak dio Pasaia eta Lezo herrietan dagoela portuaren azaleraren %80, Donostiari ez dio hainbeste afektatzen eta behar bada horregatik ez dela tramiteekin hasi. Ulergaitzago iruditzen zaio Errenteriako Udalaren jarrera. Sententziaren zain egotearen proposamenarekin ez dator bat alkatea, Aldundia bera ez delako zain egongo eta gaiarekin presa baldin badago Udalak bere etxeko lanak ere egin behar dituelako.

Jendartetik Aralar taldeko ordezkariak dio proposatzen den bariantearekin ados dagoela, paperean haren nondik norakoak eta xehetasunak ezagutzea gustatuko litzaiokeela eta kezkatua omen da bariante horrek herriaren sarrerako biribilgunean izan ditzaken ondorio kaltegarriengatik. Alkateak dio gai horiek guztiak bere momentuan aztertu beharko direla.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotziena) eta lau abstentziorekin (EAJ-PNV taldeko bi zinegotziena, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

11.- 107 poligonoko 2-A partzelaren salmentaren inguruko udal akordio batzuk kaltegarri deklaratzeari buruzko diktamena (2008ALO30018 eta 2007H0380001).

Irati Aranburuk, Hirigintza zinegotzi delegatuak, batzordearen diktamena onartzeko proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Lezoko udalak 2008ko otsailaren 8ko 113 Alkatetza Dekretuaren bitartez ondorengo udal egintza hauek herri interesentzako kaltegarri deklaratzeko espedientea hastea erabaki zuen:

BAT: Lezoko udalak 2007ko martxoaren 12an egindako Tokiko Gobernu Batzordean 107 industri poligonoko konpentsazio proiektuko emaitzazko 2-A Lursailaren salmenta Kontratatzeko espedienteari hasera ematea eta Administrazio baldintza agiria onartzea erabaki zuen akordioa.

BI: Lezoko Udalak 2007ko maiatzaren 21ko tokiko gobernu batzordearen bidez 107 poligonoko Jabetza publikoko 2-A lursailaren salmenta kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ri esleitzea erabaki zuen akordioa.

HIRU: 2007ko ekainaren 13an Lezoko Udalak eta Mármoles Imaz y Gallardo, S.L. enpresak esleipena formaldu zuten kontratua.

Akordio hau hartzearekin batera espedientean interesdun diren Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ri akordio honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita 10 eguneko aditze epea eman zitzaion.

Aditze epe honetan Mármoles Imaz y Gallardo, S.Lk alegazio idatzi bat aurkeztu du.

Hirigintza teknikariaren txostenaren edukia eta 30/1992 Legearen 63,eta 103 artikuluak eta Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen 29/1998 Legearen 43 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko apirilaren 2an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.k aurkezturiko alegazioak ez onartzea.

BI: Arestian zehazturiko hiru udal akordioak herri interesentzako kaltegarri deklaratzea.

HIRU: Dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegiaren aurrean aipatu hiru akordio horien aukako helegitea tarteratzea."

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, dio diktamenak ukatu egiten duela hartutako erabakien premisa nagusia, kaskoan egon zitezkeen enpresei Lezon bertan gelditzeko aukera ematea, eta ez beste enpresa askok egin behar izan duten bezala herritik alde egin behar izatea. Aipatu ditu Ngs, Ruedas Roar, Urkabe, Benetan. Horregatik omen dira erabaki haiek onuragarriak, orubearengatik ordaindu zena baino gehiago.

Bai Irati Aranburuk bai Iñigo Esnaolak erantzun diote esanez, helburuekin ados egonda ere, ezin dela onartu udalari egiten zaion galera ekonomikoa, duen balorean baino merkeago saltzeaz gain, orubea egokitzeko ondoren agindutako gastuak salmenta prezioa ia osorik jaten duelako.

Jendartetik Aitor Mimendiak galdetu dio alkateari ea irmotasun berdinarekin jokatuko duen udalari kaltegarri izan zaizkion erabaki guztiekin, eta aipatu du aprobetxamendu urbanistikoaren %10. Alkateak dio jarrera berdina izango duela, berak ez duela babestuko udal interesentzako kaltegarri demostratzen den hartutako erabakirik.

