Osoko Bilkurak Kataluniako galdeketari babesa adierazi dio

Or, 2017-09-29 11:08

EAJ-PNV eta EH Bilduko udal ordezkariek mozio bateratu baten bitartez Kataluniako prozesua babestu dute eta Estatuko segurtasun indarren esku hartze eta operazio polizialak gaitzetsi dituzte. Horren haritik, urriaren bateko galdeketa bitarte Udaleko balkoian Kataluniako bandera jartzea onartu da. Halaber, atzoko osoko bilkuran kale garbiketa zerbitzuaren kontratazioa Osoko Bilkuraren esku utzi ordez, Gobernu Batzordearen esku uztea onartu zen.

Atzoko oso bilkuran, EAJ-PNV eta EH Bilduko udal taldeek mozio bateratua aurkeztu zuten Kataluniako galdeketari babesa adierazteko eta Estatuko segurtasun indarren operazio polizialak eta Kataluniako autonomian izandako esku hartzeak gaitzesteko, horiek Generalitateko instalazioetan arduradun legitimoen erregistro eta atxiloketak eragin baituzte. Udalbatzak modu demokratikoan aukeratuak izan diren Kataluniako 700 alkatetik gora deklaratzera deitu izana irmoki gaitzetsi du eta demokrazia praktikan jartzea ahalbidetu nahi duten alkateak inputatzea deitoratu du.  

Adostutako idatziaren bitartez Espainiako Gobernuari martxan jarritako oinarrizko eta funtsezko askatasunen errepresio-estrategia, demokraziaren oinarrizko printzipioen aurkakoa dena, bertan behera uzteko eta Kataluniako herriaren asmo demokratikoaren adierazpena ahalbidetzeko eta erabakiak errespetatzeko eskatu diote.

Udalbatzak funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa berretsi du eta elkartasuna adierazi nahi izan die Catalunya-ko herriari eta baita demokraziaren aurka Espainiako Gobernuak gidatutako errepresio politikoa pairatzen ari diren pertsona eta erakunde guztiei.

Babes eta elkartasuna adierazte aldera, urriaren bateko galdeketa egin bitartean Kataluniako bandera jarriko da Udaleko balkoian.

Onartuak izan ziren beste zenbait puntu:

Era berean, atzoko Osoko Bilkuran kale garbiketa esleitzeko prozesua azkartze aldera, zerbitzuaren kontratazioaren ardura Gobernu Batzordearen esku uztea onartu zen. Bestalde, antolaketa eta eraginkortasun arrazoiak direla eta, bi zinegotzien dedikazio eta ordainsarien gaineko aldaketa onartu zen. Udaleko zinegotzi sozialistaren lan ardurak aldatu eta handitu direnez, aurrerantzean,  honek jornadaren %30ko dedikazio partziala izango du, dagokion ordainsariarekin, eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren kasuan, %100ko dedikazioa izatetik, %70ko dedikazio partziala izatera pasako da.

 

Arloa edo saila