1999.eko Azaroaren 27ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 1999ko azaroaren 27an, 12:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza, Nekane Artola Labordeta, Xabier Alegria Loinaz, Imanol Esnaola Arbiza, Juli Del Sol Bermejo, Kepa Garbizu Azkue, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin, Ainhoa Villanua Ayuela, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Gurutze Sein Cordero.

    Arrazoi justifikatua dela medio, ez dira etorri bilkurara: Inmaculada Muñoz Martínez eta Jesus Mª Martiarena Jaka.

    Bertan izan eta egintzaren fede eman du udal idazkariak, Xabier Loiola Aristik.

    Interpretari lanetan Patxi Apalategi Mendizabal aritu da.

    1.- Udalbiltzaren sorkuntza eta helburuekiko atxikipen-mozio politikoa, E.H., E.A.J. eta E.A. udal talde politikoek aurkeztua.

    Alkateak hartu du hitza eta E.H., E.A.J. eta E.A. talde politikoek proposatutako mozioa aurkeztu du. Mozioak honela dio hitzez hitz:

    “Euskal Herriko 21 alkatek deiturik, 660 alkate eta zinegotzi bildu ziren Iruñan, iragan otsailaren 6ean. Deialdiaren helburu eta bileraren xedea argi eta garbi agertzen ziren han bertan egindako aldarrikapenean: “Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkate eta zinegotziak Iruñan elkartu gara gaur, erabat demokratikoa den ekitaldi bat burutzeko. Gure ordezkaritza eta lan-esparrutik, hau da, marko juridiko-politiko ezberdinetatik abiaturik sei herrialdeetako euskaldunen harremanak legitimoki bultzatu nahi ditugu. Hori dela eta, Euskal Herriko udal hautetsiok udal izaeran oinarritutako euskal instituzio nazionala eraikitzeko nahia adierazten dugu.”

    Jarraian, sortu asmo zen erakunde nazionalaren helburu eta egitekoak izendatzen zituen Iruñan irakurritako agiriak:

    1.- Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea.

    2.- Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzeari laguntza ematea. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta partehartze askean oinarriturik.

    3.-Erakunde iraunkorra izateko asmoarekin jaio, borondateak pilatu eta batzeko sortua da eta ez du, ordea, beste erakunde batean bihurtzeko asmorik. Euskal Herriko antolakuntza instituzional zein politikoaren azterketa eta eztabaida aztertzeko.

    4.-Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzeko. Euskal Herriari buruzko diagnostiko oinarrizkoa egingo da lehendabizi; geroago, nazio eraikuntzaren arazo eta erronka erkideei modu bateratu batean aurre egiteko.

    5.-Euskal Herria nazio berezkoa eta ezberdindua dela nazioartean aldarrikatzea eta Nazio gisa jardun nahi duela Europako geroko egituraketan.

    Aho batez onartua izan zen Iruñan udal izaeran oinarritutako erakunde nazionala sortzeko proposamena; alegia, arestian zehaztutako 5 helburu horiek aurrera eramaten ahaleginduko den erakundea. Asmo hori ahalbideratzeko, gisa horretako erakunde baten prestaketa lanak burutzeko, 10 Kideko Batzorde bat aukeratu zen, aldi berean Iruñako bilkuran.

    Beraz, han onartutako asmo politikoa, hau da, erakunde nazionala sortzeko mandatu eman zitzaion Batzorde iraunkorrari.

    Ekaineko Udal hauteskundeen ondorengo aldaketak bideratu zirenean eta Iruñan aho batez hautatutako Batzordeak bere prestaketa lanak burutu zituenean, egin zuen bere deia, irailaren 18an biltzartzeko.

    Deialdiari erantzunez, 1.800 alkate eta zinegotzi inguru bildu ziren Bilboko Euskalduna Jauregian, arartean asmo bat baizik ez zen erakunde nazionala sortzeko. Lau izan ziren han hartutako erabakiak, banan banan bozkatuak. Gehiengo mardul eta zabal baten baiezkoa jaso zuten ondorengo erabakiek:

    1.-Udal oinarria duen erakunde nazionala sortzen da.

    2.-Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra da bere izen osoa, bainan erabilgarriago izan dadin eta nahasketak ekiditeko, UDALBILTZA bezala ezagutu, erabili eta aldarrikatuko da.

    3.-Bost lantalde sortzea erabakitzen da.

    3.1. Euskal Herriaren naziotasuna garatuko duen taldea.

    3.2. Euskal Herriaren oinarrizko diagnostikoa egingo duen taldea.

    3.3. Euskal Herria nazio bat dela nazioartean isladateko lantaldea.

    3.4. Euskal Herriaren barne egituraketa instituzionala aztertu eta eztabaidatuko duen taldea.

    3.5 Erakundearen beraren barne antolamendu eta funtzionamenduaz arduratuko den lan taldea.

    4.-Batzorde iraunkor berriko 15 kide izendatu eta onartzen dira batzarrean.