Mikel Antton Arrizabalagak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziak, dio korporazio aldaketetan beti aurrekoak egindakoa gaizki egina izaten dela eta sarritan gai berari buruzko bi txosten kontrajarriak izan daitezkeela. Guztia errebisatzeko dinamikarekin ez dator bat eta horregatik aurka bozkatuko du.

Alkateak dio ez dela egia aurreko erabaki guztiak hankaz gora jartzen ari direnik, makina bat badirela aurreko korporazioak erabaki eta oraingoari gauzatzea suertatu zaizkionak. Baina era berean badaude beste erabaki batzuk ezin direnak bere horretan utzi bestaldera begiratuz.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotziena), aurkako hiru botorekin (EAJ-PNV taldeko bi zinegotziena eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena) eta abstentzio batekin (Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

12.- Adin txikiko zentroa irekitzeko lizentzia kaltegarria deklaratzeko diktamena (2008ALO30030 eta 2005H0050003).

Irati Aranburuk, Hirigintza zinegotzi delegatuak, diktamena onartzeko proposamena egin dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Lezoko udalak 2008ko otsailaren 27ko 204 Alkatetza Dekretuaren bitartez ondorengo udal egintza hau herri interesentzako kaltegarri deklaratzeko espedientea hastea erabaki zuen:

Lezoko udalak 2006ko urriaren 10an hartutako Tokiko Gobernu Batzarraren akordioa zeinaren bitartez Mª Carmen Ochoa de Aspururi jarduera lizentzia ematea erabaki zuen adin txikikoen zaintza zentroa irekitzeko, Tomas Garbizu kaleko 22 eta 23an

Akordio hau hartzearekin batera espedientean interesdun diren Mª Carmen Ochoa de Aspururi eta Tomas Garbizu 22 eta 23ko jabekideen elkargoari akordio honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita 10 eguneko aditze epea eman zitzaion.

Aditze epe honetan ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu du.

Beraz 30/1992 Legearen 63 eta 103 artikuluak eta Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen 29/1998 Legearen 43 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik, Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko udalak 2006ko urriaren 10an hartutako Tokiko Gobernu Batzordearen akordioa zeinaren bitartez Mª Carmen Ochoa de Aspururi jarduera lizentzia ematea erabaki zuen adin txikikoen zaintza zentroa irekitzeko, Tomas Garbizu kaleko 22 eta 23an , herri interesentzako kaltegarri deklaratzea.

BI: Dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegiaren aurrean aipatu akordio horren aurkako helegitea tarteratzea."

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, dio ez dagoela erabakiari buruzko txostenik, penagarria dela horrelako erabakiak proposatzea, ez duelako inorentzat kalterik sortzen. Helburua lokal komertzialak egitea bada ba omen dago nahikoa lokal Altamira auzoan horretarako.

Mikel Antton Arrizabalagak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziak, dio ez dagoela udal teknikarien txostenik eta horrekin dena esana dagoela.

Roberto Sánchezek, Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziak, dio ez dakiela berak tokirik egokiena den ala ez horrelako eginkizunerako, baina bai badakiela ezin dela gaia gelditu ezta atzeratu, dituen onura sozialengatik. Dendak jartzeko ba omen daude beste lokal gehiago.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotziena) eta kontrako lau botorekin (EAJ-PNV taldeko bi zinegotziena, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

13.- Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integralaren esleipena arautzen duen plegu-orrien zenbait atal egokitzeko diktamena (2008KU210004)

Jon Legorburuk azaldu ditu, Kepa Garbizuk erregistroan esan bezala, gaia diktaminatzeko deitutako kultura batzordean izandako akatsak (ez zitzaiela zinegotzi partaideei deitu, deialdia postontzietan utziz). Akatsa onartuz alkateak galdetu du ea zinegotziek nahi duten batzordeak berriro deitzea ala hark proposatutako bi erabakiak eztabaidatu eta bozkatuko dituzten gaurko bileran. Zinegotzi guztiak ados daude gaia eztabaidatu eta bozkatzearekin.

Deialdian akatsak izan zituen Kultura batzordeko diktamena onartzea proposatu da. Honela dio diktamenak:

"Arkaitz Angiozar, Lezoko kirol instalazioetako zuzendariak aurkeztutako proposamena berria, esleipena arautzen duen pleguaren hiru atalak aldatzeko, aztertu ondoren, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren (ANV-EAE) botoa alde dela, Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 5.5 atalean, emakida arautzen duten plegu-orrien honako aldaketak:

  • Egun indarrean dagoen egutegi ordutegiak bertan behera utzi eta eranskinean agertzen den egutegia gehitu.
  • "Data guztiak seinalatutako eguna barne dela ulertu behar dira" esaldia kendu.
  • "Era berean Altzate Igerilekuak urtean hamar egun itxi ahal izango dira lan horiek berak egiteko, uda garaian ezin egin izango direlarik." "hamar egun" jartzen duen lekuan "hamabost egun" jarri.

BI: 5.2 atalean, 4. lerro-aldiaren amaieran "(...) egokiaren erantzule bakarra adjudikazioduna izango da.", ondoko lerro-aldia gehitu:

  • "Aipatutako hauei, adjudikaziodunak inbertsio partidatik urtero gutxienez 15.000 € bideratuko dizkio. Egin beharreko inbertsio hauen zerrenda udaletxean aurkeztuko du, bertan dagokion arduradunaren ongi emana jaso dezan."

HIRU: 5.7 atalean, 5. lerro-aldiaren amaieran "(...) ikuskizunetako hitzarmen laboralari", ondoko lerro-aldia gehitu:

  • "edo etorkizunean lan esparru honentzako adostu daitekeen hitzarmen laboralari." gehitu."

Iñigo Esnaolak, kirol zinegotziak, proposamenaren arrazoiak azaldu ondoren, Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, dio pleguko aldaketa hauekin ados daudela ez ordea hurrengo puntuan proposatzen den esleipen luzapenarekin. Hala ere gai honen kontra bozkatu omen dute, ez delako inon zehazten inbertsio konpromisoak nondik ondorioztatzen diren, hau da, ez dagoelako ustiaketaren inongo txosten ekonomikorik.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotziena), bi kontra (EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak) eta bi abstentziorekin ( Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

14.- Serviocio S.L. enpresari Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integralaren esleipena luzatzeko diktamena (2008KU210004).

Iñigo Esnaolak, kirol zinegotziak, dio kiroldegia eta igerilekuak kudeatzen dituen enpresarekin harremanak onak direla, eta hain garrantzitsuak diren eraikinen zaintzan kontratuaren iraupenak eman ditzakeen onurengatik, kontratua beste sei urtez luzatzeko proposamena egin dela Kultura Batzordean. Honela dio onartzea proposatzen duen diktamenak:

"Arkaitz Angiozar, Lezoko kirol instalazioetako zuzendariak aurkeztutako proposamen berria, Serviocio S.L.ri esleipena sei urte gehiagorako luzatzeko, aztertu ondoren,

Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren (ANV-EAE) botoa alde dela, Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Serviocio S.L.k duen kontzesioaren luzatzea sei urtez (hirugarren epea ziurtatuaz) lehiaketa arautu zuen baldintza-orriak dioenari jarraituaz. Aipatutako epea 2009 urteko martxoaren 30an hasi eta 2.015 urteko martxoaren 29an amaituko litzateke."

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, dio ez dela diru iturri bideen inongo zehaztapenik, beharrezkoak diren txosten ekonomikoak falta direla eta lehendik zortzi urtetarako den kontratua beste sei urtez luzatzea ez zaio zuzena iruditzen. Bere ustetan berriz lehiatu beharko litzateke kontratu hau.

Jendartetik Aitor Mimendiak dio lotsagarria dela luzapen hori, kirol ekipamendu berriak aurreikusten dituen hirigintza plana berridazten ari delako. Bera ere kudeaketa lehiatzearen alde azaldu da.

Idazkariak, erabakiaren egokitasunean sartu gabe, dio bere egunean egin zen lehiaketa arautu zuen pleguak eta, beraz, orain indarrean dagoen kontratuak aukera ematen dutela proposatzen den luzapena egiteko.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotziena), hiru kontra (EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena) eta abstentzio batekin ( Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

15.- Alkatearen mozioa: Bat egitea Bergarako Alkateak Kutxako Hauteskunde Batzordeari egindako eskaerarekin (2008AL050004).

Alkateak dio Lezok ez duela Kutxaren erantzun zuzenik jaso urtarrilaren 30ean osoko bilkura honek hartutako erabakiari dagokionez, baina badakiela udalak proposatukoari ezezkoa eman diola Kutxak. Horregatik aurkeztu omen du mozio hau. Honela dio alkatearen mozioak:

"Kutxak, Bergarako Udalera igorritako iragan abenduaren 26ko idatziaren jarraipen den martxoaren 5eko idatzian adierazten da Udal honek Bergara, Oiartzun eta Usurbilekin batera osatzen duen elkarteari Kontseilari Orokor bat dagokiola, Hauteskunde-arautegiaren 19.2 artikuluaren arabera, eta izendapena 2010. urteko apirilean egingo dela. Horren guztiaren aurrean, zenbait gogoeta egin behar ditugu:

1.- Esleipen hori ez da zuzena, Hauteskunde-arautegiari jarraiki.

2.- Beasain buru eta Asteasu-Berastegi, Bidegoian, Astigarraga, Idiazabal, Zegama, Deba eta Ibarra kide dituen elkarteari bi Kontseilari esleitu zaizkio 2008an izendatzeko, baina BAKARRA dagokio orain; izan ere, bigarren kontseilaria 2010. urtean izendatu beharko litzakete.

3.- Aurtengo apirilean Batzar Orokorrera batu behar diren lau kontseilarietatik batek gure elkartekoa izan beharko luke.

4.- Bidali zeniguten eranskinean, 2008an zenbat kontseilari izendatu behar diren zehazten da, eta orain izendatu behar diren 4 kontseilarietatik bina esleitzen zaizkie zerrendako lehenengo bi elkarteei, bigarrenari bakarra dagokionena, araudian zehaztutako formularen arabera.

5.- Zerrendan hirugarren dagoen Iruni kontseilari bat dagokio, eta dagoeneko badu bere kontseilaria Batzarrean, 2010. urtera arte, 2006an izendatu baitzen. Horrenbestez, laugarren kontseilariak gure elkartekoa izan behar du, hamartar handiena duelako. Izan ere, hau adierazten du araudiak: "% 50 horren gainerako ordezkariak, banatu beharreko kopurua osatu arte, Xi-ren zati hamartarraren arabera izendatuko dira, ordena beherakorrean, handienetik txikienera.

Horregatik guztiagatik, Hauteskunde batzordeak hori berehala zuzentzea eskatzen dugu, arautegia behar den moduan bete eta gure ordezkaria izendatzeko beharrezko erabakiak har izan ditzagun, eta, horrenbestez, apirilaren 25eko Batzar Orokor eratzailean bere karguaz jabetu ahal izan dadin.

Erreklamazio honi arautegia errespetatuko duen erantzuna ematea eskatzen zaio Kutxako Hauteskunde Batzordeari."

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, dio ez dutela inongo arazorik udalari dagokion ordezkaritza defenditzen duen mozioa onartzeko.

Mikel Antton Arrizabalagak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziak, dio ados dagoela udala behar bezala ordezkatua izateko eskubidea aldarrikatzearekin baina bere taldea ez denez bere egunean proposatutako adostasun politikoan, abstenitu egingo dela.

Roberto Sánchezek, Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziak, dio zuzena dela proposatutako mozioa eta alde bozkatuko duela.

Mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko hamaika botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotzienak, EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

16.- Mozioa, EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutakoa, Arrasaten ETAk eragindako atentatuari buruzkoa (2008AL050002).

Alkateak dio mozio honen oso antzerakoa eztabaidatuko dela bilkura honetako 18. puntuan.

