Lezoko Udalak bat egin du UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin. Beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko kanpaina da.
UEMAK aste honetan ekin dio Egin nirekin ere Euskaraz! kanpainari. Euskara ikasi eta jendaurrean lan egiten duten pertsonak dira kanpainaren oinarria eta haiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea du helburu.
Lezoko Udalak kanpainarekin bat egin du eta agerraldia egin du gaur Jennifer Cardenas nikaraguarrarekin. Lezon bizi da Cardenas, euskara ikasi zuen eta euskaraz aritzen da bezeroekin Lezoko Tiñelu tabernan.
Aurreiritziei aurre egin eta herritarrek lehen hitza erdaraz egitea ekiditeko asmoa du kanpainak. Udalerri askotako pertsonek jarri diote aurpegia 'Egin nirekin ere euskaraz!' ekimenarekin; jatorri ezberdin eta lehen hizkuntza ugari dituzten pertsonak dira protagonistak. Denek aldarrikatu nahi dute euskaldunak direla, euskara ikasi dutela eta euskaraz egin nahi dutela. Badakite euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute.
Kanpainaren abiapuntua Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa da. Lanketa handia egin arren, aurreiritziek indar handia dutela nabaria da, baina, horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmentzea du egitasmoak.
Ikusi hemen bideoa: