Formazioaren helburu nagusia parte hartzaileak berdintasunean trebatzea eta sentsibilizatzea da, euren zereginetan genero-ikuspegia txertatu eta jarduera publikoaren neutraltasun ezari aurre egiteko. Berdintasunari buruzko formazio saioak egingo dira datozen asteetan, Idoia Lekue adituaren gidaritzapean.
Ekimena III. Berdintasun Planaren markoan ulertu behar eta 1/2023 legegintzako dekretuaren 18. artikuluan jasotako mandatuari erantzuten dio.
Aipatu dekretuak Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartu zuen, eta 18. artikuluaren arabera, botere publikoek berdintasunari buruzko eta genero-ikuspegia zeharka txertatzeko derrigorrezko oinarrizko prestakuntza mailakatua eta iraunkorra eskaini behar diete beren langileei eta kargu politikoei.
Zertarako? Aipatu dekretuan jasotakoa betetzeko eta administrazio-jardueran genero-ikuspegia benetan txertatzea ahalbidetuko duen jakintza praktikoa bermatzeko.
Horretarako zenbait eduki mahaigaineratuko dira saioetan: emakumeen eta gizonen egoera diferentzialari buruzko datuak eta desberdinkeriak mantentzeko mekanismoak. Baita berdintasuna lortzeko estrategiak ere: hala nola, berdintasun plangintzak, gobernantza feministarako neurriak, ekintza positiboa eta zeharkakotasuna.
Saioen metodologia parte hartzailea izango da eta alde teorikoak eta praktikoak uztartuko dira baliabide ezberdinak erabilita. Saio komunak zein sail bakoitzarekin lotutako espezifikoak antolatu dira.
Maiatzaren 13an egin lehen saioa udal korporazioko politikariekin eta azkena, ekainaren 18an izango da, guztira 8 egingo direlarik. Aurreikusitakoaren arabera, 35 lagunek parte hartuko dute ekimenean, 21 gizon eta 14 emakume.