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak, dio horrela dela eta, bi mozioen arrazoia PSOEko zinegotzi ohi baten hilketa denez, PSEri uzten diola mozioaren defentsa (18. puntuan egingo duena) eta horretarako berea erretiratu egiten duela.

Ondorioz, besterik gabe, hurrengo puntura pasatzen da.

17.- Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeak aurkeztutako adierazpen instituzionala, emakumeen nazioarteko egunari buruzkoa (2008AL050003).

Mikel Antton Arrizabalagak bere taldeak aurkeztutako mozioaren defentsa egin du. Honela dio proposatutako adierazpen instituzionalak:

"HITZAURREA

Azken udal hauteskundeetatik, emakume zinegotzien eta emakume Alkateen kopurua 879 eta 49koa da, hurrenez hurren, hau da, ordezkari guztien %38,5 eta %19,52, EUDELek bildutako datuekin bat etorriz.

Kopuruetan izandako igoera horrek bilakaera positiboa erakusten du; horren haritik, bilakaera azkartu egin da, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Legean aurreikusitako berdintasun-neurriak lehenengo aldiz aplikatu direnetik. Baina ez dugu ahaztu behar berdintasunaren eskakizunak, eta, beraz, Euskal Legea bera, gizartean zein instituzioetan, toki mailan eta Europa eta nazioarte mailan, bultzatutako ekintza ugariren emaitza dela.

Oraindik bide luzea geratzen zaigu egiteko, eta berdintasun politiken helburu nagusietariko bat, oraindik ere, emakumeak erabaki guneetan orain baino gehiago izan daitezen bermatzea da. Aurrerapenak ez dira parekotasunari dagokionez bakarrik neurtzen, eta ez dira ordezkaritza-politikara mugatu behar.

Bide horretan, beste herrialde batzuetan tokiko erakundeekin izan dugun lankidetza oso probetxugarria dela egiaztatu ahal izan dugu.

Hori dela eta:

1) Kontuan hartu dira:

1.1- Duela 25 urte, Pisan, toki eta erregio esparruko emakume hautetsien lehenengo Europako Biltzarra egin zen, emakumeak eta Europako Erkidegoa izenburupean.

1.2.- Tokian Tokiko Bizitzan Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Gutun Europarra egin eta onartu zen 2006an.

1.3.- Europako adierazpen gehiago ere badago erabaki-guneetan gizon eta emakumeen partaidetza bidezkoa izan dadin aldarrikatzeko, esate baterako, 1992ko Atenaseko Adierazpena, emakumezko ministroek, lehenengo ministroek eta estatuburuek sinatutakoa, edo 1996ko Erromako Adierazpena, zeinetan parekotasunaren garrantzia nabarmentzen den demokrazia suspertzeko eta herritarrek erakunde demokratikoetan duten konfiantza areagotzeko baldintza gisa.

2) Aintzat hartu dira:

2.1.- Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarraren helburua da "tokiko eta erregioetako gobernuak animatzea tokiko bizitzan gizonen eta emakumeen berdintasun printzipioa ezartzeko konpromezu ofiziala har dezaten, bai eta ekintza planak prestatu eta aplikatu ditzaten ere, beren eskumen eta zerbitzuen barruan berdintasuna bultzatzeko, bizitzako esparru guztietan genero berdintasuna bultzatzeko eta, era berean, genero estereotipoei aurre egiteko eta genero diskriminazioaren kontra borrokatzeko".

2.2.- Gaurko dataz, Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarra ia 600 udalek sinatu dute Europan, eta horietatik 26 behintzat euskal Udalak dira.

2.3.- Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarra praktikan jartzeko Pisan duela gutxi egindako biltzarrean, Europako Udaletako eta erregioetako hainbat agintarik, euskal Udaletakoak barne, berdintasunaren alde toki esparruan egindako ekintzak ebaluatzeko eta nabarmentzeko aukera izan da.

2.4.- Arrakasta hori lortzeko behar-beharrezkoa izan da tokian-tokian Udalen elkarteek Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarra zabaltzeko eta aplikatzeko pazientzia handiz egindako lana.

