Lezoko Udalak, demokratikoki aukeratutako erakunde bat erasotzea bereziki larria dela salatu du. Honelako ekintzek, egungo gizartean lekurik ez dutela eta bizikidetza oztopatzen dutela ere gehitu du.Lezoko Udalak erabat gaitzetsi du, gaur arratsaldeko lehen orduetan Udaletxeak jasandako erasoa. Udaletxeko sarreran zaborra jaurti eta pintaketak egin dituztela ikusi ondoren, erakunde demokratiko bat horrela erasotzea erabat onartezina dela adierazi du Udalak. Lezoar guztiona den erakunde bati egindako eraso honek, demokraziaren aurkakoa eta onartezina izateaz gain, euskal gizarteak bizikidetzaren alde, egunero egiten duen lana oztopatzen du.
“Larritzekoa eta kezkatzekoa da, egunez egun, bizikidetzaren eraikuntzan lanean dihardugunean, lezoar guztien etxea denak horrelako eraso bat jasatea. Azkenaldian gertatu diren erasoen testuinguru honetan, eraso hau pauso bat haratago joan dela iruditzen zaigu, erakunde demokratiko bat izan baita oraingoan erasoa jasan duena. Horrelako ekintzek ez dute ez zentzurik eta ez lekurik, edozein aldarrikapen egiteko bide demokratikoak dauzkagunean” adierazi dute udal ordezkariek.
Horregatik, guztiona den erakunde batetiko errespetua eskatu dute. Desadostasunak, guztion artean demokratikoki aukeratutako erakundeetan, era demokratikoan eztabaidatu eta ebatzi behar direla adierazi dute, horrelako erasoak alde batera utzita. Eraso hauek beldurtzea eta derrigortzea baino ez dute helburu eta lortzen duten gauza bakarra, herria kaltetzea da, lezoarren poltsikoetatik aterako baita zikindutakoa garbitzeko dirua.
Horregatik, pintaketen egileei, beren aldarrikapenak bide demokratikoetatik egiteko eta herritarren gehiengoak, demokratikoki aukeratutako ordezkarien bidez, erakunde desberdinetan hartutako erabakiak errespetatzeko eskaria egin diete.