2019rako Ordenantza Fiskalak igoerarik gabe onartu dira

Or, 2018-09-28 13:27

Atzoko Ohiko Osoko Bilkuran, azken urteetan bezala, Udal tasa eta zergak ez igotzea onartu zen. Aldaketa bakarra, familia ugariek Ondasun Higiezinen gaineko zergan hobaria izango dutela da

Atzo arratsaldean ospatutako Ohiko Osoko Bilkuran, EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, 2019rako ordenantza fiskalak onartu ziren. Udal gobernuak egindako proposamenak aurrera egin zuen eta udal tasa eta zerga guztiak bere horretan mantenduko dira datorren urteari begira. Era horretan, herritarren gaineko presio fiskala ahal den neurrian baretzea da Udalaren helburua, betiere, gastu eta diru sarreren oreka zainduz eta mantenduz.

Are gehiago, Udaletik familia ugariei lagundu asmoz, Ondasun Higiezinen gaineko zegan hobaria izango dute. Beraz, aipatu bezala, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (EIOZ), Jarduera Ekonomiaren gaineko Zerga (JEZ) eta Zirkulazio Zerga bere horretan mantenduko dira. Gauza bera gertatuko da uraren eta zaborren tasarekin, baita aipatu gabeko gainontzeko tasa eta zergekin ere.

Zahartze aktiboaren inguruko mozioa

Horrez gain, mozio bat ere onartu zen: “Modu aktiboan eta osasungarrian zahartzea komunitatean”. Udalak 2014tik darama zahartze aktiboa lantzen eta urte hauetan zehar, besteak beste, lan hauek egiteaz arduratu da: osasun-faktore erabakigarriei buruzko informazioa jaso eta txosten bat egin du, eta zahartze aktiboa eta osasungarria sustatuko duen plana diseinatu eta idatzi du. Gainera, lau urte hauetan honako ekintza komunitario, zerbitzu eta programa hauek antolatu dira, besteak beste; erorikoak prebenitzeko tailerrak; lapurretak eta iruzurrak prebenitzeko saio bat, kirol jarduera hobetzeko parte hartze prozesua eta Tipi-topa.

Gauzak horrela, behin mozioa onartuta, Lezoko Udaleko Hirigintza, Ongizate, Kirola eta Kultura teknikariak proiektuaren Batzordeko lanetan esku hartuko dute eta sor daitezkeen lan eta ekimenetan egongo dira. Gainera, Udalak baliabide teknikoak eta ekonomikoak inplementatuko ditu eta orain arte Lezon garatutako proiektua “Euskadi Lagunkoi” proiektuan atxikitzea bideratuko du.

Halaber, Ohiko Osoko Bilkuran, kale garbiketa zerbitzuaren kontratuko aldaketa onartu da langileen ordutegiak koadratzeko eta langile guztiak mantendu ahal izateko. Aurrekontua eta lan orduak aldatu gabe egitea lortu da. Bestalde, lokal kulturalaren lagapen hitzarmena onartu da eta, era horretan, Orratx!, Murixka eta Desfile Taldeak, apiriletik daramaten bezala, bertan jarraitu ahal izango dute beren jardunarekin. 

Arloa edo saila