Salbuespen gisa aldaketak proposatu ditu ibilgailuen zergan, EIOZ-en, hilerriko tasetan eta kiroldegiko dutxen prezioan.
Oposizioko taldeei ordenantza fiskalen inguruko proposamena aurkeztu ondoren, udal gobernu taldeak proposamenaren berri eman nahi die, orain, herritar guztiei. Gauzak horrela, datorren urtera begira udal tasa eta zerga gehienak izoztea da udal gobernuaren nahia, gobernuak betidanik helburu izan duelako herritarren gaineko presio fiskala baretzen saiatzea, betiere, gastu eta diru sarreren arteko oreka mantenduz eta bermatuz.
Horrenbestez, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) edota Jarduera Ekonomiaren gaineko Zerga (JEZ) bere horretan mantenduko dira. Gauza bera gertatuko da uraren eta zaborren tasarekin, udal gobernuaren ordenantza fiskalen gaineko proposamena ostegun honetan egingo den ohiko batzordean onartzen bada, noski.
Edozein kasutan, gastu eta diru sarreren atalak aztertuta, udal gobernu taldeak hainbat salbuespen edo aldaketa proposatzen ditu aipatu bien arteko oreka mantentzeko. Horiek horrela, ibilgailuen gaineko zerga %1.5 igotzea proposatzen du (gutxi gora behera euro bat urteko). Izan ere, 2015-2019 bitartean, aipatu zerga izoztuta egon zen eta esan bezala, zerga horren gastu eta diru sarreren arteko oreka hori bermatu eta mantentze aldera, datorren urtera begira igoera apal hori aplikatzea proposatu du.
Bestalde, gobernu taldeak EIOZ (Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga) egokitzea ere proposatu du. Horren arabera eta udal teknikariek egindako proposamenari jarraiki, erreforma mota ezberdinen kostu eta gastuen inguruko azterketa sakon bat egin ostean, erabateko eraberritzeetarako eta eraberritze partzialetarako oinarrizko balio batzuk ezarriko ditu Udalak eta lizentzia ematerako orduan, aipatu zerga balio horien arabera ordaindu beharko da. Modu horretara, gobernu taldearen helburua da kudeaketa eta jarraipen zorrotzagoa egitea alor honetan.
Era berean, 2020ra begira, hilerriko tasak egokitzea ere proposatu du gobernu taldeak. Izan ere, gaur egun, lezoarrei mesede egite aldera, hilerriko zerbitzuaren prezioak oso baxuak dira; zerbitzuaren erabiltzaile gehiengoek, ordea, aseguru etxe baten bitartez erabiltzen dute aipatu zerbitzua eta horrenbestez, aseguru etxea da eta ez herritarra hilerriko prezio baxuen onuraduna. Horrenbestez, gobernu taldearen proposamena da aurrerantzean zerbitzuaren balio erreala aplikatzea eta asegururik ez dutenei edota behar duten herritarrei laguntzak eskaintzea Gizarte Zerbitzuetatik.
Amaitzeko, bazkide ez direnentzat kiroldegiko dutxen prezioa igotzea proposatu du udal gobernuak, gastuen eta diru sarreren oreka mantentzeko, zerbitzu horren gastua gaur egun duen kostea baino altuagoa baita.