    Aurreko 4 proposamen horiek Biltzarraren erabaki bihurtu eta gero, beraz, erakunde berria sortu ondoren, adierazpen politiko baten bidez eman zion hasiera batzorde berriak bere ibilbideari:

    “Iruñan aitortutako borondate politikoari jarraiki, lehen euskal erakunde nazionala sortu dugu, UDALBILTZA jaio da. Udalbiltzak Euskal Herriaren lurraldetasuna adierazten du, Udalbiltzak nazio moduan aritzeko aukera eskeintzen digu eta Udalbiltzak nazio bezala munduaren aurrean agertzeko era ematen digu”.

    Lehendabizi oinarrizko diagnostikoari eta lantaldeak osatzeari ekingo zaio. Beste erakunde, elkarte eta egile ekonomiko-sozialekin, elkar lanean arituko da, ateak zabalik dituela, borondatezko partehartzea eta auzolan giroan.

    Eta horrela jarraitzen zuen Euskalduna jauregiko aldarrikapenak: “Euskal udal-hautetsiak gara eta euskal nazioa aitortzen dugu. Euskal herritarrei eta udal ordezkari guztiei luzatzen diegu gure gonbidapena, Euskal Herriaren une historiko honetan parte har dezaten”.

    Udal hautetsiek eta Udalek osatzen dugu UDALBILTZA. Udal hautetsiek eta Udalek babestu, indartu eta garatu behar dugu Udalbiltza, gure erakunde nazionala.

    Udalbiltza bezalako erakundeak behar ditu Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoak, auzolanean, borondatez eta denen partehartzez osatua eta egituratua, inongo inposaketa eta zatiketarik gabe.

    Euskal Herriko Udalen arteko harremanak sakontzeko, senidekidetzan lan egiteko eta Euskal Herri osoaren alde aritzeko sortu da Udalbiltza.

    Hau guztia kontutan izanik, Euskal Herritarrok, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Eusko Alkartasuna udal taldeek Udalbatzarrari ondorengo erabaki hauek hartzea proposatzen diote:

    • Udalbiltzaren helburuak, egitasmoak eta izatea bere egiten ditu Lezoko Udalak.
    • Bertako kide izateko borondatea adierazten du bidebatez.
    • Udal erabaki honen berri Udalbiltzari emango zaio.
    • Komunikabideen bitartekoz herritarrei jakinaraziko zaie.”


    Adierazpenen txanda irekirik, Euskal Sozialisten bozeramaileak, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinek, bere taldearen ezezko botoa iragarri du zeren, haien iritzirako, legitimoa ez den eta ordezkotzarik ez duen erakunde bat sortu nahi baita. Ez da legitimoa lortu nahi dituen helburuak udalen eskumenekoak ez direlako eta ez du ordezkotzarik bere barnean euskal udalen erdian biltzen ez dituen erakunde bat delako.

    Iñake Urrestarazuk, E.A. taldeko zinegotziak, esan du, gaur egun hau bera osatzen dutenak ordezkatzen dituela erakundeak eta bere taldea saiatuko dela erakundeko partaideak gero eta gehiago izan daitezen.

    Pello Garbizuk, EAJ taldeko zinegotziak, euskaldunek beraiek nahi dutenekin biltzeko duten eskubidea defendatu du eta, esan du, gauza naturala dela familia biltzea. Haren iritzirako, udalak mankomunitate, partzuergo eta federaziotan biltzen diren bezala, era berean bil daitezke erakunde honetara.

    Imanol Esnaolak, EH taldearen ordezkari gisa, zoriondu egin du Lezoko herria zeren, haren iritziz, harro eta osasuntsu sartuko baita 2000. urtean, eta aski indar baitu azken 500 urteotan kanpotiko gaitzak sortu dituen eta sortzen dituen arazoei aurre egiteko. Adibide gisa prosa espainiarreko zenbait autoreren aipuak irakurri ditu, euskararekio eta euskaldunekiko haien erdeinuzko iritziak azalduz.

    Xabier Alegriak, EH taldeko zinegotziak, erantzun dio Mikel Antxon Arrizabalagari, erakundearen ordezkotza faltari buruz hark egindako aipamenari dagokionez. Hortan galdetu dio ea euskal herriaren zenbateko gehiengoarekin baietsirik dauden trantsizioa, monarkia, Goardia Zibila, amejoramendua. Galdetu dio ea haren taldea prest dagoen euskaldunen erabakia errespetatzeko eta, gogorarazi dio, eskubideak ez direla desagertzen gehiengoen poderioz.

    Bozketa eginik, mozioaren aldeko bederatzi boto eman dira (alkatea eta E.H., E.A.J. eta E.A. alderdietako zinegotziak) eta bi kontra (P.S.E.) Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin eta Ainhoa Villanua Ayuelak emanak.

    Alkateak esan du ohore izan duela akordio hau hartu izana, baina bere iritziz horren meritua udalean lan egin duten abertzale guztiei dagokie eta haiei eskaini die akordio hau. Meliton Garmendiaren aipamen berezia egin du, bere seme presoa bisitatzera joana denez bilkura honetara etortzerik izan ez duelako. Bukatzeko, bertan diren guztiak gonbidatu ditu udaletxeko arkupean dantzariak ikustera eta emango den lunchera.

    Aktaren amaiera.

    Eta beste aztergairik ez dagoenez, 12:35 orduetan lehendakaritzat amaitutzat eman du batzarraldia, Idazkaria naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna