Erabiltzaileen eskaerak entzun ondoren udalak elkarlana sustatzeko helburua duela adierazi du alkateak.
Mikel Arruti alkatea, Miren Ormazabal zinegotzia eta Dami Muñoz udal teknikaria Aiton Bordako zuzendaritza-batzordearekin, bazkideekin eta erabiltzaileekin elkartu ziren atzo arratsaldean.
“Lehenik eta behin urtean zehar egiten duten lan guztia eskertu diegu, bai elkartearen barruan egiten dutena, eta jakina, baita herri bizitza indartuz, herriko kaleetan zehar egiten dutena ere. Lezoko altxorretako bat herri-bizitza dela argi dugu eta hori zaintzeko elkarte eta eragileek lan handia egiten dute” adierazi du Mikel Arrutik.
Miren Ormazabal, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren esanetan: “Aiton Bordarekin harreman zuzena izateko helburua daukagu. Era honetako bilera gehiago egingo ditugu legealdian zehar, beraien kezkak, zalantzak eta proposamenak entzutea funtsezkoa da”.
Atzoko bileran argi geratu da Aiton Bordako taberna berriz irekitzeko asmoa dagoela; horretarako, pleguak martxan jarriko ditu Lezoko Udalak. “Taberna kudeatzeko interesdunak behar dira, ea herritarrak animatzen diren”.
Bitartean, Aiton Bordako erabiltzaileek “vending makinak” jartzeko eskaera egin dute, izan ere, elkartera bertaratzen direnean edo tailerrak egiten dituztenean, edateko edo jateko aukerarik ez dute gaur egun. “Ideia ona iruditzen zaigu eta zenbait banatzaileekin hitz egingo dugu, beraien eskakizuna lehenbailehen martxan jartzeko aukerak aztertzeko” amaitu du Arrutik.