Errenteria, Lezo eta Pasaiako alkateek portuagatiko zerga konpentsazio berezia eskatu dute Batzar Nagusietan

Az, 2025-12-17 18:18

2027ko urtarriletik aurrera zerga berezia martxan egoteko konpromisoa hartu du EAJko bozeramaileak.

Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako alkateek, Aizpea Otaegi, Mikel Arruti eta Teo Alberro, hurrenez hurren, interbentzioa egin dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, Pasaiako Portuaren eraginpean dauden udalerriek pairatzen dituzten afekzioen berri eman, eta neurri fiskal eta ekonomiko zehatzak eskatzeko.

Agerraldian, hiru alkateek BICE/EBOHZ (Ezaugarri Berezietako Ondasun Higiezinen Zerga) izan dute hizpide. Zerga honek, espainiar estatuko araudian jasota dagoenak, udalerrietan kokatutako ezaugarri bereziko azpiegiturek —hala nola, portuek— sortzen dituzten ondorioengatik tokiko administrazioei konpentsazio fiskala ematea du helburu, Ondasun Higiezinen Zergaren bidez. Nafarroan, Bizkaian eta Araban jada aplikatzen da, eta baita espainiar estatuan ere, baina Gipuzkoan oraindik ez dago indarrean.

Batzordean bertan jakinarazi du EAJko bozeramaileak zergaren tramitazioa jada martxan dagoela, eta aurreikuspenen arabera ekainean onartuko duela Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrek ahalbidetuko luke 2027ko urtarriletik aurrera Pasaiako badiaren inguruko udalerriek (nahiz Gipuzkoan ezaugarri berezietako azpiegiturak dituzten gainontzekoek ere) portuaren presentziagatik konpentsazio fiskala jasotzen hastea.

Hiru alkateek balorazio positiboa egin dute iragarpen horren inguruan, azpimarratuz helburu nagusia hori izan dela azken hilabeteetako interbentzio, bilera eta eskaera guztietan: Gipuzkoan ere portuek eta antzeko azpiegiturek sortzen dituzten afekzioengatik konpentsazio fiskala aitortzea.

Zerga horren aktibazioa eskatzeko, hain zuzen, bilera bana egin zuten hiru udalerrietako alkateek 2025eko maiatzean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatuarekin, eta bi hilabete geroago Diputatu Nagusiarekin. Orduan adierazi zieten foru ordezkariek gaia “lantzen” ari zirela. “Ordutik Aldundiak izandako denbora gorabehera, aldaketa ez da 2026ko aurrekontuetan jaso, eta ondorioz, datorren urtean ere ez da zerga hau aplikatuko”, mintzatu da Errenteriako alkatea. “Beraz, nahi genukeena baino beranduago, baina positiboki baloratzen dugu azkenean bidea ireki izana. 2027an aplikatzea albiste ona da, baina ezin dugu ahaztu 2026an ere udalok gure herriek dituzten gabeziei aurre egiteko baliabide gutxiagorekin jarraituko dugula”. 

Eguneroko afekzioak, bizilagunen bizkar

Ondoren, Lezoko alkate Mikel Arrutik portuak inguruko herrietan eta herritarren egunerokoan sortzen dituen eguneroko afekzioak bistarazi ditu: trafiko astuna, zarata, kutsadura eta mugikortasun trabak, besteak beste. “Badia inguruko bizilagunek egunero bizi dituzte portuaren ondorioak. Ez dira salbuespenak, eguneroko errealitatea baizik, eta ezin zaie horiei ezikusiarena egin”, adierazi du Arrutik.

Alkateak azpimarratu du portua udalerrien gainetik dagoen azpiegitura dela, baina haren ondorioak tokian tokiko bizilagunek pairatzen dituztela, eta horrek konpentsazio mekanismo justuak eskatzen dituela.

Agerraldia ixteko, Pasaiako alkate Teo Alberrok nabarmendu du “kasurik onenean 2027an aplikatuko den” BICEa beharrezkoa bada ere, ez dela nahikoa, eta badiako herriek funts ekonomiko berezi eta egonkor bat behar dutela. Gogorarazi du Pasaiako badia degradatutako eremu gisa aitortua dagoela, eta horrek administrazio guztien erantzukizuna dakarrela.

Alberroren hitzetan, funts horrek espainiar estatuaren, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren inplikazioa izan beharko luke, eta udalerriei finantziazio egonkorra eta planifikagarria eskaini, badiaren biziberritzea benetan gauzatu ahal izateko. “BICEak konpentsazio fiskala ekarriko du, baina aitortutako egoera bati erantzuteko, tresna ekonomiko propio eta iraunkorrak behar ditugu”, adierazi du.
 

Arloa edo saila