Pertsonaiak

Hasi Jaimes de Zamoratik eta Patri Urkizuraino, lezoar ugarik izan dute sona herritik kanpora, gizarteari emandakoarengatik edo beren bizipenengatik. Tartean ditugu pilotuak, militarrak, apaizak, idazleak, musikariak, bertsolariak edo txistulariak.

 

Jaimes de Zamora

Pilotu nagusia. Felipe II.aren denboretan Florida, Flandria, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia eta Norbegiako itsas-ertzak ikuskatu ondoren, hauetaz, Mediterranioaz eta Espainiako ertzez ziharduen "Mareas derrotas" izeneko tratatua idatzi zuen.

 

Juanot de Villaviciosa Mayor

Almirantea. Infanteriako kapitaina izan zen eta  ohizkoa ere bai. Orán, Ceuta eta Tanger-eko gudaldietan izan zen. Pedro Menéndez de Avilés armadako generala zelarik, Floridatik frantsesak kanporatu zituztenean ere bertan zen.

 

Lope de Isasti

Apaiza. Salamancako Unibertsitatean teologian doktore. Lezoko parrokiako benefiziadu izan zen, Nigráneko (Pontevedra) abadea, Nava de Arévalako (Avila) apaiza, Iruñeko gotzaitegiaren ganbara apostolikoko fiskala eta Iruñeko gotzaitegiko, Madrilgo gorteko eta Toledoko artzapezpikutegiko konfesore eta hizlari orokor ere izan zen. 1612an bere anaia Onofre hil zelarik, haren tokia hartu zuen Lezoko Errege Ontzioletan eginiko ontzien material eta horniduren arduradun postuan.

 

Francisco de Gainza

Apaiza (1658-1739). Teologian doktorea. Sevillako Santo Tomás ikastetxean artea, gramatika eta teologia ikasi zituen. Urte luzez, 1708an postuari uko egin zion arte, Lezoko Parrokiako benefiziadun izan zen.

 

Juan Jose Sarasola "Lexo"

Bertsolaria (1867-1952). Gaztetan Capuchinoseko lurmuturrean zegoen "Real Compañía Asturiana de Minas" labe garaietan egin zuen lan. 1894an Donostiara ezkondu zen. Han lanbidez kale-garbitzaile izan zen. Euskaraz ezin konta ahala bertso-paper argitaratu zituen. Antonio Zavalak horietarik berrogeita hamarretik gora liburu batean bildu zituen.

 

Elias Salaberria

Margolaria (1883-1952). Meza-laguntzaile zela, Eusebio Pildain apaizak marrazten oso trebea zela antzeman zion eta Gurutze Santua ikustera maiz etortzen ziren Cubas-eko Markesen esku utzi zuen 1896an, eta horien babespean arte-prestakuntza sendoa jaso zuen.

Honela, lehenik Donostiako Arte eta lanbide eskolan sartu zen. Gerora Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan, non Alejandro Ferrant-en ikasle izan baitzen, eta azkenik, Luis Menéndez Pidalen lantokian aritu zen. 1903an Gipuzkoako Aldundiaren pentsio bat irabazi zuen eta "Estudio de interior" izeneko bere koadroa Madrileko "Circulo de Bellas Artes"eko erakusketan irabazle gertatu zen.

Sari gehiago lortu ondoren, 1909an Parisera joan zen garai hartan pil-pilean zeuden joera artistikoak ezagutzera eta bere estilo klasizista finkatzera. 1912an, "La procesión del Corpus en Lezo" izeneko bere lanik bereizgarrienarekin Madrileko Erakusketa Nazionaleko lehen domina irabazi zuen, eta 1913an Munich-eko Nazioarteko erakusketako urrezko domina.
1944an "Real Academía de Bellas Artes de San Fernando" delakoan sartu zen akademiko oso gisa. Bat-batean hil zen Madrileko San Francisco el Grande elizako Concepción Kaperaren sabaiko pintura batzuk berritzen ari zela.

 

Antonio Pildain

Gotzaina (1890-1973). "Universidad Pontificia Gregoriana de Roma" delakoan teologia doktore 1911n. Euskara, frantsesa, latina, grekera, hebraeera, gaztelera eta italiera ezagutzen zituen. 1913an apaiztu ondoren, Gasteizko Elizbarrutiko Apaiztegian irakasle izan zen, hebraeera, teologia dogmatikoa eta filosofiaren historiako katedrak bereak zituelarik.

1918an Gasteizko katedraleko "Canonigo lectoral" izendatua izan zen eta apaiztegian beste bi katedra eskuratu zituen: historia bibliarra eta idatzi sakratuak. Bigarren Errepublikan, 1931-1933 legealdian, Gorteetarako diputatu izan Gipuzkoatik eta euskal gutxiengoa deiturikoaren partaide izan zen ganbaran. Hizlari bikainaren sona lortu zuen legebiltzarrean. Kanarietako gotzai titularra izan zen 1937tik 1966ra. Urte horretan adin eta osasun arrazoiak zirela medio kargua utzi zuen. Francoren erregimena garbiki kritikatu zuen gotzain bakarretarikoa izan zen.

Dotrina mailan atzerakoi eta burugogor xamarra bazen ere, gizarte mailan aski aurreratua zen. Las Palmas de Gran Canarian hil zen.

 

Jon Garbizu "Zubigar"

Olerkaria (1894-1930). Elias Salaberriaren lehengusua. Hamalau urtetan "Real Compañía Asturiana de Minas" lantegiko bulegoetan hasi zen lanean. Erlijio, kultura eta literatura aldizkari eta egunkari askotan hartu zuen parte, bai Euskal Herrian bai eta Amerikan ere, batez ere Aránzazu, Iruñeko Zeruko Argia, Euskal-Esnalea, Donostiako Argia, Baionako Gure Herria eta Buenos aireseko La Baskonian. 122 olerki, ipuin batzuk, zenbait itzulpen eta Lezoko hiztegiño bat idatzi zituen euskaraz. Ezkondu zenetik Pasai Antxon bizi izan zen harik eta lanetik zetorren batean trenak harrapatu eta hil zen arte.

 

Tomas Garbizu

Musikagilea (1901-1989). Zubigar olerkariaren anaia. Haur denboretan Lezoko parrokiako koruko partaide izan zen eta José Guezala organujolearen solfeo-eskolak jaso zituen. Musika ikasketak Arantzazuko Ikastetxe Frantziskotarrean egin zituen eta Donostiako kontserbatorioan jarraitu zituen piano, organu, konposizio eta akonpainamentu karrerak eginez.

Organu ikasketak Madrilen eta Parisen zabaldu zituen, azken horretan Charles Lebout-ekin. 1936ko gudak Pasaia San Pedron harrapatu zuen, bertako organujole baitzen. Guda bukatu eta gero urte asko egin zituen Madrileko Frantziako enbaxadan organujole ofizial gisa eta aldi berean kontzertu ugari eskaini zituen Radio Nacionalen, San Jeronimo el Real eta San Marcos parrokietan, eta El Escorialeko monastegian. Donostian ere zenbait emanaldi egin zituen Artzain Onaren katedralean eta Santa Maria basilikan. 1954an, oposaketa bidez, Donostiako kontserbatorioko organu-katedra irabazi zuen eta hemezortzi urtez aritu zen lan horretan. Real Academía de Bellas Arteseko kide urgazlea izan zen.

 

Patri Urkizu

Idazlea. 1946an jaio zen. Salamancako Unibertsitatean Filologia erromanikoan lizentziatua (1970) eta EHU-an Euskal Filologian doktore 1986an. Francoren diktaduraren ondoren Lezoko lehenengo alkatea izan zen 1979-1983 legealdian; Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria 1989-1993 artean; hainbat literatur lehiaketatan irabazle gertatu da ipuin, saio eta olerki sailetan; halaber, euskal testuen editore oparoa, batez ere Ipar Euskal Herriko testuen editore. Zenbait urtez irakasle lanetan aritu da euskal hizkuntza eta literatura arloa jorratuz, Bordele eta Deustuko Unibertsitateetan. 1991z geroztik UNED-eko euskal hizkuntza eta literaturako irakasle titularra da eta euskaltzain urgazle ere bada.