EAJk eta EHBilduk adostu duten dokumentua Eusko Jaurlaritzan aurkeztu da
Donostiako Lurralde Zatikako Planak (LZPak) Lezoko Udalerrirako aurreikusita duenaren aurrean, EAJk eta EHBilduk alegazioa aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika saileko Lurralde Plangintza eta Hirigintza zuzendaritzara.
Orain, alegazioen dokumentua aztertu behar dute Jaurlaritzan. Lezoko Udala erantzunaren zain dago. Jarraian, bi talde politikoek adostu duten dokumentua.
"Egun Lezoko herriaren ordenamendurako indarrean dagoen Plan Orokorrak ezarrita ditu herriaren hiri antolakuntzarako datozen urteotan jarraitu beharreko irizpideak; ezarrita ditu garapen gune direnak eta ez direnak. Zehaztu du garapen guneak nola garatu: non zer eraiki. Aintzat ditu industria jardueretako azalerak, egun okupatuak direnak eta etorkizun hurbilean okupatu beharko liratekeenak, egon litezkeen eskaera berriei aurre egin ahal izateko. Izendatuta ditu urbanizagarri ez diren espazioak, babestu beharrekotzat jotzen dituelako. Adierazten du egin ahal dena eta egin ezin dena: “marra gorriak” adierazita datoz. Eta, hain justu, esku artean dugun Donostialdeko Lurralde Zatikako Planak (LZPak) ukitu egiten ditu Lezoko Plan Orokorrak “gorri” dituen marrak.
Lezoko Gaintxurizketan intermodala nahi du LZPak eraiki; eta intermodala eraikitzearekin batera logistika joan-etorrietako azalera handia okupatu. Kontua da LZPak bere egitasmoetarako aurreikusita duen azalera handiaren parte bat dela, hain justu, Lezoko Plan Orokorrak industria jarduetarako gordeta duena, eta beste partea (logistikarako hartu nahi duen gainerakoa) dela gure Plan Orokorrak eremu babestutzat jotzen duena. Talka egiten dute Plan biek Lezorako azaleraren erabilera irizpideetan, eta, zentzu horretan, adierazi nahi da handia dela gure kezka.
Handia da halaber kezka, planoak aurrean ditugula Gaintxurizketa aldea eta portua elkar lotzeko eraiki nahi den errepide sareak piztu diguna, erpin batetik besteraino zeharkatzen baitu marrazkian errepide sareak herria.
LZPak Lezori eskatzen dio udalerriarena den azaleraren parte handi bat hari (Lurralde Zatikako Planari) ematea: handia da Planak Lezori eskatzen dion ahalegina, eta; aldiz, oso eskasa halako ahalegina egin behar izateko jaso dugun argudioen pisua. Esaten da portuko jarduera ekonomikoari laguntzeko sortu behar dela azalera logistikoa Gaintxurizketan. Iruditzen zaigu aipatu azalera portuan bertan egonda (eta ez beste inon) izango dela portuko jarduerarako egokien, behin portutik urrunduta desplazamenduek eta merkantzien karga-deskarga bikoiztetik garestitu besterik ez baitute egiten jarduera, baina gure harridurarako azalera portutik urruntzea hobesten da eta Lezora ekartzea. Bada besterik dena den: ematen du, Bilboko portuak egin berri duenari erreparatuz gero, behin portutik urruntzea erabakita koka litekeela aipatu azalera portutik nahi bezain urrun (ematen du portuarekiko distantzia ez dela hain irizpide erabakitzailea), bizkaitarrek haien portuko almazen gunea ezarri baitute Bilboko kaitik kilometro jakinera Arabaren azken mugetan; hortaz, portuan bertan horretarako azalerarik ez gordetzea adostuz gero, ez du zertan azalera horrek Lezon egon (egon liteke beste edonon). Esaten da trenbide lerroak eraikiko direla Lezon “gune estrategikoa delako Lezo”, Lezoren zerizana estrategikoa izatea izango balitz bezala. Erabaki politikoz (eta ez berez) da Lezo estrategiko, eta hala, politikoki, adostu da aipatu trenbide lerroak Lezon eraikitzea (Lezon, eta ez trenbide lerroak jada dituen beste udalerri batean). Ez gatoz bat egitasmo horiekin: goitik behera aldatuko zaigu herria, eta ez dugu halako aldaketa bidezkotzen duen pisuko argudiorik ikusi landu ditugun dokumentuetan eta izan ditugun bileretan.
Gauzak horrela azalduta, eskatzen dugu bertan behera uztea Lezoko Gaintxurizketarako LZPAk aurreikusita duena: ez intermodalik, ez azalera logistikorik, ez herrian zeharreko errepide berririk Lezoko herrirako. Adierazi nahi dugu handia dela gure kezka, eta zentzu horretan, azpimarratzen dugu egingo dugula aurrerantzean zuen erabakien jarraipen zuzena".
Lotura honetan Donostiako Lurralde Zatikako Planaren moldatutako dokumentuari aurkeztutako alegazioen txostena.