2017rako aurrekontuak onartu dira

Or, 2016-11-25 14:11

Aurrekontuek helburu dute herritarrei emandako zerbitzuak hobetzea beren beharrei erantzuteko. Lehentasunen artean azpimarragarrienak dira tokiko ekonomiaren sustapena, kulturaren eta kirolaren sustapena eta irisgarritasun eta azpiegituren hobekuntza. Halaber, oposizioko taldeek egindako proposamenak aintzat hartuta, zenbait aldaketa egin dira.

Atzoko osoko bilkuran 2017ko aurrekontuak onartu ziren EAJ-PNVko gobernu taldearen, PSE-EEko zinegotziaren aldeko bozkekin eta EH Bilduko zinegotzien abstentzioarekin.

Gauzak horrela, Lezok datorren urtean 8.400.000€-ko aurrekontua izango du, iaz baino %5 gehiago. Helburu nagusia herritarrei emandako zerbitzuak hobetzea da, haien beharrei erantzuteko; horretarako, udal baliabideak modu eraginkor eta jasangarrian kudeatzea ezinbestekotzat jo da.

Pertsonak izanik udal jardunaren jomuga nagusia, beren gizarte beharrei erantzutea eta tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea lehentasunezko gaiak izango dira, kultura edota kirol sustapena ahaztu gabe, herritarren bizi kalitatea hobetzea lortzeko.  Ildo horretatik, gizarte zerbitzu, programa eta laguntzetara bideratutako kontu sailak mantenduko dira, hala nola, etxez etxeko arreta zerbitzura, gizarte larrialdiko laguntzetara edota familien esku-hartze programetara bideratutakoak, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoarekin. Gizarte ongizate esparruan ere, Berdintasun Plana garatu eta zahartze aktiboa sustatzeko ekimenak burutuko dira.

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustapenerako, baina, enplegu planetara eta merkataritza sustatzeko kanpainetara bideratutako kontu-sailak handitu dira. Kultura, euskara, kirola eta ingurumen sailek ere kontu-sai garrantzitsuak dituzte ekintza mordo bat aurrera eramateko, horien artean ditugu: haurren jardueren, ludoteka zerbitzua, aisialdi ekintzak, euskararen ahozkotasuna sustatzeko plana, Tipi-topa egitasmoa, Eskola Kirola edo Agenda 21 egitasmoa.

Herriko irisgarritasuna hobetzeko, hainbat ekintza burutuko dira. Batetik, arkitektura oztopoak kendu eta oinezkoen bideak eta ibilbideak egokituko dira, horiek atseginagoak, irisgarriagoak eta seguruagoak izan daitezen herritar ororentzat. Bestetik, kiroldegitik igerilekura joateko bidea errazteko, oinezkoentzako pasabidea eraikiko da Altamirako tuneletik pasa behar ez izateko. Halaber, zebra-bideak erliebean nabarmendu eta Lezotik Donibanerako bidegorria ere egingo dira.

Faseka igogailu ezberdinak ere eraikiko dira. Lehenengoa, kiroldegiaren ondoan egingo da eta igogailua Altamirara eta igerilekuetara joango den oinezkoentzako bide berriarekin lotzeko beste pasabide bat egingo da. Bigarren igogailua, Altamiran kokatuko da, igerilekuetako aparkalekuko sarreratik Altamira goiko guneraino. Ijurkon ere beste igogailu bat ezarriko da bizilagunei etxebizitzetarako sarbidea errazteko. Horiez gain, beste bana ezarriko da, bata institutuan eta bestea, Musika Eskolan.

Azpiegiturei lotuta, argiztapen publikoa hobetuko da energia eraginkortasuna eta aurrezpena lortzeko, ur eta saneamendu sareak berrituko dira eta kiroldegiko fatxada eta barrualdea ere konponduko dira. Musika Eskolari dagokionean, fatxadan eta sarbideetan egokitzapen lanak burutuko dira eta Herri Eskolan, aldiz, fatxada eta sabai-leihoa zaharberritzeko lanak gauzatuko dira, batetik, eta jolastokian estalpea eraikiko da bestetik, eguraldi txarra egiten duenean haurrek non jolastu izan dezaten. Esandakoaz gain, ikastetxearen eraikinak eta jolastokia isolatzeko ateak ezarriko dira, eskola orduez kanpo, herritarrek eta kultur zein kirol taldeek instalazio horiek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Gobernu taldeak iragarri zuen moduan, oposizioko taldeek egindako hainbat proposamen txertatu dira aurrekontu proiektuan hasierako proposamena hobetze aldera. Gauzak horrela 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako alokairurako laguntzak sortu dira eta adineko pertsonek kirol praktika sustatzeko makinak ezarriko dira kalean. EH Bilduren eta PSEren bozkekin berdintasun teknikaria kontratatzeko urgentziaz sartutako mozioak ere aurrera eragin zuen.

Azkenik, guztien adostasunez onartu ziren indarkeria matxistaren aurkako mozio eta deklarazio instituzionala.

 

Arloa edo saila