60 urtetik gorako ibiltari taldeak osatu eta ostegunero egingo dira irteerak, lehena apirilaren 14an
Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak, Aitor Thalamas Lezoko Osasun Zentroko arduradunak eta Mikel Abasolo Bidasoako Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzaileak zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatzeko garatu duten egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean. Eta bidez batez, egitasmoaren baitan dagoen Tipi Topa proiektuaren berri eman dute. Aurkezpenean, talde eragilearen parte diren Aiton Borda, Lezoko Caritas eta Gaxuxa Emakume Taldeko ordezkariak izan dira.
Lezoko Udalak, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin batera, zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatzeko helburuarekin elkarlanari ekin zion 2014 urtean. Lanerako, lau foku-talde eratu dira: 60-74 urte bitartekoekin, 74 urtetik gorako pertsonekin, zerbitzu hornitzaileekin eta zaintzaileekin (profesionalak eta familiakoak). Finean, udalerriko adinekoentzat Lezo adeitsuagoa bilakatzeko proposamenak lantzea izan da helburua, beti ere zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatuz.
Besteak beste, aire zabaleko lekuak, eraikinak, garraioa, mugikortasuna, etxebizitza, errespetua, gizarteratzea, sareak, gizarte babesa, gizarte zerbitzuak edota osasuna izan dituzte hizpide. Lan taldeak, foku-talde horietan identifikaturiko beharrak jaso eta bi urteko ekintza plana diseinatu du. Lezoko Udalak, dagoeneko abian jarri du diseinatutako ekintza plana; besteak beste, Lurraldebuseko gidarien eta banketxeetako sentsibilizaziorako eskaera gutuna prestatu da, botiken kudeaketa errazago baterako harremanak egin dira botikarien elkargoarekin, bide segurtasunari buruzko saioa antolatu da, eta abar.
Tipi Topa Lezo
Hiru erakundeek diseinatutako ekintza planaren baitan kokatzen da gaur aurkeztu dugun Tipi Topa egitasmoa. Proiektuaren helburua da adinekoen ongizate fisikoa eta mentala hobetzea eta, horretarako, ostegunero ibilaldi bat antolatuko da herrian zehar. Gerturatzen diren pertsonen ibiltzeko ohituraren baitan ibilbide ezberdinak egingo dira. Egitasmo hau, partehartze prozesu baten ondorio sortu da; bertan, aipatu hiru erakundeez gain, herriko beste eragile batzuk parte hartu dute, besteen artean, Aiton Borda, Lezoko Caritas eta Gaxuxa. Aipatutako hauek antolaketan parte hartuko dute.
Tipi Topa Lezo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren Ttipi Ttapa programan oinarritzen da. Helburu berdinak izanik, Lezora ekartzerakoan Tipiri Topa gehitu zaio izenean, ekimenak elkargune/topagune izan nahi duelako. Oso garrantzitsua da pertsonen bizi-pozarako harreman sarea mantentzea, besteekin erlazionatu ahal izatea eta ekimen honekin partaide ibiltariak topa egiteko gogoak (berdin du zein edarirekin, ura bada ere) izatea bilatzen dugu.
Lehenengo ibilaldia datorren ostegunean izango da, hilak 14. Gainontzeko guztiak bezala, hitzordua goizeko 11:00etan izango da udaletxe aurrean –amaitutakoan salda banatuko da partehartzaileen artean–. Edonork izango du bertan parte hartzeko aukera, nahiz eta 60 urtetik gorako herritarrentzat aurreikusia dagoen eta bereziki aktibitate fisikorik egiten ez dutenentzat. Parte hartzeko, hitzordura agertu baino ez dago. Bertan izena ematerik egongo da eta partehartzaileen artean hiru hileroko balioa izango duen partehartze-txartelak banatuko dira. Ostegunero partehartzaileei txartelean zigilua jarriko zaie.
Partehartze libreaz gain, Osasun Zentrotik eta Udaleko Gizarte Zerbitzutik ibiliz ariketa egitea gomendatuko da halabeharreko kasuetan, horretarako diseinatutako materiala erabilita.
Udalak jakinarazi duenez, ibilbideak seguruak dira eta ondo egokituta daude ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat. Horretaz gain, aipatutako entitateetako boluntarioen laguntza jasoko da ibilbide osoan zehar.
Tipi Topa Lezon parte hartuko duten eragile guztiek, mugitzeko ohitura edo gaitasun gutxi duten herritarrak, batez ere 60 urtetik gorakoak, animatzen dituzte egitasmo atsegin honetan parte hartzera.