Lezoko Udala desplazamendu jasangarriak sustatzearen alde ari da lanean, eta larunbatean Oarsoaldean gauzatzen diren partiduetara oinez, bizikletaz, garraio publiko bidez, etab. joatea bultzatu nahi du.
Lezoko Udalak urteak daramatza lanean Lezo herri atsegina eta lagunkoia izan dadin. Lehenik eta behin, oinezkoentzako espazioak berreskuratzeari ekin zitzaion, ondoren, herriko txoko guztiak lezoar guztientzako irisgarriak egiteko beharrezkoak ziren lanak gauzatu ziren. Eta egungo helburua da lezoarrek eguneroko bizitza modu aktiboagoan bizitzea eta beren bizi-ohiturek ingurukoen ongizatean eragin dezaten lortzea.
Helburu estrategikoa honen baitan hainbat lan ildo bultzatu dira, baina aurrera begira bereziki mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin nahi da, hau da, ahalik eta joan-etorri gehien jasangarriak izatea lortu nahi da.
Hori dela eta, Udala, oinezkoentzako bide, bidegorri, garraio publiko etab. hobetzeko lana egiten ari da eta besteak beste, bizikletaren erabilera sustatzeko mahaia ere deituko da; eztabaida ezina delako gure osasunean eta ingurugiroan zein onura eragiten dituen motorrik gabe desplazamenduak egiteak.
Urte batzuk badira, Udala Lezoko eta eskualdeko ikastetxeekin mugikortasun jasangarria lantzen hasi zela, larunbatetan partidetara haur eta gurasoak oinez edo bizikletan joan zitezen sustatzeko eta denboran oinez zein bizikletaz joaten direnen pertsonen kopuruek gora egitea lortu da.
Eskola kiroleko programa Oarsoaldea mailan antolatzen da eta eskola-umeen jardunaldi eta partidak larunbatero goizez lau herrietako instalazioetan antolatzen dira.
2013. urtean egin zen lehen ikerketa batean, datuek argi uzten zuten desplazamendu gehienak kotxez egiten zirela eta gainera gehienetan kotxe horietan haur bakarra joaten zela. Desplazamendu mota hori gutxitzea eta beste desplazamendu motengatik (oinez, bizikletaz, garraio publikoan edo kotxe berean bidaiatu) ordezkatzea ezarri zen helburu nagusi gisa.
Egun, eskola kiroleko antolakuntzan parte hartzen duten kide guztien elkarlanari esker desplazamendu jasangarrien kopuruak gora egitea lortu da poliki-poliki eta jada ohikoa da eguraldi ona egiten duen egunetan haur taldeak bidegorri sarean ikustea begirale edo gurasoak lagunduta. Egia esan, familian edo lagun artean egiteko plan ezin-hobea da: bizikletan paseoa, partida eta buelta etxera bizikletan berriro ere. Geroz eta gehiago dira ekimen honekin bat egiten duten talde eta ikastetxeak eta esan bezala, gora egin du desplazamendu jasangarriak egiten dituzten haur, guraso eta begiraleek kopuruak.
Ikasturte bateko larunbatetan 20.000 desplazamendu inguru egiten dira eta azken urteetan, horietako %46 desplazamendu jasangarriak izatea lortu da. 2016/17 ikasturtean jasotako datuen arabera, badirudi desplazamenduen %46a jasangarria izango dela, eta agina, denon aleginak medio, portzentaje hori gainditzea ere lortuko da.
Hori dela eta, Lezoko Udalak, eskola kirolean parte hartzen duten eskola-ume, guraso eta eragile guztiak animatzen ditu ekimen honekin bat egitera eta ahal duten guztietan kotxea geldirik uztera. Gure herriak, inguruneak eta gure osasunak eskertuko dute.