STOP LGTBI+FOBIA!

Or, 2024-05-17 15:07

1990.eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Ordutik, maiatzaren 17a da LGBTI+ pertsonen (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak) kontra zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.

1990. urtetik gaur arte lege desberdinak onartu dira, herritar guztien berdintasun eskubidea bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexua, generoa eta identitatea edozein direla ere. Gizarteak ere egin du bide beretik aurrera, eta sexu, genero eta identitatea askatasun osoz bizitzeko eremuak geroz eta gehiago dira.

Ez da nahikoa izan ordea. LGBTI+ pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak, izan ere, aurreiritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenak eta gorrotoak bizirik diraute oraindik. Horren erakusle dira  LGBTI+fobia salaketen gorakada; eta hau, batez ere, LGBTI+ mugimenduak egindako kontzientziazio eta salaketa lanari esker izan da.

LGBTI+fobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGBTI+ pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egitea ezinbestekoa da, sexu-, genero- eta identitate-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe askatasunez bizitzea eta adieraztea bermatzeko.

Honen guztiaren aurrean, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak garatzeko bideak ezartzea ezinbestekoa da. Puntualak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko unea da.

Bide batez, Mendekosteei hasiera emango diegun honetan, jaiak errespetuz eta berdintasunez ospatzeko eta gozatzeko deia egiten du Udalak.  

Gure bizitzek balio dutelako, STOP LGBTI+fobia!

Gora Mendekosteak!

Arloa edo saila