Udal gobernu taldeak Lezoko Udalaren egoera ekonomikoa laburrean azaltzeko eta egungo egoera birbideratzeko proposatuko dituen aldaketak edo pausuak ezagutarazi ditu.
Udal gobernu taldeak ideia nagusiak edo giltzarriak azaldu ditu gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez, “gai korapilatsu samarra da eta erpin asko ditu, askotan herritarroi urruti gelditzen zaigun edo urruti sentitzen dugun arloa da baina ezinbestekoa da ahalik eta informazio gehien denontzat eskuragarri jartzea”. Horregatik, informazioa ahalik eta modu errazenean azaldu dute, herritarrekiko eta gardentasunarekiko konpromisoa adierazteko.
Udal Gobernu Taldearen azken hilabeteetako lehentasunetako bat Lezoko Udalaren egoera ekonomikoa aztertzea izan da. Izan ere, egungo egoera ekonomikoak hainbat kezka sorrarazi dizkio udal gobernu taldeari inbertsioei eta bestelako gastuei aurre egiteko garaian.
Horiei aurre egiteko topatutako zailtasunak nola kudeatu jakin ahal izateko, bai eta egoera ekonomikoa ahalik eta ondoen ezagutzeko, Betean aholkularitza zerbitzuari diagnostiko bat egin zezan eskatu zion. Azterketa honek hasieratik udal gobernu taldeak zituen zalantzak argitu eta kezkak berretsi ditu.
Azken urteetan Lezoko Udalaren ekonomiaren kudeaketak izan duen bilakaera aldatu ezean, blokeo egoerara iris daiteke, txostenak jasotzen duen moduan: “joera horri eutsiz gero, 2026ko ekitaldirako emaitza operatiboa negatiboa izango dela kalkulatzen da, eta udalaren finantza-jasangarritasuna arriskuan jarriko du epe ertainean”.
Blokeo egoerak esan nahi duena da udalak oinarrizko gastuak bakarrik estaltzeko ahalmena izatea, adibidez, pertsonal gastuak eta oinarrizko zerbitzuak, baina egitasmo berriei ekiteko edo inbertsioetarako baliabiderik ez izatea.
Baieztapen hori egiteko, Betean aholkularitza zerbitzuak 2020-2024 tarteko datu ekonomikoak aztertu ditu. Azterketa horren datu esanguratsuenen artean Lezoko Udalaren diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea nabarmendu dute.
- Diru-sarrerak 9.391.215€-koak izan ziren 2020an eta 10.686.832€-koak 2024an. Hau da, urte horietan zehar Lezoko Udalak izan dituen diru-sarrerak %13,8 soilik igo dira.
- Gastuak 9.119.008€-koak izan ziren 2020an eta 10.826.666€-koak izan ziren 2024an. Hau da, lau urtetan Lezoko Udalaren gastuak %18,8 igo dira.
Datuek igartzen duten moduan, diru-sarrerak eta gastuak ez dira proportzio berean hazi, gastuen hazkundea nabarmen handiagoa izan baita. Gainera, nagusiki, egiturazkoak edo arruntak diren gastu eta sarreretan gertatu da bilakaera hori. Horrela, 2020an 1.532.604 €-koa zen gastu eta sarrera arrunten arteko aldea, eta 2024ean 704.283 €-koa. Hori oinarri hartuta, Beteanen ondorioa argia da: egiturazko desoreka sortzen ari da, eta zuzenketa-neurrien premiazko beharrizana du udalak.
Iker Salaberria zinegotziak azpimarratu duenez, “oraindik garaiz gaude neurriak hartzeko, baina epe motzean hartu behar dira neurri batzuk, arduraz jokatu ezean udalaren finantza-jasangarritasuna jokoan egon daiteke eta”. Egungo egoera ez dela bat-batean iritsi nabarmendu du: “azken urteetako kudeaketaren bilakaeraren ondorioa da egun dugun egoera”. Aldagai eta inguruabar askok eragiten dute, baina datuen arabera, bi aldagai garbi eta nagusi nabarmendu ditu:
- Alde batetik, aurreko legegintzalditan zerga eta tasak izozteko, eta kasu batzuetan jaisteko, joerak zerga horien sarreretan beheranzko joera egotea suposatu du. Aurretik aipatu den moduan, Lezoko Udalaren diru-sarrera nagusiak dira zergak eta tasak. Horri gehitu behar zaio, gainera, 2015-2023 urte bitartean KPIaren igoera %19,5ekoa izan dela. Kontuan hartzekoa da Eustateko azkeneko datuen arabera (2022koa da azkeneko datu eguneratua), 2015etik 2022ra lezoarren errenta batez beste %25,8 hazi zela. Hori horrela izan arren, ez da prezioen garestitzeari ere aurre egiteko neurririk hartu eta horrek eragin zuzena izan du.
