Apirilaren lehen hamabostaldian emango zaio hasiera Atez Ateko hondakinen gaikako bilketa sistema berriari.
800 herritarren parte hartzea izan duen bi hilabetetako parte hartze prozesu arrakastatsua amaituta, Udalak hiru astez gaia sakon berraztertu du saioetan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuta.
Sistemaren nondik norako garrantzitsuenak
Hondakinen bilketa astean 6 edo 7 egunez egitea aztertu ostean, bilketa asteko 7 egunetan egitea erabaki da, hasiera batean behintzat. Zehazki, astelehen, ostegun eta larunbatetan bilduko da organikoa; ontzi arinak eta plastikoak asteartetan eta ostiraletan jasoko dira; asteazkenetan bilduko dira papera eta kartoia, eta igandeetan, berriz, errefusa.
Bilketa ordutegiari dagokionez goizeko 07:00etatik aurreraegitea erabaki da. Hala, herritarrek, hondakinak bezperako 20:00etatik goizeko 07:00etara utzi beharko dituzte zintzilikagailuetan.
Saioetan azaldu den bezala, badira orain arte bezala jarraituko duten zerbitzuak ere. Beira, pilak, arropa eta sukaldeko olioa gaur egungo sistema berberarekin bilduko dira, baita altzairuak ere.
Udalak autokonposta bultzatzeko bere konpromisoa azaldu du eta herritarrei autokonposta egiteko baliabide guztiak eskainiko dizkie, doan: tresneria batetik, eta formazioa bestetik. Udalak ordu eta erdiko ikastaro laburrak antolatuko ditu, urtarrila- otsaila bitartean. Horrez gain, hobariak ere eskainiko zaizkio autokonposta egiten duen herritarrari. Alkatearen esanetan “beren hondakin organikoa autokonpostatzen duten bizilagunek zabor tasetan %40ko hobaria izango dute”.
Aurrera begirakoak
Herritarrei atez ateko sistema berria aurkezteko Batzar Nagusian udal ordezkariek aurreratu bezala, atez atekoaren ezarpena “apirilaren lehen hamabostaldian” izango da.
Aurretik, otsailerako irekita izango da informazio bulegoa, eta bertan eskuragarri izango dute herritarrek gaikako behin betiko bilketa sistemaren inguruko informazio guztia. Zabalok adierazi duenez, “informazio gunean hezitzaileak izango ditugu, herritarrek izan ditzaketen galdera eta kontsulta guztiei ahalik eta erantzun egokiena emateko asmoz”.
Apirila bitartean Udalak Lezo herri iraunkor egite bidean “lanean tinko eta kemenez” jarraituko duela adierazi du alkateak. Herritarrei berriz, “orain arte erakutsitako jarrera eta prestutasunarekin jarrai dezatela” eskatu die eta atez atekoaren atarian, “ohitura txiki batzuk” aldatzera gonbidatu ditu, “iraunkortasunaren bidean, Lezo herri eredugarri izan dadin”.