Udalak sistema berria ezarri zenetik hona atzemandako beharrei erantzute aldera hobekuntzak txertatzen jarraitzen du irailean ezarritako hondakin bilketa sistema berriari. Gauzak horrela, zenbait gunetako bilketa maiztasuna areagotzeaz gain, sentsibilizazio eta informazio kanpainak ere gauzatu ditu eta orain, ekarpen gune berria ezarri du Herriondon
Irailean ezarri zen hondakinen bilketarako sistema berria udalerri osoan, aurretik, Altamirako auzoan froga pilotua egin ondoren. Aldaketaren helburu nagusia izan da herritarrei erraztasunak ematea gaikako bilketari dagokionean, horrela bilketa datuak eta emaitzak hobetzeko. Izan ere, sistema berriak herritarrei edozein egun eta momentutan hondakinak dagokien edukiontzira ateratzeko aukera eskaintzen baitie.
Sistema berria ezarri zenetik, eta betiere herritarren beharrei eta eskariei erantzuteko helburuarekin, zenbait doikuntza egin dira eta sentsibilizazio eta informazio kanpaina ere egin da gaika biltzen diren hondakinen kantitatea murrizteko eta kalitatea hobetzeko.
Halaber, zenbait guneetan bilketa maiztasuna ere areagotzea beharrezkoa zela ikusi eta Mankomunitatearekin hitz egin zen gune horietako maiztasuna areagotu zezan, sistema aldaketaz geroztik Mankomunitateari baitagokio hondakinen bilketa egitea.
Oraingoan landa eremuko bizilagunentzat ekarpen gune berria ezarri da Herriondon bertako eta inguruko herritarren erosotasunerako eta bereziki, bertako bizilagunei zerbitzua hobetzeko. Guztira, beraz, 4 ekarpen gune daude herrian: Errekalden, Gaintxurizketa Goikoan, Perrenen eta, berria, Herriondon.
Ekarpen gune bakoitzean hondakin organikoak, ontzi arinak, papera/kartoaia eta errefusa jasotzeko edukiontziak daude eta ekarpen guneetara sartzeko txartela beharrezkoa da sarraila elektronikoa dutelako.
Gauzak horrela, ekarpen gune berria erabili nahi dutenek Hondakin Bulegotik pasa beharko dute beren hondakinen txartela aktibatzera, esan bezala, aktibatu ezean ezingo dutelako sarraila elektronikoa ireki. Hondakin Bulegoa astelehenetik ostiralera zabalik dago 10:00etatik 13:30etara. Edozein zalantza argitzeko ere telefonoz deitu daiteke (943 52 15 38) edota posta elektroniko bidez harremanetan jar daitezke herritarrak hondakin teknikariarekin (hondakinak@lezo.eus).
Bestalde, Udaletik jakinarazi dute Errekaldeko ekarpen gunean hobekuntzak egingo direla, izan ere, egun oso egoeran kaskarrean baitako. Gainera, sarritan, hondakin isurketan izaten dira eta horiek saiheste aldera eta batez ere Errekaldeko auzoari zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin egingo ditu Udalak aipatu hobekuntzak.