Harrera instituzionala egin diete Pasaiako udaletxean Oporrak Bakean programaren baitan Pasaiara eta Lezora uda igarotzera iritsi diren bost haur sahararrei.
Aurten atzerapen handiarekin heldu dira adingabekoak, hasiera batean ekainaren 30erako aurreikusita zegoen helduera hiru astez atzeratu baita arazo burokratikoak medio. Bien bitartean, haurrek eta zenbait harrera-familietako kidek ia hogei egun gehiago igaro behar izan dituzte Tindufeko errefuxiatu-kanpalekuetan, baldintza zail eta gogorretan.
Haurrei eta harrera familiei egindako harreran Pasaiako eta Lezoko ordezkari politikoek hartu dute parte, eta baita Bixi-Bixi elkarteak, eskualdeko programaren arduradun gisa. Ekitaldia Arizabalo jauregiaren atarian hasi da; bertan, Donibaneko herriko dantzariek agurra eskaini diete etorri berriei. Pleno aretoan egindako ekitaldi instituzionalean hainbat ordezkarik hartu dute hitza, tartean Pasaiako alkate Teo Alberrok, Lezoko zinegotzi Iker Salaberriak, harrera familietako kide batek, eta haur saharar batek (izenak?).
Gaymula, Fatma, Kanan, Tiba eta Wuabak Lezon eta Pasaian igaroko dute uda. Haur guztiak errepikatzaileak dira, alegia, aurreko urteren batean Oporrak Bakean programan parte hartutakoak, eta abuztu bukaera arte izango dira Euskal Herrian.
Oporrak bakean
Oporrak bakean programak urte luzeko ibilbidea du atzean, eta helburu du udako hilabeteetan zehar 10 eta 12 urte bitarteko saharar haur errefuxiatuak denbora baterako harreran hartzea familia euskaldunetan.
Programak alde biko eragin sakona du. Batetik, haur sahararrek haien osasun egoera nabarmen hobetzeko aukera dute, bai azterketa medikuak medio, baina baita elikadura egokiari esker, besteak beste. Errefuxiatu kanpalekuak ez diren beste errealitate bat ezagutzen dute, haien bizitokian ezinezkoak liratekeen baldintzetan.
Bestalde, familia euskaldunek saharar harriak pairatzen duen egoeraren berri zuzen-zuzenean izaten dute, eta elkartasuna oinarri duen bigarren familia bat osatzeko aukera ere ematen die programak.
Egoera politiko eta humanitarioa muturrekoa da errefuxiatuen kanpalekuetan. Nazio Batuen agentziek ekainean ohartarazi zuten desnutrizio “oso larria” pairatzen ari direla, nagusiki, haur eta emakumeak. Kanpalekuetako desnutrizio tasa %13,6ra iritsi da, 2010etik erregistratutako zifrarik altuena. Hiru haurretik batek atzerapena du hazkundean, eta ugaltzeko adinean dauden haurren %65ek eta emakumeen %69k anemia dute.
Testuinguru horretan, “elkartasunaren eta interpelazio kolektiboaren beharra sekula baino agerikoagoa” dela ziurtatu du Pasaiako alkateak. Hala mintzatu da ekitaldian: “Saharar herriaren egoera oso larria da. Premiazkoa da nazioarteko komunitatearen eta norbanakoon konpromisoa. Eta konpromiso horren erakusle zarete, hain zuzen, programa honetan parte hartzen duzuen harrera familiak, nahiz haur hauen egonaldia aberasteko edonolako ekarpena egiten duzuen bizilagun guztiak”. Alberrok pasaitarrei dei egin die harrera familia izateko baldintza eta eskakizunen berri izan eta euren aletxoa jartzera anima daitezen.
Iker Salaberriak, bestalde, honakoa adierazi du bere hitzartzean, familiei zuzenduta: “Eskerrak eman nahi dizkizuegu egiten duzuen ahaleginagatik, beherakadaren joera hartu duen dinamikari aurre egin eta beste urte batez egoera latza ekiditen baitiezue haur hauei. Saharako basamortuko udara gogorretik aterabidea eskaintzen diezue, aste batzuez elikadura eta osasuna bermatu eta gerratik euren buruak ere aldentzen dituzue. Izan ere, ez duzue soilik oinarrizko ongizatea bermatzen. Ongizate emozionala eta haur izaera gal ez dezaten bermatzen duzue”.
Pasaiako eta Lezoko Udaleko ordezkariek eskerrak eman dizkiete haurrei harrera egin dieten familiei, “konpromiso eta elkartasun eredugarria erakutsi dutelako”. Bide beretik, herritarrei dei egin diete saharar herriaren egoera ezagutzen jarraitzeko eta horren aldeko ekimenetan parte hartzeko.