3) Hori guztiori dela eta, hauxe da gure adierazpena:

3.1.- Beharrezkoa da Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarra sendotzea, baliabide politiko eta praktiko legez, eta, horregatik, oraindik ere sinatu eta aplikatu ez duten euskal Udalak gonbidatu egin nahi ditugu sinatzera eta bertan adierazitako gomendioak praktikan jartzera.

3.2.- Nahitaezkoa da toki esparruan erabakiak hartzeari dagokionez gizonen eta emakumezkoen artean berdintasunezko ordezkaritza eta partaidetza bultzatzea, indarrean dauden berdintasun legeak zehatz betetzen direla begiratuz eta emakumeek ardurako postuak lortzea eta postu horietan izatea zailtzen duten oztopo objektibo eta subjektiboak kentzeko ahalegina eginez.

3.3. Behar-beharrezkoa da toki esparruan berdintasun politikak sendotuko dituzten neurriak bultzatzea, eta, horretarako, Udalak dira erakunderik garrantzitsuenak, Udalen ekintzek eragin zuzena baitute pertsonen eguneroko bizitzan.

3.4. Nahitaezkoa da Udal esparruan genero politiken zeharkakotasuna areagotzeko bidean aurrera egitea, Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarraren, Emakumezko eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Euskal Legearen eta esku-hartze programa eta ekintzetan eredugarriak diren beste baliabide batzuen helburu nagusiak gauzatu ahal izateko berdintasun planak egitea bultzatuz.

3.5. Funtsezkoa da, Emakume eta Gizonezkoen arteko Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Gutun Europarrak gomendatzen duenez, jabekuntza politikak diseinatzea, emakumeen eskari eta beharrizanak hobeto ordezkatuta egon daitezen, elkarteen mugimendutik, Berdintasun Kontseiluetatik edo beste parte-hartze organo batzuetatik dagokien protagonismo guztia emanez."

Alkateak dio, testuaren filosofiarekin bat badatoz ere, bertan aipatzen dituzten lege eta testuak ezagutzen ez dituztenez abstenitu egingo direla.

Mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko lau botorekin (EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena) eta zortzi abstentziorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotzienak).

18.- Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeak aurkeztutako mozioa, EUDELen gaitzespenari buruzkoa, ETAk eragindako atentatuaren inguruan (2008AL050003).

Honela dio aurkeztutako mozioak:

Arrasate-Mondragonen ETAk eragindako atentatu krudelaren aurrean, 42 urteko Isaías Carrasco PSOEko zinegotzi ohia hil duena, EUDELek ETAren biolentziaren kontrako aldarrikapena egin nahi du. Halaber Bakea lortzeko bideak demokrazia eta bizitzarekiko errespetua direla azpimarratu nahi du.

Jokin Bildarratz, EUDELeko Elkarteburuaren hitzetan "Isaías Carrasco politikaren boluntarioa zen, besteok bezala bere auzokoen bizi-kalitatea hobetzen saiatu eta demokraziaren barruan defendatutako ideietatik ordezten ahalegindu zena".

Zentzu horretan, Euskadiko Udalen Elkarteak Euskal Gizartearen aurrean hurrengoa adierazi nahi du:

BAT: EUDELen aburuz edozein herritarren kontra atentatua egiten duenak, euskal gizartearen kontrako atentatua egin du.

BI: Gure gizartea anitza dela onartzen dutenak, hots, gurea bezalako gizartea aberasten duten aukera politiko, sozial eta kultural guztiak bere osotasunean aintzat hartzen dutenak baino ez dira onartuko demokrazian.

HIRU: Euskadiko Udalen Elkartearen iritziz pertsona eta gizarte-erakundeen aurkako edozein atentatu mehatxu edota gogorkeria jasangaitza da, beraz, gaur goizean izandako atentatua gaitzetsi.

EUDELek gure artean ETA soberan dago.

Alkatearen iritziz, mozioak gertaeren irakurketa okerra egiten du eta horren aurrean ordezko mozioa banatu die bilkura-kide guztiei. Mozioa irakurri egin da eta honela dio:

"Martxoaren 7an Arrasaten izandako gertaerek, indarkeria ekintza guztiek bezala, agerian uzten dute herri honetan eskenatoki demokratiko bat lortzeko ezinbestekotasuna eta premia, askatasunean eta herri honi dagozkion eskubideen aitortzan oinarrituta.