- Bestalde, epealdi horretan, pertsonal gastuan eragin nabarmena izan zuten zenbait erabaki hartu ziren. Besteak beste:
- 2015etik aurrera, produktibitate kontzeptu gisa, langile guztiei soldata osagarria ordaintzea erabaki zen, produktibitatea neurtzeko aurrez adostutako sistemarik ez eduki arren. Neurri hori indarrean egon zen urteetan (2015-2023), batez beste, 79.000€ inguru suposatu zituen urtean.
- 2019 eta 2021 urteen artean bi erabaki esanguratsu hartu ziren, batetik, zenbait langileri soldata osagarriak ezartzea eta, bestetik, langile guztien soldata mailak igotzea. Erabaki horiek, urte horietan 740.000 € inguruko gastu metatua suposatu zuten.
Legegintzaldi hasieratik gaur egunera bitartean gastuak murriztu eta sarrerak handitzeko bidean hainbat erabaki hartu ditu Lezoko udal gobernuak. Besteak beste:
- Zerga ordenantzetan 2024an KPIari zegokion %2,5eko igoera ezarri zuen, eta 2025ean, KPIaren azpitik, %1,5ekoa.
- Hodakinen bilketaren tasak. Europatik ezartzen den betekizunari erantzuteko %5eko igoera 2024ean eta %50ekoa 2025ean. Apirilaz geroztik, 5.000 biztanletik gorako udalerriek ere 7/2022 legea bete behar dute. Lege honek ezartzen du hondakin bilketaren zerbitzua ezin dela defizitarioa izan.
- Produktibitatearen osagarria kentzea. Horrela, lehen aipatu moduan, 79.000€ inguruko gastua egitea ekidin du.
Hala eta guztiz ere, hartutako erabakiak ez dira nahikoak izan gastuen igoerei aurre egiteko. Izan ere, pertsonal gastuak 900.000€ inguru igo dira azken bost urtean, oinarrizko zerbitzuak (garbiketa, energia, mantenua, ura, hondakinak) ia 600.000€, eta transferentziak (Oarsoaldea, kiroldegiaren kudeaketa eta Gizarte Zerbitzuetako diru-laguntzak) 300.000€.
Beraz, egoera honen aurrean erabakiak hartu eta proposamenak egitea dagokio udal gobernu taldeari. Egungo joera gelditu eta egoera ekonomikoa birbideratzeko oinarrizko plan bat osatu eta berehalako neurri batzuk hartzea beharrezkotzat dute. Horregatik 2 urteko oinarrizko ekintza plana osatuko dutela iragarri du Arrutik.
Hauek dira udal gobernu taldean plan horretarako proposatzen dituen neurriak eta urratsak:
- 2026ko zerga ordenantzetan KPI + 2 puntuko (guztira %5) igoera egitea, zerga eta tasetatik sarrera gehigarriak eskuratzeko. Egindako kalkuluen arabera, horrek 150.000€ inguruko sarrera gehigarriak ekarriko dizkio udalari. Igoera horrek, lezoarrei, gutxi gorabehera etxe bakoitzeko 34-45€-ko igoera suposatuko liokela estimatu dute. 2027an, ere KPIz gaindiko igoera aurreikusi dute, hau da, KPI + punturen bat igotzea.
- Argi dute ezin dela lezoarren bizkar utzi konponbiderako neurrien pisua, eta udalean ere neurriak hartzea dagokiela azpimarratu du alkateak. 2026ra begira, udal langileen soldatak izoztea aurreikusi dute.
- Bide beretik, udalean gertatu diren erretiroak eta langile aldaketak baliatuz, soldata handieneko lanpostuetan ezarriak zituzten soldata osagarriak kentzeko eta euren soldata maila apaltzeko erabakiak hartu dituzte. Honek 36.000€ baino gehiago suposatzen zuen, eta horrela gastu osagarri horiek ekidin dira.
- Horrekin batera, ondorengo bi urteotan udal zerbitzuen berrazterketa egin, eta horietan zerbitzuen eta baliabideen optimizazioa bilatuz, aurrezteko aukerak ere landuko dituzte.
- Hori guztia ordenatzeko, 2026-2027 urteetarako plan ekonomiko-finantzarioa egitea aurreikusi dute.
Hori izango da Lezoko udal gobernu taldeak udalbatzara eramango duen proposamena.
Betean aholkularitza zerbitzuak egin duen txostena ikusgarri dago beheko eranskinean.