GBBrekin zabor bilketa sistemaren inguruan izan dituen desadostasunengatik utzi du kargua
Kepa Garbizuk joan den ostiralean aurkeztutako dimisioa berretsi du gaur arratsaldean egindako ezohiko bilkuran. Ohar labur bat irakurri du bere erabakiaren berri emateko.
“Lezoko EAJk eta EHBilduk akordioa lortu genuen gure udalerrian zabor bilketa sistema mistoa adosteko. Akordio horretan sinisten dut, gure herriko zaborrak kudeatzeko modurik egokiena delako. Alderdikeriak alde batera utzita, herriarentzat onena zelako hartu genuen erabakia. Eta horrela pentsatzen jarraitzen dut. GBB beste iritzi batekoa da; ez du begi onez ikusi akordioa, zenbait herritarrek begi onez ikusi ez duten bezala. Egoera horren aurrean nire kargua alderdiaren esku utzi eta ostiralean aurkeztutako dimisioa berresten dut”, azaldu du Kepa Garbizu alkate ohiak.
Noemi Arberas, alkate funtziotan
Kepa Garbizuk alkate kargua utzita, Noemi Arberas lehenengo alkateordea alkate funtzioak hartu ditu. Hamar eguneko epean ezohiko batzarra deitu beharko du alkate berria izendatzeko.
Ezohiko batzar horretan alderdi bakoitzak bere hautagaia aurkeztuko du –hautagaia zinegotzien artetik atera behar du– eta lehenengo bozketan zazpi boto jasotzen dituen hautagaiak aginte makila eskuratuko du. Inork zazpi boto jasoko ez balitu, azkeneko Udal Hauteskundetan boto gehien jaso zituen alderdiko hautagaia izango da alkate berria. Hau da, EAJk.