Ezker abertzalea lan horretan ari da, honetarako gatazkaren sustraietara joaz. Horregatik egin genuen negoziazio prozesu baten aldeko apustua.

Orain etengabeak dira ezker abertzaleari bortxa bidezko ekintza hau gaitzetsi dezan luzatzen zaizkion gaitzespen eskaerak. Eskaera horiek ezker abertzalearen aurkako kriminalizazioa, pertsekuzioa eta ilegalizazioa bilatzeko helburua dute, gatazka politiko eta armatuaren sustraietara jo eta hura konpontzeko saio serioa egin beharrean.

Historikoki gatazka elikatu duten bi korapiloak askatuz soilik lor dezakegu konponbidea. Eta, zentzu horretan, gure proposamena sinplea, demokratikoa eta gauzagarria da: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrei euren etorkizunaren inguruan erabakitzeko duten eskubidea aitortzen die, lau herrialdeetarako autonomia baten bidez.

Ez errepresioak ez iruzur politiko berriek ez dute gatazka politikoa konponduko. Euskal Herrian marko demokratiko bat eraikitzeko bide ematen duen akordio politiko batek soilik lortuko du gatazka politikoa konpontzea.

Espainiar estatuak jakin behar du, ez Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen ukazioak ez ezker abertzalearen aurkako errepresioak ez dutela Euskal Herriaren askatasun grina itzaliko.

Ardura handiz jokatzeko garaiak dira. Ezker Abertzaleak ez du sekula gure herriaren askatasun eta bake nahia manipulatuko, ez eta horiekin jolastuko ere.

Ezker Abertzaleak lanean tinko jarraituko du gure herriaren eskubideen alde, bai eta gatazka politiko eta armatua eta bere ondorio guztiak behin betiko gaindituko dituen soluziobide eta akordio politiko baten alde ere. Horixe baita Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahia, eta hori delako gure herriak merezi duena.

Honela, hurrengo puntu hauek proposatzen zaizkio udalbatzarrari:

BAT: Gertatutakoak, indarkeriaren adierazpen guztiek bezala, gatazkari benetako eta behin betiko konponbidea emateko beharra areagotzen du, herri honen eta herritarren eskubide guztiak errespetatuak izango diren eskenatoki demokratiko baten beharra, hain zuzen ere.

BI: Udal honek konponbidera eramango gaituen benetako prozesu baten aldeko apustua egiten du, gatazkaren erroetara jo eta gertakari hauek zein gatazkak sortzen dituen indarkeri adierazpen guztiak gaindituko dituen eskenatoki bat ekarriko duena.

HIRU: Udal honek arduraz jokatzeko deia egiten du, konponbide negoziatuaren aldeko apustua egin eta inoiz gatazka konpontzeko balio izan ez duten bide polizialak albo batera uzteko deia.

LAU: Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du gatazka behin betiko konponduko duen akordio politiko zabal baten alde, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrek bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen akordioa, hain zuzen ere."

Mikel Antton Arrizabalagaren ustez lotsagarria da testu hau aurkeztea, ezker abertzalearen koldarkeria bat dela dio, beti ETAren atzean ezkutatuz.

Kepa Garbizuk eskatu dio ezker abertzaleari, esateko ETAri behingoz gelditzeko.

Ordezko mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatearen eta EAE-ANV taldeko zinegotzienak) eta aurkako lau botorekin (EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena). Ordezko mozioa onartu denez, ez da bozkatu PSEk aurkeztutakoa.

19.- Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeak aurkeztutako mozioa, ETAren azken komunikatuaren ingurukoa (2008AL050003).

 

Mikel Antton Arrizabalagak dio aurreko gaiaren ildotik doan mozioa dela hau ere eta bera ez doala gauza gehiago esatera. Honela dio mozioak:

"ETAren azken komunikatuaren aurrez aurre, hartan mehatxatzen baititu beste behin ere PSOEko militanteak zuzenean, eta gainerako alderdi demokratikoak, UPN, EAJ/PNV e.a. zeharka, honen bidez adierazi nahi dugu prest gaudela gainerako alderdi demokratikoekin batera borrokan jarraitzeko biziaren eta askatasunaren alde Euskal Herrian.

