Kartela zein izango den erabakita, orain, testu laburrak aurkezteko epea zabaldu da. Ekainaren 6tik irailaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dira antzerki testu laburrak, eta epaimahaiak joan den urteko lan kopurua, 16 lan guztira, gainditzea espero du.
Lehiaketara aurkeztu diren proposamen guztien artetik, Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketarako Kartel irabazlea, Francisco Javier Irigaray gasteiztarrarena izan da. Epaimahaia osatu duten Aintzane Intxaurraga Antzerki zuzendariak (HIKA Teatroa) Miriam Sánchez diseinatzaile grafiko errenteriarrak eta Xanti Val, Lezoko kultura teknikariak hartutako erabakian aipatzen denez, “proposamenak ederki biltzen du iragarri behar duen lehiaketaren sena. Batetik, arkatzaren erabileragatik eta, bestetik, arkatzaren beraren tamaiarekin jokatzeagatik”.
Prentsaurrekoan, aipatutako epaimahaikideez gain, Nagore Martínez HIKA Teatroko kidea eta Aitzol Saizar Lezoko Kultura Zinegotzia izan dira. Azken honek, udaleko ordezkari gisa, Lezok antzerkiarekiko eta kulturaren aldeko apustua egiten jarraituko duela adierazi du: “Lehen urtean martxan jarri genuen lehiaketari jarraipena eman nahi izan diogu. Lezo, Euskal Herriko Arte Eszenikoen testuinguruan erreferente bihurtu nahi dugu eta, bide batez, idazle gazteak antzerkia idaztera bultzatu. Aurten, gainera, lehiaketaren kartela egiteko lehiaketa ere antolatu dugu eta horrekin, diseinatzaile grafikoei ere aukera eman nahi izan diegu”.
Kartel irabazleari eta bere egileari dagokionez, Kultura zinegotziak zera azpimarratu nahi izan du: “Sarituarekin harremanetan jarri ginen lehen momentutik diru saria Fundazio batera bideratzea eskatu zigun, bera kide den Vicente Ferrer Fundaziora”.
Antzerki lanen lehiaketa
Irudia erabakita, beraz, testu laburren lehiaketaren II. edizioa ofizialki abiatu da. Gaurtik aurrera, ekainak 6, eta irailaren 6ra arte lanak aurkezteko epea ireki baita. Aintzane Intxaurragak aipatu duenez, “iazkoaren antzekotasun handiak izango ditu aurtengoak ere”.
Aurkeztuko diren lan guztien artetik sei hautatuko dituzte: “Testuen luzera gutxienez hamar minutuko piezak egiteko baliagarri izan behar da, 15 minutuko mugarekin, eta derrigorrez, bi pertsonaia agertu beharko dira. Azkenik, Lezo modu zuzenean edo zeharka beti agertuko da. Komedia, tragikomedia, eta absurdoaren alorreko izaera izan beharko dute testuek.
Antolatzaileen esanetan, helburua, joan den urteko lan kopurua gainditzea da.