Liburutegiko biltegian hobekuntza lanak egin ditu Udalak

Or, 2017-04-07 15:01

Bertan, udazkenean, 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioak egiten dira. Hori dela eta, Udalak, biltegia egokitu nahi izan du haurren beharrei erantzuteko eta etxeko txikienei eremu atsegin eta goxoagoa eskaintzeko.

Liburutegiko biltegian, udazkenean, 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioak egiten dira eta arrazoi horregatik, eta haurrei eremu atsegin eta gozoagoa eskaintzeko helburuarekin, Udalak hobekuntza lanak eraman ditu aurrera liburutegiko biltegian, aurrerantzean, haurren beharrei egokitutako eremua izan dadin.

“Pertsonak izanik gure ardatz nagusia eta beren beharrei erantzutea eta herritar guztien bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta eta gure konpromisoa izanda, hainbat hobekuntza lan gauzatzen ari gara, bereziki, haurren beharrei erreparatuta,; hala nola, herriko haur jolastokiak hobetu ditugu, Herri Eskolako jolastokia estaltzeko proiektua egin dugu eta liburutegiko biltegian egindako hobekuntzak ere helburu beraren baitan kokatzen ditugu, haurrei aisialdirako gune aproposak eskaintzeko” adierazi du hirigintza zinegotziak.

Azken hobekuntza lan hauei dagokienez, azaldu du, espazio arazoak direla eta, ipuin kontaketa saioak liburutegiko beheko solairuko biltegian egin izan direla, nahiz eta ez zen haurrentzat lekurik aproposena. Eremua haurrentzat eroso eta atseginagoa izan dadin, zoru berria ezarri da, paretak eta apalak panelekin apaindu dira eta argiztapena ere hobetu da. Hala ere, eremua biltegi moduan erabiltzen jarraituko bada ere, orain, haurrentzat espazio atseginago eta egokiagoa izango da.

Ipuin kontaketa saio berriak:

Udal liburutegiko arduradunak, Lander Zurutuzak, adierazi du urtean zehar ekimen ezberdinak antolatzen dituztela, besteak beste, literatur solasaldiak, OrriBakar Literatur lehiaketa eta baita ipuin kontaketa saioak ere. Ziklo honek 7 bat saio hartzen ditu bere baitan eta horiek udazkenean izan ohi dira, urri eta azaro artean. Aurtengoak oraindik zehaztu gabe daude eta beraz, data eta saio zehatzak udazkeneko kultur agendarekin batera emango dira ezagutzera.

Edozein kasutan, liburutegiko arduradunak esan du aurtengo saioetarako haurrek haiei egokitutako eremu berri batez gozatu ahal izango dutela.

 

Arloa edo saila