Ondare historiko-kulturala eta naturala

Og, 2015-12-10 14:27

Lezoko ibilbideak egitasmoan luzera eta zailtasun maila ezberdineko hiru bide egokitu dira adin ezberdineko herritarrei zuzenduta

Lezoko Udalak udalerrian zehar egokitu dituen hiru ibilbideak aurkeztu ditu: Xoxolurra Alarguntza, Olazar Lorbide eta Altamira Bordatxo. Aurkezpen prentsaurrekoan Kepa Garbizu alkatea, Mikel Arruti aurreko legealdiko Kultura eta Euskara zinegotzia, Aitor Thalamas Lezoko Osasun Zentroko zuzendaria, Lander Zurutuza eta egitasmoa garatu duten Ingurumena, Kirola eta Kultura departamentuetako teknikariak eta Osakidetzako ordezkariak izan dira. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko dirulaguntza jaso du.

Kepa Garbizu alkatea pozik eta harro agertu da komunikabideen aurrean Lezoko ibilbideak egitasmoa aurkeztera, “halako egitasmoak ez ditugu egunero eskuartean izaten”. “Udalaren helburuen artean –jarraitu du– , lezoarren bizi kalitatea hobetzea dago, eta horretarako, euren osasuna hobetzea da arlorik garrantzitsuenetariko bat. Egitasmoa haratago doa, herritarren jarduera fisikoa emendatzeaz gaiz, Lezoko ondare natural, historiko eta kulturala ezagutzera ematen baitu”.

Elkarlanean burututako egitasmoa izan da: Udaleko departamentu ezberdinen artekoa –Ingurumena, Kirola eta Kultura–; eta Eusko Jaurlaritzako Zahartze aktiboa sustatzeko programarekin bideratutakoa; eta nola ez, Udalak 2005 urtean argitaratu zuen Lezoko ibilbide pedagogikoak liburuaren egileekin –Joxe Mikel Garmendia eta Lander Zurutuza– gauzatutakoa.

Azken biak mugarriak izan dira egitasmoa bideratzeko: Zahartze aktiboa egitasmoak akuilu papera bete duelako, eta liburuak, bertan jasotzen den informazioan oinarritu delako.

Asmo handiko egitasmoa da, 25.000 euroko aurrekontua duena. Zentzu honetan, alkateak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako 5.027 euroko laguntza azpimarratu eta eskertu du.

Jaizkibel babesteko
Alkateak gogorazi duenez, Udala ahalegin berezia egiten ari dela Jaizkibel babesteko eta Lezoko landa-eremua (baserri inguruan) eta bertako natura guneak ezagutzera emateko. Ibilbideen ekimena hor kokatu du. “naturarekiko errespetuzko jarrera bultzatzea ere badelako egitasmoaren beste helburu bat”. Ondoren, gogoratu du  Jaizkibel mendiak Lezok duen natura gune garrantzitsuen adela, eta ibilbide horietako bi, hain zuzen, mendi horren magaletik doazela. Izan ere, Jaizkibelgo 140 Ha Lezon daude, eta herriak beti izan du lotura eta harreman estua natura gune horrekin”.

Arkaitz Angiozar kirol teknikariak adin guztietako pertsonei zuzendutakoak direla nabarmendu du, “bakoitzak bere erara erabiltzeko: batzuk lasai-lasai paseatzeko, korrika egiteko, bizikletan joateko, horren modak odagoen Nordic Walking-a praktikatzeko, eta abar”.

Herritarren jarrera osasuntsuak bultzatzeaz eta udalerriko ondare natural, historiko eta kulturala ezagutzeaz gain, “biztanleen arteko harremanak estutzeko baliagarria izatea” nahi dutela azpimarratu du, “familian, lagunartean, edota antolatutako irteerak egiteko aukera ematen baitu”. 

Jarraian, Lander Zurutuzak ibilbideen ezaugarriak eman ditu labur-labur. Hain zuzen,  berak eta Joxe Mikel Garmendiak idatzitako Lezoko ibilbide pedagogikoak liburua dago ibilbideen oinarrian. Liburuzainak gogorarazi du “Udal gobernuaren aspaldiko kezka eta asmoa zela liburuak jasotzen zuen material baliotsu hori herritarren eta bisitarien artean zabaltzea”.

Jarraian, ibilbideen xehetasunak eman ditu.

  • Xoxolurra Alarguntza (11 km – 3h 30min). Jaizkibeleko hegoaldeko magala zeharkatzen duen 11 km-ko mendiko ibilbidea. Oinez egiteko diseinatua, baina mendian ibiltzea ohituta daudenentzat gomendatua. Nahiz eta hasiera malkartsua izan, 2. km-tik aurrera ibilbidea erosoagoa bihurtzen da. Ikuspegi panoramiko ederrak eta garrantzia kultural eta historiko handia duten elementuak ikusi daitezke.
  • Olazar Lorbide (4,5 km – 1h 45 min). Erdi mailako mendi-ibilbidea, edonork oinez egiteko pentsatua. Ibilbidea Jaizkibelen hegoaldetik doa eta baserri ederretako auzoak zeharkatzen ditu. Nabarmentzekoak, antzinako animalientzako bideen aztarnak eta Plataiturri iturria.
  • Altamira Bordatxo (3,4 km – 1h 25min). Asfaltatutako ibilbidea, bizikletaz zein oinez egiteko prestatua. Ibilbideak Altamira zeharkatzen du eta landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da, Darietazarra eta Miura bezalako baserri garrantzitsuenak pilatzen diren lekuetan. Paseo atsegina eta gomendagarri edonorentzat.

Hiru ibilbideetan seinaleztapen bertikala jarri da, norantza edo interes-gune seinaleekin. Horretaz gain, panel informatiboak jarri dira: informazio guztia jasotzen duena Bekoerrota kiroldegian dago (ibilbideak, kirol eta osasun gomendioak, eta abar) eta beste bat Xoxolurrako sarreran informazio laburtuagoarekin. Guztira, 40 seinale bertikal eta 3 informazio panel daude hiru ibilbideetan banatuta 

Udaberrirako egitasmoa
Aurkezpen prentsaurrekoa gaur egin den arren, gizarteratze fasea udaberrian emango da. Horretarako hainbat egitasmo antolatzen ari direla aurreratu dute. “Neguko sasoi hau ez da egokiena antolatu nahi ditugun egitasmoak bideratzeko. Udaberrira atzeratzea erabaki dugu, partehartzea bermatu asmoz”.

Printzipioz, hiru hauek aurreratu dituzte: ibilbide gidatuak, herritarrei eta kanpotarrei ibilbideak aurkeztu eta ondare historiko-naturalaren berri emateko; udalerriko ikastetxeentzako tailerra, ordu eta erdi ingurukoa eta ikasleei egokitutakoa eta argazki rallya, partehartzaileen irudiekin erakusketa antolatzeko asmoarekin.

Horrez gain, ibilbideen informazioa jasotzen duten esku-orriak banatuko dira, inguruko mendi talde eta Federazio ezberdinetara mailing-a bideratuko da web gune espezializatuetan ibilbideen informazioa zabalduko da, kazetari espezializatuak gonbidatuko dira, eta abar.

Bitartean, ibilbideen informazioa www.lezo.eus web gunean edo udal eraikinetan eta eskualdeko turismo bulegoetan eskura egongo diren eskuorrietan aurki dezakezue.
 

Arloa edo saila