Lezoko Udalak irmoki gaitzetsi ditu gaur agertutako pintaketak

Or, 2017-06-23 15:09

Guztionak diren eremu publikoak errespetatuak izan daitezen eskatu du beste behin Udalak eta garbiketa kostuak herritar guztien poltsikotik ordaindu behar direla gogorazi du. Era berean, udal arkitektoak egindako txosten teknikoa oinarri hartuta eta herritarren segurtasuna bermatzeko eraitsi dela kioskoa jakinarazi du.

Gaur Lezoko kaleetan agertutako pintaketen harira, Udalak irmoki gaitzetsi ditu aipatu ekintzak. Ez da lehen aldia herrian pintaketak egiten dituztela eta horien garbiketa kostuak, gainera, guztion poltsikotik ordaindu behar direla nabarmendu dute. Hori dela eta Udaletik errespetua eskatu dute, errespetua eremu publikoekiko eta errespetua gainerako herritarrekiko.

Horrelako ekintzek ez dute lekurik egungo gizartean

Udaletik, berriz ere nabarmendu dute garai berriek jarrera berriak eskatzen dituztela eta beharrezkoa dela horrelako ekintzak eta jokabideak atzean uztea elkarbizitzaren aldeko urratsak emateko. Esan bezala, eremu publikoan egindako pintaketek herritar guztiengan dute eragina eta horrelako ekintzek egungo gizartean ez dute jada lekurik elkarbizitza oztopatzen dutelako.

3.321,87 euroko kostua

Era berean, jakinarazi dute azken pintaketa horien garbiketak 3.321,87 euroko kostua izango dutela,  lezoar guztien poltsikotik ordainduko beharko direnak eta hori ez dela zilegi azpimarratu dute.

Horregatik, pintaketen egileei hausnartzeko eta eremu publikoak zein gainerako herritarrak errespetatzeko eskatu diete, elkarbizitzarako errespetuak oinarrizko elementu eta baldintza izan behar duelako.

Txosten teknikoa

Pintaketen edukiei erreferentzi eginez eta gaia argitze aldera, Udaletik azpimarratu dute kioskoa segurtasun neurriak direla-eta izan dela eraitsia. Izan ere, hainbat gaztek kioskoa hartu eta berritzeko erabakia hartu zuten, Udalean eskaerarik egin gabe. Horren aurrean, eta kioskoa egoera onean ez zegoela jakinik, udal arkitektoak kioskoari buruzko txosten teknikoa egin zuen, kioskoan egokitzapen lanetan zebiltzan gazteentzat bertan aritzea arriskutsua izan zitekeelako.Txosten teknikoak dio eraikina ez zegoela egoera onean eta ez zela segurua gazteentzat bertan ibiltzea. Hori dela eta, herritarren eta bereziki gazte horien segurtasuna bermatzeko kioskora inor ez sartzeko agindua eman zen eta atzo kioskoa eraitsia izan zen.

Udaletik gehitu dute, ezer gertatu izan balitz erantzukizuna udalarena litzatekeela, eta guztiaren gainetik Udalaren ardura eta bete behar nagusia dela herritarren segurtasuna bermatzea. 

 

Arloa edo saila