Era berean eskatzen diogu Lezoko Udalbatzari ondorengo ebazpen hau har dezan:

ETAren komunikatu hori arbuiatzea, biziaren eta askatasunaren aurkako edozein egintza gaitzestea eta defenditzen duten guztiei bere sostengua adieraztea."

Alkateak dio ordezko mozioa aurkezten dutela. Honela dio testu alternatiboak:

"Hamaika aldiz esan dugu irakurketa mugatuek ez dutela Euskal Herriak bizi duen auzia konponbidean jarriko eta indar guztia hau gainditzeko lanean jarri behar dugula. Baina badirudi batzuek ez dutela esfortzua behin betiko aterabideen aldeko lanean jarri nahi eta 30 urtetako errealitateari luzapena eman baino egiten ez dioten jarrera partzialetara mugatu nahi dutela.

ETAk bere azken agirian eta Gobernu Espainiarreko agintariak azkenaldiko adierazpenen bidez, sufrimendu garai beltz baten aurrean gaudela diote, beste gauza askoren artean. Gu ez gara hitz horien balorazioan hasiko, hitza hitzaren gainetik horretara mugatuta ezer gutxi egingo dugulako benetan garrantzitsua den horretan laguntzeko, alegia hitzez iragartzen zaiguna egi bihurtu ez dadin egin beharreko lanari.

Hori da gure apustua, nahi baduzue bat eta mila aldiz esango dugu, hitz batzuekin edo besteekin, ez garela gaitzespen dinamiketan sartuko, herri honek bizi dituen indarkeria espresio guztiak gainditzeko ahaleginean dagoela gure apustua, eta horretarako prest izango garela beti, irtenbideen alde egin nahi duen edonorekin pausuak emateko prest alegia. Ez dezagun denbora gehiago galdu, aldamenekoari aurre baldintza eta lezioak eman nahian, ez baitute behar dugun norabidean laguntzen."

Aldeko eta kontrako iritziak eman dira eta polemika sortu da Roberto Sanchezek esan duenean gai hau ez zela plenora ekarri behar, udal kudeaketan zer ikusia duten gaiak izan behar direla soilik plenora datozenak. Kepa Garbizu eta Mikel Antton Arrizabalaga irizpide horren kontra azaldu dira. Jendartetik ere, Aralar taldearen izenean aritu den herritarrak dio gai guztiak direla herrikoak, eta hau garrantzizkoa dela.

Ordezko mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko zinegotzienak) eta aurkako lau botorekin (EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena). Ordezko mozioa onartu denez, ez da bozkatu PSEk aurkeztutakoa.

20.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak dio batzordeek izan behar dutela kontu emateko gunea, eta zinegotzi delegatuei eskatu die hori kontutan izateko eta batzordeak erabiltzeko informazioa emateko.

21.- Galde-eskeak.

Alkateak dio jaso dituela EAJ taldearen izenean aurkeztutakoak. Erantzungo omen dituzte.

Mikel Antton Arrizabalagak osoko bilkuratik alde egin du.

Alkateak plenoaren atzerapena arrazoitu du, aste santua eta pazko astea tarteko horrela iruditu zitzaiela egokien, baina onartu ere bai, onartu du ez ziela aldaketa horren berri eman oposizioko kideei behar zen aurrerapenarekin. Gogoratu du hurrengo ohiko plenoa ekainean izanen dela, abuztuan ez dela izango ohikorik, eta konpromisoa hartzen du hurrengo data aldaketarik balego aurrez abisatuko duela.

Kepa Garbizuk galdetu du ea aurreko urteko kontuen likidazioa zertan den, martxoaren 31rako bukatua behar zuelako. Alkateak dio detaile batzuen faltan dagoela, baina oso aurreratuta omen dago.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:30etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 664.011.etik 664.015era, 664.017tik 664.034.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna